Kanpora zein barrura begira egindako iraultza

Landa eremuetako andrazko batzuek eguzki energia baliatzen nola ikasten duten kontatzen du 'Bring The Sun Home' dokumentalak

Giovanni Pellegrini filmaren zuzendaria, atzo Donostia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haien komunitateetan eguzkiaren energia behar bezala balia dezaten, ia-ia analfabetoak diren mundu osoko landa eremu txiroetako emakumezkoei eguzki xaflak nola eraiki erakustea da Barefoot College deituriko boluntarioen elkartearen egitekoetako bat. Sei hilabeteko ikastaroa ematen zaie Tilonian (India), elkartearen egoitzan, eta ondoren andrazkoei dagokie ikasitakoa aplikatzea. Esperientzia horri buruzkoa da Chiara Andrich eta Giovanni Pellegrini italiarrek zuzendutako Bring The Sun Home dokumentala. Kontatzen du, batetik, Maura eta Rosa salvadortarrek jasotzen duten urte erdiko instrukzio zailtasunez bezala bizipozez betea; eta bestetik, behin etxera, Peruko altiplano latzera, itzulita, Jeni eta Paula peruarrek nola eramaten duten praktikara ikasitakoa. Donostiako XIII. Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatuko dute pelikula, gaur (22:30).

35 urtetik gorako andrazko(ama, eta, zenbait kasutan, amona ere direnak) horiek Indian ikasitakoak komunitatearen bizimodua irauliko du neurri batean. Dena den, iraultza hori barnera begirakoa ere bada. «Ikusi dugu nola areagotzen zen emakumezko horien konfiantza, komunitatean beste rol bat, garrantzitsuagoa, jokatzen ari direla konturatu ahala», azaldu zuen Pellegrinik, atzo Donostian.

Energia berriztagarrien Italiako multinazional batek egindakoenkargua da Andrich eta Pellegrinik ondutakoa, eta tonu positiboa eman nahi izan diote —hogeina egun igaro zituzten Indian eta Perun—. «Pentsatzen dugu modu horretan errazagoa dela jendearengana iristea. Eredu horrekjendea mugitzera bultza dezake».

Itxaropena, aurrera begira

Eta ikusten dira ikasten ari direnen irribarreak, esker oneko keinuak —ia ezin dute elkar ulertu, bakoitza munduaren punta batekoa delako eta erdi-analfabetoak direlako—, eta baita esperientziaren onurez gozatzeko aukera daukaten peruarren harridura eta poza ere. «Niretzat, harrigarrena eta politena izan zen mutil bat liluratuta ikustea esku-argiaren argiarekin». Bada beste momentu adierazgarri bat. Neskato bat ageri da, ilunetan, argi horri esker liburu bat irakurtzen. «Horrek itxaropena sortzen du etorkizunera begira».

Eguzki xaflen erabilera egokiari esker, lehen gasolinan eta kandelatan gastatzen zutenaren erdia gastatzen dute orain urte batean. «Prezio sinboliko batean erosten dituzte horiek», nabarmendu zuen filmaren zuzendariak. Baina «erantzukizunez» jokatu beharra daukate erabiltzaileek. Pellegriniren esanetan, izan dira, ordea, eguzki energiaren erabileran titulua lortu eta horren etekina komunitatean bilatu beharrean hirian bilatu dutenen kasuak.

Hasieran, orain ia 40 urte, emakumezko eta gizonezko gazteei eskaintzen zitzaien ikastaroa. «Baina elkarbizitzan-eta, arazoak egoten zirela diote Barefoot Collegekoak». Horregatik, adin batetik aurrerako emakumezkoentzat bideratu behar izan dituzte. «Kontuan hartu behar da, gainera, jada adin bateko emakumeekiko beste errespetu bat sentitzen dela gisa horretako komunitateetan».

Giza Eskubideen Zinemaldiak, Europako gisa bereko zenbait jaialdik eta Donostia 2016k hurrengo urtean zenbait ekitaldi elkarrekin antolatuko dituztela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.