Atahualpa Yupanquiren, Lluis Llachen, Violeta Parraren, Jacques Brelen, Edith Piafen, Charles Aznavourren, Georges Moustakiren, Mercedes Sosaren eta soka horrek lotu ditzakeen gisako beste hainbat izenen ondora bildu du denborak Georges Brassensena (Sete, Okzitania, 1921-Saint-Gely-du-Fesc, Okzitania, 1981); lirismoaren eta protesta kantuaren protagonisten artera. Chanson française-aren ikur nabarmenetakoa izan zen kantaria, nabarmenena ez bada, baina, hortik harago, musikaren eremua gainditu zuen erreferentetzat daukate askok, hitzarekin eta ezkerreko pentsamenduarekin erakutsi zuen engaiamendua tarteko. Egoera historikoak markatutako giro hotzean ordura arte ezohikoa zen ausardiaz kantatu zien botereari, burgesiari, Poliziari, sexuari, gizakiaren askatasunari. Melodia soil eta dotoreekin erdietsi zuen fama, baina ez zuen inoiz maite izan. «Arrakasta beti da gaizki-ulertu bat», adierazi zuen behinola. Milatik gora dira egun, ordea, Frantzian haren izena daramaten eskolak, kaleak, plazak; beste horrenbeste, diziplina edozein delarik ere, haren eragina aitortzen segitzen duten artistak. Biziko balitz, 100 urte beteko lituzke bihar Brassensek.
Erlijio katolikoaren jarraitzailea zuen ama, eta antiklerikal sutsua aita, baina biek kutsatu zioten kanturako gogoa. Eskolako notak hobetzen bazituen kontserbatorioan sartzeko modua egingo zutela esan omen zion amak, baina hobetu ez, eta ez zuen, beraz, musika modu formalean irakurtzen ikasi inoiz. Bere kasa hasi zen idazten, poemak zein kantuak, nobelaren bat ere bai, baina handik denbora batera baino ez zituen erakutsi.
Bigarren Mundu Gerraren ostekoak markatutako Frantzia batean, 1950eko hamarkadan urratu zuen bidea modu publikoan, bere lana ezagutzen zuten adiskideek akuilatuta. Parisko kabaret bateko jabeak emandako bultzada gogoratzen zuen handik urte batzuetara elkarrizketetan, aitortuz Brassensengatik balitz ez zitzaiola inportako bere abestiak besteek kantatzea. 1953an, La mauvaise réputation diskoarekin atera zen lehenengoz estudiotik, eta hamabi lan grabatu zituen denera, begirada anarkista batek zeharkatuak denak. Pentsamendu horrek sendotu zuen haren izar izaera: antimilitarismo sutsuak eta moral burgesaren kritika zorrotzak. Mahaiaren kontra erritmo bat markatzen hasi, errimak zirriborratu, eta pianoan oinarri bat landuz sortu ohi zituen bere konposizioak. Inoiz ez gitarrarekin, hura bazuen ere lagunik leialena, bibote sarria eta egurrezko pipa bezainbat.
Lehen mailako tresnatzat hartu zuen beti hitza. Beste idazle askoren olerkiei musika jarri zien—Louis Aragon, Victor Hugo...—, eta bera ere gerraosteko frantziar poeta handienen artean kokatu zuten laster —Frantziako Poesia Sari Nazionala eman zioten 1967an—. Aberastasun handia erakutsi zuen bere testuetan, ironiaren, probokazioaren eta argitasunaren artean mugitzeko dohaina.
Lehen urteetan jasandako zentsurak alde batera, garai hartako herritar askok dozenaka kantu bihurtu zituzten etxeko: Chanson pour l'Auvergnat, Brave Margot, La cane de Jeanne, Les amoreux des bancs publics... Horien artetik, Le gorille bilakatu da ziurrenik denetan enblematikoena: heriotza zigorraren kontrako ereserki bat da, andre zahar baten ala epaile baten artean duda egin ondotik bigarrena bortxatzen duen gorilaren istorioa kontatzen duena. Honela dio kantuaren azkenak: «Izan ere, epaileak, une gorenean,/ 'ama!' oihukatzen zuen, negar batean,/ egun hartan bertan burua moztuta hiltzera/ bidali zuen gizonaren antzera».
Eraginaren aitortza
Euskal Herrira ere heldu zen Brassensen lana, eta harekin aire berriak. Antton Valverdek, Anje Duhaldek —disko oso bat eskaini zion— eta Josu Landak itzuli izan dituzte haren hitzak, eta, egunkari honen hemerotekan bilatuta, ugari dira haren eragina aitortzen dutenak: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Jabier Muguruza, Manex Pagola, Amaia Lasa... Ideia bat nabarmentzen du Ordorikak: gurasoen musikatzat zeukanari gerora ikusitako indarra: «Aita zenak Brassens entzuten zuen etxean. Aspaldi konturatu nintzen horrek pisua bazuela, ikaragarrizko kantuak zirela. Entzuten dituzu orain zaharren gauzak kontsideratzen genituenak, eta hor daude kantu gaindiezinak!».
Kantari «zaharren» gaindiezintasuna
'Chanson française' mugimenduaren ikurretako bat izan zen Georges Brassens. Anarkista eta poeta biltzen zituen bere baitan musikariak, eta neurtezina da haren obrak Frantziatik at ere izan duen eragina. Bihar ehun urte dira jaio zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu