Bizkaiko historiaurrearen inguruan orain arte ezagutzen zena berrikusi beharko dute hemendik aurrera adituek eta ikerlariek. Izan ere, bi labar-arte multzo aurkeztu dituzte gaur, Bilboko Arkeologia Museoan. Hainbat arkeologo taldek gidatutako ikerketen emaitzak dira aurkeztutakoak. Haien izenean Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoa eta Iñaki Intxaurbe ikerlaria mintzatu dira, eta Neolito garaiko eta Goi Paleolitoko aztarnak erakutsi dituzte. Haiek aztertuta, lurraldeko lehen komunitateen bizimodua hobeto ulertzeko modua dago.
Lehen aurkikuntza Gamiz-Fikan (Bizkaia) izan da, eta Lopez Quintanak aurkeztu du. San Pedro Atxispekoa ermitaren ingurua lehengoratzeko lanetan, leize ez-natural bat aurkitu dute. Erlapiku deitzen zaio leize horri, eta Kantauri aldean dokumentatutako lehen hipogeo mistoa da. Barruan bost panel identifikatu dituzte, eta, gutxienez, 25 gizaki-figura margotuak ageri dira bertan. Irudiak eskematikoak dira, trazu gorriz eta beltzez eginak, eta besoak goratuta edo buruaren inguruan dituzte. Batzuek gorputzeko hainbat atal erakusten dituzte soilik. K.a. 5.000 eta K.a. 1.000 bitartean datatu dituzte, eta Neolitoko lehen nekazari gizarteen garaikoak lirateke. Lopez Quintanak azpimarratu duenez, «artea aurkitzekotan, leize zuloak naturala behar du izan», eta gaineratu du aurkikuntzei dagokienez, Bizkaian sorpresak izaten ari direla, eta gerora ere izango direla.
«Leize hau aurkikuntza berritzailea da Bizkaian eta Kantauri aldeko ekialdean; lehen hipogeo mistoa da, eta lehen giza irudiak erakusten ditu eszena antolatuetan»JUAN CARLOS LOPEZ QUINTANA Arkeologoa
Hipogeoak eskailera bat eta ate bat ditu, eta barrualdea arrautza formakoa da —5x2x1,75 metrokoa—. Haren autentifikazioa Espainiako bi aditu independentek egina dago: Kantabriako Unibertsitateko Diego Garate Maidaganek eta Alcala de Henaresko Unibertsitateko Primitiva Buenok. Haien txostenetan adierazi dute datatzeko froga nagusiak honako hauek izan direla: pigmentuak gainjarrita agertzea hainbat paneletan, kalko-konkrezioen bidezko babesak edukitzea, suak eragindako arrastoak ere aurkitu izana, eta gurutze freskoak ere erakustea. Lopez Quintanak azpimarratu duenez, «leize hau aurkikuntza berritzailea da Bizkaian eta Kantauri aldeko ekialdean; lehen hipogeo mistoa da, eta lehen giza irudiak erakusten ditu eszena antolatuetan».

Armintxe haitzuloa
Bigarren aurkikuntza, berriz, Lekeitioko (Bizkaia) Armintxe haitzulo urbanoan egin dute, eta Intxaurbek aurkeztu du. Esan du haitzuloaren hiru dimentsioko «biki digitala» sortzeko lanean ari direla, eta orain arte dokumentatu gabe zeuden grabatu berriak identifikatu dituztela. Duela 19.000 eta 16.000 urte bitartekoak lirateke; Goi Paleolito aldikoak. Irudien artean, ahuntz bat, bisonte handi bat, eta beste bi irudi txikiago ikus daitezke; guztiak hatzekin edo tresna leun batekin buztinezko geruzetan grabatuak. Gainera, berriro definitu dituzte hainbat arrasto zahar, eta horrek haitzuloaren barne dinamika eta uholde prozesuak hobeto ezagutzeko aukera eman die. Intxaurbe: «Zerbait babestu nahi bada, lehenik aztertu egin behar dugu, eta horretan jarraituko dugu lanean».
«Zerbait babestu nahi bada, lehenik aztertu egin behar dugu, eta horretan jarraituko dugu lanean»IÑAKI INTXAURBE Ikerlaria
Intxaurbek azaldu duenez, «Armintxe haitzuloa konplexua da; zenbait maila ditu eta pasabide bertikalekin lotzen dira; sistema oso garatua du». Lab Certis enpresak instalatutako sentsoreek modua eman dute tenperatura, hezetasuna eta CO2 maila neurtzeko, baita uholdeen kontrola izatekoa ere. Datuak denbora errealean bidaltzen dira, eta hori guztia lagungarria izan da ondarea babestu ahal izateko.
Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, aurkezpenean zera azpimarratu du: «Erlapikuko aurkikuntzari esker, badakigu Bizkaiko lehen nekazari eta abeltzainak komunitate zabalago baten parte izan zirela. Gainera, haitzuloaren biki digitalen bidez, kultura modu digitalean ezagutarazteko aukera dugu, eta, horri esker, Armintxe haitzuloan beste irudi batzuk aurkitu ditugu». Bi aurkikuntzek Bizkaiko ondare prehistorikoa hobeto ezagutzeko bidea ireki dute. Garai hartako komunitateen bizimoduari buruzko informazio gehiago ekarriko dute, baita Kantauri aldeko labar artearen praktika espezifikoen jakintzari buruzkoa ere.