Kantuaren soiltasuna ardatz

Eñaut Elorrieta abeslariak 'Irteera argiak' bakarkako lana argitaratu du. Bederatzi kantuz osatu du diskoa, eta iluntasunetik argira arteko bidaia bat proposatzen du. Adierazi du orain arteko diskorik «pertsonalena» duela

Eñaut Elorrieta, Irteera argiak diskoa eskuan, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Ahotsarekin soilik hasten da, eta ahotsarekin soilik amaitzen da». Era horretan aurkeztu du Eñaut Elorrieta abeslariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1975) Irteera argiak disko berria. 2013. urtean plazaratu zuen lehen bakarkako lana, Deserriko kantak izenekoa: deserriari buruz egindako lan kontzeptual bat. Sei urte igarota etorri da bigarrena; Elkar argitaletxearekin kaleratu du, eta, abeslariak esan duenez, iluntasunetik argirako bidea da lanaren arima. Horren adierazle da diskoaren izenburua; izan ere, Elorrietaren esanetan, «beste guztiak itzaltzen direnean pizten diren argiak» dira irteera argiak, «beti hor egon arren, larrialdi egoeretan garrantzi berezi bat hartzen duten argiak».

Zaldia eta behe lainoa, Inesa Gaxen, Eguzki argitan, Hariak, Une batez, Ezbeharra, Irteera argiak diskoari izena ematen dion kantua, Ez dago ezer eta Ur gainean. Kantu horiek osatzen dute Elorrietaren lan berria. Kantariaren iritziz, kantuek bidaia multzo bat proposatzen dute, eta bidaia horien zimenduak zein diren azaldu du aurkezpenean, Donostian. Heriotzatik bizitzara arteko bidaia da aipatu duen lehena: «Disko honek badu kanpo testuinguru bat; iruditzen zait Euskal Herrian eta munduan egon direla azken urteetan ziklo aldaketak, bai politikoki, baita musikalki ere». Halaber, bere ziklo pertsonalari ere egin dio aipu: aitatasuna, inguruan izan dituen hainbat galera... «Horiek guztiek busti dute disko hau», nabarmendu du.

[youtube]https://youtu.be/zJazeC9rXTw[/youtube]

Kontzeptu artistikoari begira, deseraikitzetik eraikitzera igaro da: «Iruditzen zait disko honekin eraikuntzan natorrela, lehenago deseraikitako horretan guztian, esperimentazio horretan guztian, aurkitu ditudan lurralde, gune, giro horiek guztiak bildu ditudala disko honetan».

Bigarren bidaia gai sozialetatik existentzialetara artekoa izango litzateke. Orain arte egin duen lanik «pertsonalena» dela esan du,diskoan jorratu dituen gaiak askotarikoak baitira: bizitza, heriotza, maitasuna... Aurreko lanari ere egin dio erreferentzia abeslariak; erbesteaz hitz egin zuen, eta, haren hitzetan, «gai politiko bat» da hori. Oraingoan, gai existentzialagoak landu ditu, baina gai horien izaera politikoa ere nabarmendu du: «Orain arte politikotzat ez genituen gaiak ere politikoak direla jabetzeko balio izan dit ziklo aldaketak».

Hirugarren bidaiak lanaren izenburuari egiten dio keinu, hots: iluntasunetik argira arteko bideari, hain zuzen. «Hitz egiten dut gai gordinez, baina argirantz joateko nahi batekin», azaldu du. Hala, estrategia anitz erabili ditu hitzak idazterakoan. Esaterako: «Sakonkeriatik urruntzea, baina sakontasuna galdu gabe». Era horretan, emozioa bilatzea izan du helburu, betiere, «dramatik eta euforiatik pasatu gabe».

Esperimentazioari bide
Astroetatik partikuletara doana izango litzateke laugarren bidaia: «Gauza handiez hitz egin dut hitz arinak erabiliz». Elorrietaren arabera, diskoaren ezaugarri bat ere bada txikira joateko joera: «Osotasun hori txikira ekartzen eta txikian bilatzen saiatu naiz».

Bosgarren bidaian, bestalde, bakardadetik konpartitzera igaro da abeslaria; izan ere, azaldu du sorkuntza eta konposaketa prozesu guztia «bakartia» izan dela. Konposaketaren ondoren hasi zen sortutako hori ingurukoei erakusten, eta, batez ere, Uxue Alberdi eta Ruben Caballero kideekin partekatu du: haren «bi erreferentziak». Musikariekin, aldiz, estudioan konpartitu ditu kantuak lehen aldiz: «Niretzat oso berezia izan da; normalean gauzak oso lotuta eramaten ditut estudiora; oraingoan irekita joan naiz, musikari sortzaileekin elkartu naizelako». Gaurdaino egin dituen lan guztietatik «esperimentalena» dela esan du, atea irekita eduki baitu estudioko magia jaso ahal izateko.

Musikalki, abeslariak esperimentazioari bide eman dio: «Tonu baxuagotan aritu naiz orain, giro ilunagoak bilatu ditut, baina, aldi berean, lerro melodiko arinak dira». Hitzei dagokienez ere, gehiago landu nahi izan du ahots propioa: Elorrietarenak eta beste idazle batzuen hitzak uztartzen dira diskoan; Uxue Alberdi, Jose Luis Otamendi, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia, hain zuzen. Gainera, Deserriko kantuak lanean ez bezala, baxuaren presentziaren alde egin du: «Fernando Neiraren baxuak lurra transmititzen die kantuei. Aurreko lanean hautu kontziente bat izan zen baxua ez erabiltzea; izan ere, lurraren presentziarik eza irudikatzen zuen ez egoteak».

Soinuari eta diskoaren izaerari begira, «kantuaren esentzia» izan da abeslariaren iparrorratza: «Kantuaren soiltasunaren bila joan naiz, eta hori izan da nire obsesioa». Hala, gitarrarekin eta ahotsarekin soil-soilik defenda zitzakeen kantuen alde egin du sortzaileak: «Inongo artifiziorik behar ez duten kantuen bila joan naiz; kantuen eraikuntzatik ihes egin dut etengabe». Estudioan sorturiko magia bermatzearen aldeko hautua egin du, zuzeneko izaera hori errespetatuz.

Dagoeneko iragarri ditu diskoa jendaurrean aurkezteko emango dituen lehen kontzertuak, baina gehiago ere izango dira hurrengo urtean. Oraingoz, azaroaren 22an Andoainen (Gipuzkoa) izango da, eta 24an Urruñan (Lapurdi); bestalde, abenduaren 1ean Bilbon egongo da, eta 22an, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.