Kantari «berantiartzat» dauka bere burua Maddi Oihenartek (Barkoxe, Zuberoa, 1956). 1987an atera zen oholtzara lehen aldikotz, Battitt Sobietekin, kantu txapelketa baten karietara, eta nahiz bere buruaz ez «fida izan» garai hartan, 1998an atera zuen lehen diskoa, 40 urterekin. Lürralde zilarra-k markatu zuen Oihenarten ibilbidearen hastapena. Mixel Arotzekin eta Mixel Etxekoparrekin ondu zuen hura, 2002an atera Arbaila-ren gisara. Bertzalde, hurrengo urtean karrikaratu Ilhargi-min diskoarekin egin zen ezaguna Oihenart Hegoaldean, Josetxo Goia Aribe saxofoi jotzailearekin egin zuen disko hark oihartzun handia izan baitzuen. Harekin kolaboratu ondoan, Juantxo Zeberiorekin egin du gaurdainoko bidea. Orotara hiru lan karrikaratu dituzte elkarrekin, eta iazko azaroan eman zuten azkena: Lur. Zuzenean aurkezten ari dira orain, eta kontzertu batzuk finkatuak dituzte larrazkena bitarte. Hurrengoa maiatzaren 23an eginen dute, Hernaniko Txillida Leku museoan (Gipuzkoa).
Munduaren kinka txarra aintzat hartu duzue elkarrekin bertze disko bat ateratzeko.
Zoritxarrez, aski naturalki atera zitzaigun munduaren egoera txarraz mintzatzea. Angelun biltzen ginen tarteka, estudio ttipi batean, eta mintzatzen hasten ginelarik, gizarte testuinguru txarraz ari ginen etengabean. Angeluko prozesua baino lehen, 2023an, Eguzki xuri kontzertua egin genuen Zestoako harrobi batean, Olaia Inziarte eta Miren Narbaizarekin, besteak beste. Urte hartako urriaren 7an genozidioa martxan eman zuten Palestinan, eta orduantxe deliberatu genuen zerbait egitea.
Diskoa aditzean, Olaia Inziarteren boza, Miren Narbaizarena eta zurea batzen dira. Hiru belaunaldi eta hiru kantari irudikatu nahi izan dituzue?
Zestoan egin genuen kontzertu hartan elkartu ginen. Diskoan lurraz ari garelarik, niretzat ama lurraz eta amandre ilargiaz ari gara, horrela ulertzen baitut natura. Nolazpait, klima larrialdia eta lurraren txikizioa irudikatu nahi genituen, naturaren eta gizakiaren arteko harremana begi bistan emanez. Disko hau zirkulu bat da: basahaire batekin hasten da, eta Basotik harrobira kantuarekin bukatzen, non Julen Axiarik eta nihaurek gatazka irudika dezakeen kantu bat ematen dugun.
Bertzalde, Leire Bilbao, Itxaro Borda eta bertze idazle batzuen testuak musikatu dituzue.
Ni biziki idazle txarra naizenez, usu testuak galdegiten ditut. Leirek eta Itxarok utzi zizkidaten gauza batzuk kantatu ditugu, eta beste pieza batzuk eskatu ere bai. Prozesua naturala izan da, inspirazioa lanean zaudelarik heldu baita, azken finean. Angeluko Etxetxipia estudioan egon ginen diskoa lantzen, eta, batzuetan, nik doinu bat nuen, edo, alderantziz, Juantxo hasten zen melodia batekin eta hortik tiratzen genuen. Elementuak eltze batean sartu, eta zerbait ateratzen zen.
«Nolazpait, klima larrialdia eta lurraren txikizioa irudikatu nahi genituen, naturaren eta gizakiaren arteko harremana begi bistan emanez»
Erran duzunez, basahaire batekin hasten da diskoa. Ikertu izan dituzu horiek, zure kantugintzara ekartzeko?
Artzainek asmatu zituzten doinuak dira basahaireak. Altzürükün grabatua izan zen Zihigako pertsona baten grabaketa bat gelditzen zaigu. Bestalde, Johañe Barkosek ere bazekizkien bost basahaire, eta horien artean, batzuen zati batzuk bakarrik. Beñat Axiari ari izan da horien inguruan galdezka, eta bere kantagintza osoa basahaireetarik eraiki du. Mixel Etxekoparrek ere pieza batzuk asmatu zituen txirulaz lagundurik, eta Paxkal Indo eta Xan Errotabehere ere basahaireetan inspiratu ziren. Denborarekin ohartu naiz jende anitz interesatua zela kantua emateko manera horretan. Basahaireak ikertzen laguntzeko eskaera anitz heldu zaizkit atzerritik, eta ez diet denei erantzuten [irriak]. Ez dakit nola egin beharko litzatekeen, kantamolde hori biziki lotua baita kantatzeko guneari, testuinguruari, eta zaila da jendeari hori esplikatzea.
Beraz, zu ere basahaireetarik inspiratu zinen zurea eraikitzeko?
Arranoa, Belatxa eta halako basahaireak oso presente izan ditut luzaz. Oso sinpleak ematen dute, baina kanpotik heldu denarendako ez dira bereziki errazak. Ez dakit, neurri batean haietan inspiratu naiz, baina bestalde, kantatzeko molde zaharrak inspiratu nau gehienbat. Sü Azia elkartean nintzen garaian, Kanadan handitu zen danimarkar bati lagundu nion, basahaireei buruz ari baitzen ikerketa tesia egiten. Grabaketak egin behar zituen, eta jendeengana joan ginen horretarako.
Anitz ikasi zenuen grabaketei esker?
Batzuetan, batere ez. Jendeak ez zuen deus handirik kontatzen batzuetan, eta, gainera, ezjakintasun handia da basahaireen inguruan. Halere, ikerlari horrek argitu zuen kantamolde horrek gizarte bat espazio jakin batekin harremanean ezartzen zuela; alegia, ondorioztatu zuen naturarekin harreman handia zuen jendearen kantatzeko manera zela. Gune jakin batean sustraitzen den kantamolde bat da, eta, gehienetan, aski bakarrik bizi ziren jendeek emana. Ber gisan, behin emazte batek erran zigun Lakarri gaineko auzo bateko hiru etxeren artean kantuz komunikatzen zirela, eta horrek harritu gintuen. Halaxe erran zigun: «Gune horretako jendeak bazekien huxtu eginez komunikatzen. Etxaldetik karrikaraino huxtuka helarazten zituzten galdeak».
«Ikerlari horrek argitu zuen kantamolde horrek gizarte bat espazio jakin batekin harremanean ezartzen zuela; alegia, ondorioztatu zuen naturarekin harreman handia zuen jendearen kantatzeko manera zela»
Komunikatzeko sistema bat ezagutu zenuen, beraz?
Beste bizimodu bat, hain zuzen ere. Ahüzki magaleko Bidalünean kontatzen zuten hartzen presentzia seinalatzeko elkarri huxtuz ari zirela. Mendian beheiti eta goiti informazioa transmititzeko tresna komunikatiboak zituzten. Naturaren eta gizartearen arteko tartekariak ziren, eta uste dut funtsezko rola betetzen zutela bien arteko oreka horretan.
Hain zuzen ere, jende horren kantatzeko manera grabatu zenuen, eta, lehen aldikotz, 1987ko kantu txapelketan eman zenuen kantu zahar bat, Battitt Sobietekin.
Norbaitek eman zuen gure izena txapelketa horretan, eta azken momentura arte ez zigun abisatu parte hartuko genuela. Battittek eta biek erabaki genuen Xaramelako kantuak famatuegiak zirela, eta, gainera, bat bera ere ez genuenez gustuko, kantu zahar bat eman genuen. Zuberoan, Junes Xübürük bakarrik zekien kantu hura, eta Battittek amarengandik jaso zuen. Kantua egun horretan eman, publikoaren saria eraman, eta finalera iragan ginen.
Eta zein zen kantua?
Kantua hau zen: «Goizetan jeikitzen da artizarra lehenik/ hura dela diote…», eta segida gero ahantzi dut [irriak]. Hark biziki gora kantatzen zuen, baina ni ezin nintzen hain goiti joan. Pena dut Battittek ez duelako gehiago kanturik ematen, eta, alta, biziki kantari ona da.
Erran ohi duzu, gainera, euskara kasik galdua zenuela garai hartan.
Atharratzen biltzen ginen batzuk kantatzeko. Enekin zirenek Pantxoa eta Peioren eta Etxamendi eta Larralderen kantu guzi-guziak hitzez hitz eta osorik bazekizkiten. Nik, aldiz, ez nuen ulertzen zer kantatzen nuen. Beraz, hitzak kopiatzen nituen, eta halaxe ikasten nituen kantu guziak. Kantuak maite nituelako ikasten nituen, eta ondotik, lantokian eta irakurriz ikasi nuen euskara. Egun ere, egun oroz ikasten dut hitz bat bederen; etengabeko prozesu bat da.
«Kantuak maite nituelako ikasten nituen, eta ondotik, lantokian eta irakurriz ikasi nuen euskara. Egun ere, egun oroz ikasten dut hitz bat bederen; etengabeko prozesu bat da»
Zein izan da zure ogibidea?
Mila gauza, eta deus onik ez. Aita-amek eskola utzarazi zidaten 14 urterekin. Geroztik, lehenik laborantzan eta gero beste hainbat gauzatan lan egin izan dut.
Lan eremu horretan leku handia izan du kantuak?
Salbagarria izan zait [irriak]. Sendagarria izan zait, baina orduan ez nintzen ohartzen horretaz. Gasna kooperatiba batean lan egiten nuen; hotz egiten zuen, leku hezea zen, eta egun osoan irratia emanik garbitzen genituen gasnak. Maite Idirinen kantuak irratiari esker ikasi nituen, eta, bide batez, euskara ere bai.
1998an, Lürralde zilarra atera zenuen Mixel Arotzekin. Etxahun Iruriren kantu franko ageri dira. Eredu bat izan da zuretako?
Mixel Arotzen proiektua zen Lürralde zilarra. Etxahun Iruriren kantuak biziki ontsa zekizkien, baina pentsatu nuen arriskutsuegi zela disko oso bat egitea Etxahun Iruriren kantuekin bakarrik. Pixkanaka-pixkanaka beste kantu batzuk hautatu genituen, eta Mixel Etxekoparri ere laguntza galdegin genion ttunttunarekin, txirularekin eta klarinetearekin pieza bat egin zezan. Horren ondotik, Arbaila diskoa atera genuen modu berean. Lehen diskoan Artze anaiak ere bazeuden, eta enetako ezagutza eta proiektu aberasgarria izan zen.
Ez zara sekula bakarrik ibili zure proiektuetan. Anitz ikasten duzuia beste artistekin lan eginez?
Ene kezka da orain arteko bide beretik nola ibili nihauren nortasuna atxikiz. Ni oso erraz lerra naiteke kantatzeko beste manera batera. Beti pentsatu dut anitzek Zuberoako kantuak ematen dituztela, baina gauza anitz aldatuz. Guk nola egin dezakegu gure kantagintza atxikitzeko? Ontsa da bakoitzak bere interpretazio propioa sortzea, baina gurea hiltzen bada, dena desagertzen da.
«Guk nola egin dezakegu gure kantagintza atxikitzeko? Ontsa da bakoitzak bere interpretazio propioa sortzea, baina gurea hiltzen bada, dena desagertzen da»
Baina lortu duzu kantagintza berritzea aldi berean.
Oso naturalki egin dugu, tradizioa ez bada berritzen hiltzen baita den hori. Beñat eta Julen Axiarik bidea ontsa erakutsi digute, basahaireetarik tiratzen baitute beren kantagintza eraikitzeko. Julenek badaki kantu bat hartzen eta hura ematean inprobisazioa ere sartzen, eta, beraz, uste dut kausitzen dutela eraberritze hori.
Hain zuzen ere, axiaritarrekin Xiberoa kantuz loraturik emanaldia ere ematen duzu, basahaireek inspiraturiko piezak plazaratzeko eta transmititzeko helburuarekin.
Bai, eta tradizioaren berritze horretan, ohartu naiz xantza dela zaharrak ezagutu izana. Oraingo gazteek ez dituzte entzun eta ezagutu, eta irratian ez dira gehiago entzuten kantamolde zaharrak.
Transmisioan zerbaitek huts egin du, beraz?
Nik pentsu dut baietz. Baina, aldi berean, kanpoko jende anitz basahaireez interesatua da; beraz, ez dakit erraten ea erabat galdua den afera.
Zergatik diozu hori?
Ene galdera da Zuberoan zenbateraino den zaharra bakarka kantatzeko molde hori. Ez dakigu. Tradizioaren inguruko kezka begi bistakoa da, baina, aldi berean, aitzina joan behar da, eta, beraz, tradizioa eraberritu behar da, baina ez dakigu duela berrehun urte nola kantatzen zuten. «Maitia nun zira/ nik ez zütüt ikusten...», adibidez, erabat desberdinki kantatzen zuten; oro har, biziki moztua eta biziki gora kantatzen zuten.
Tradizioa eraberritzeko lanketa horretan, Ilhargi min diskoarekin salto egin zenuen Hegoaldera. Nola gertatu zen?
Josetxo Goia etorri zen Maulera egun batez, eta erran zidan ene ahotsa nahi zuela ezagutu. Ideia batzuk bazeuzkan, eta ideia horietarik abiatuz grabatu genituen kantu batzuk. Naturalki egin zen prozesua, nehork ez zigun bidea markatu. Fitexko ezagutu nuen Juantxo Zeberio bide horretan; 2006an, interes komunak genituen musikalki, eta, geroztik, hiru disko egin ditugu. Ez ditugu Zuberoako diskoak egin; egiten duguna bion arteko elkarlan baten emaitza da. Ez gabiltza pentsatzen Zuberoaren esentzia gordeko duen disko bat egitean, baizik eta nik, Zeberiok eta hainbat lagunek eginiko kolaborazioaren emaitza erakustean.
«Tradizioaren inguruko kezka begi bistakoa da, baina, aldi berean, aitzina joan behar da, eta, beraz, tradizioa eraberritu behar da, baina ez dakigu duela berrehun urte nola kantatzen zuten»
Euskal Herriko kantagintzaren barruan zure bidea egin duzu urteotan. Nola zahartzen ari da kantuarekin duzun harremana?
Duda anitzekin zahartzen ari naiz, kontzertuek estresa eragiten baitidate. Batzuetan pentsatzen dut: «Zertan ari naiz ni hemen?». Baina, halere, aberasgarria da jendea ezagutzea eta aspaldidanik ezaguturikoak berriz ikustea. Hats hartze baten gisakoa da kantua enetzat. Kontzertu baten ondotik etxera arribatzen naizelarik, nihauren buruari erraten diot ospakizun bat izan dela, eta emanaldi bakoitza gainditzea lortzen dudala.

«Zuberoan, emazteek beti kantatu izan dute, baina eremu pribatuan»
Oihenartek nabarmendu du Zuberoako kantagintzan gizonezkoek bakarrik hartu izan dutela eremu publikoa. Testuinguru horretan leku bat egitea zaila izan bazaio ere, esperientzia «onak» bizi izan dituela kontatu du. Bertzalde, agerian eman du emazteek betidanik kantatu izan dutela Zuberoan, baina gizonek ez bezala, eremu pribatuan.
Gizon ingurune bati erabat lotua zen kantugintza Zuberoan. Zaila izan zaizu hartan leku bat egitea?
Ni 40 urterekin hasi nintzen kantuan, ez nintzen hain gazte hasi. Sohütako ikastola altxatu zutelarik, kantaldi bat antolatu zuten han, eta Niko Etxart, Robert Larrandaburu eta maisu handi horien artean kantatu nuen. Jainkoari sakrilegio bat egin izan banio bezala hartu ninduten: era horretako oharrak bildu nituen. Oraino ere, batzuk gurutzatuko banitu, «zuek emazteek ezin duzue oholtza baten gainean kantatu» adituko nuke segurrenik.
Kontrakorik ere bizi izan duzu?
Bai, bistan da, denetarik bizi izan dut. Adibidez, Alozeko herriko besten karietara egin zuten kantaldian boneta jantzia zuten zahar batzuk jin zitzaizkidan, eta motibatu ninduten, erranez kantuz segitu behar nuela. Beste batzuk ere jin izan zaizkit erratera haur denboran entzuten zuten kantatzeko manera aditzen zutela ni kantuz aritzean. Baina Zuberoan ez dut anitz kantatu izan, eta egun ere ez dut anitz kantatzen han.
Zergatik?
Zuk erabaki. Anekdota bat kontatuko dizut. Benito Lertxundiren omenaldi batera joan nintzen Durangoko Azoka batean, eta Ligira joan zeneko anekdota kontatu zidan. Gazte denboran Larrainera joan zen, eta, lo egiteko tokia ezin atzemanez, Ligira jaitsi zen hotel bila. Ostatu hartan sartu, eta bizpahiru gizon kantuz tira ahala ari ziren. Logela bat xerkatzen ari zela erran, eta gizon horiek erantzun zioten aski zuela etxeko andereari galdegitea; horretarako sukaldera joan behar izan zuen, eta, hara sartzean, ohartu zen emaztea eztiki kantuz ari zela. Horrek erakusten du, oro har, emazteoi erraten zigutela ezin genuela kantatu oholtza gainean, eta oraindik entzuten da hori. Emazteek beti kantatu izan dute, baina eremu pribatuan.