Kantu eta bihotz

Tyler Ballgame
mikel lizarralde
2026ko apirilaren 12a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

TYLER BALLGAME

'For The First Time, Again'
Diskoetxea: 

Rough Trade.

Molde klasikoko kantuen zalea txundituta uzten duen estreinako diskoarekin ezagutarazi du bere burua Tyler Ballgame kantari eta gitarrista estatubatuarrak. Liluratuta uzten du, lehenik eta behin, Ballgameren ahotsak, erregistro ugari baititu —aipatu dira, batean eta bestean, Roy Orbison, Elvis Presley, Tim eta Jeff Buckley, eta Richard Hawleyren izenak—, eta lilurak segitzen du kantuekin beraiekin, hor nonbait 1960ko eta 1970eko hamarkaden artean egin zen pop eta rock ederrenaren oihartzunak ekartzen baitituzte. 

For The First Time, Again (Rough Trade, 2026) honetara iritsi bitarteko bidea ez da erraza izan, ordea, Tyler Ballgamerentzat. 1987an jaio zen, Rhode Islanden (AEB), Tyler Perry izenarekin, eta oso gaztetatik musikak eta antzerkiak erakarri zuten. Berklee musika eskolan hasi zen ikasten kantu idazle izateko, baina, depresioak jota, arazoak izan zituen unibertsitatean, eta gurasoen etxera itzuli zen. Sotoan jarri zen bizitzen, aitarekin lan egiten zuen bitartean. Gero etorri ziren bertsioez osatutako kontzertuak bere hiriko tabernetan, eta segidan pandemia. Depresioak hor segitzen zuen, eta, gainera, etxeko sotoan geratu beharrak eragiten zion ezinegona gehitu behar zitzaion horri. Orduan bihurtu zitzaion musika zulotik irteteko helduleku. 

Konposatzen hasi, eta bere jaioterritik ateratzeko erabakia hartu zuen. Kaliforniako enpresa batera curriculuma bidali eta hara lekualdatu zen, baina Los Angelesko tabernen zirkuituan ere sartu zuen bere burua. Han Ballgameren ahots ikaragarria ez zen oharkabean igaro, eta berehala iritsi zen haren oihartzuna musikaren industriako zenbait lagunengana.

Horietako bat izan zen Foxygen musika taldeko kide eta ekoizle Jonathan Rado  —The Killers, Weyes Blood, The Lemon Twigs eta Father John Mistyrekin lan egindakoa da, besteak beste—, eta ez zuen zalantzarik izan: esku artean harribitxi bat zuen, eta haren talentuak ezin zuen denbora gehiago ezkutuan egon.

Emaitza For The First Time, Again da, Ballgamek bihotzetik sortutako lana, bere itxaropenak eta beldurrak lehen planoan jartzen dituena, eta Radoren lanetan ohikoa denez, modu erabat analogikoan grabatu dena. Vintage puntu bat ere badu —batzuetan ez dirudi gaur egun grabatua—, baina inoiz ez da garai zaharretako musikaren erreprodukzio hutsa izatera iristen, sasoiz kanpoko musika baita hau, nahiz eta oraingo joerak bestelakoak izan. 

Diskoak erakusten du Tyler Ballgamek erregistro ugari dituela, eta guztietan mugitzen dela eroso. I Believe in You singleak emozioa du, koroak, txaloak eta buruan iltzatzen den melodia bat —dirudienez, Radok esan zion bizitza baino handiagoa izango zen kantu bat sortzeko— eta You’re Not My Baby Tonight balada tarte melodiko ezberdin baina osagarriek eraikitzen dute. Baina Ballgame sinesgarria suertatzen da baita 1970eko hamarkadako country-rockera gerturatzen denean ere (Matter of Taste).

Tim Buckleyren ahaireak sumatu ahal zaizkio Sing How I Feel sentikorrean, eta Got a New Car-en —Rado ezagutu aurretik konposatutako kantu bakarra da— ahotsaren erregistroekin eta gora eta behera egiten duen melodia batekin jolasten du Ballgamek. Gozoki hutsa.

Aipa genitzake erreferente gehiago, baina gelditu kantuekin. Hor ematen duelako bere onena Ballgamek. Entzun bestela Down So Bad edo For The First Time, Again bera. Kantu puskak biak ala biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA