‘Kolapsoa’
Testuak: Jon Ander Urresti, Nerea Ibarzabal. Zuzendaria: Matxalen de Pedro, Jon Ander Urresti. Antzezleak: Txubio Fernandez de Jauregi, Maite Mugerza, Jon Ander Urresti. Dramaturgia: Taldea eta Nerea Ibarzabal. Argiztapena: Mikel Perez. Soinua eta musika: Asier Renteria. Jantziak: Paloma Merino. Lekua: Donostiako Lugaritz kultur etxea. Eguna: Martxoak 28.Â
Bezperako Donostia antzerki sariaren banaketa ekitaldian antzeztutako Dejaburen Itzulera-ren aje zoriontsuan oraindik murgilduta joan gara Kolapsoa ikustera. Badakigu ikusiko duguna estilistikoki guztiz bestelakoa izango dela, eta, horregatik, txip aldaketa eragin diogu geure sistemari Lugaritzeko atean: klik. Egiari zor, zoriontzekoak eta eskertzekoak dira, gaur egun, euskal antzezlanetan dauden dramaturgia ezberdinak, baita Geuretik Sortuak proiektua horien erakusleiho bilakatu izana ere.Â
Kolapsoa-ren narrazioa spoiler eta guzti kontatzeak ere ez luke lagunduko pieza honen proposamena bere osotasunean ulertzen, zeren muina maneretan baitago, hots, dramaturgian. Halarik ere, hona laburpen bat egiteko saiakera xumea: Ursulak (Mugerza) zuzentzen duen publizitate agentzian, Txomin (Fernandez de Jauregi) eta Jota (Urresti) langileen laguntzaz, iragarkiak grabatzen dituzte behin eta berriro; gehienak teledendakoak, eta haietan kaskarkeria da nagusi, bai ekoizpenean bai produktuen kalitate eroan.Â
Dramaturgiak eta eszenografiak Tripak eta Zanguango konpainien oihartzunetan dute iturburua, Maite Mugerzak eta Fernandez de Jauregik hurrenez hurren ekarriak. Horiei gehitu behar zaie Urrestiren etorria. Beraz, denboraldi honetako beste aliantza bat dugu hemen, zeinetan hainbat aktore belaunaldi elkartu dituen Matxalen de Pedro zuzendariak. Â
Eszenografiak agentziako grabazio estudioa irudikatzen du, modu zabar, nagi eta alprojan. Nahitako baldarkerian, lasaikerian aritzen dira antzezleak, atrezzoko piezak maneiatzen ez ezik, antzezpeneko une jakin batzuetan ere bai. Hiru aktoreek bere burua luzitzeko aukera izan duten arren, aitortu behar dut Fernandez de Jauregiren presentzia oso erakargarria egiten zaidala beti —jakina, Mugerzari eta Urrestiri inongo meriturik kendu gabe—. Antzezlanak aurrera egin ahala, hobera egiten duen sentsazioa izan dut. Batetik, ikusle moduan hobeto ulertzen dugulako proposamenaren poetika; eta, bestetik, eman nahi diguten mezua lanaren azken herenean argitzen delako, bereziki asmazio ona den azken iragarkian.Â
Kolapsoa-ri buruzko eskuorriak apokalipsia aipatzen du, eta zer dugu munduaren amaiera baino anabasa handiagorik? Neurriz kanpoko kontsumoak ekarriko digun planetaren akabera irudikatzeko performanceak antiperformatiboa izan behar zuen, formak itxurarik gabekoa, antzezpenak antiantzezpena. Eta horrela aurkeztu digute, harik eta antzezleek, indarra galdurik, behin eta berriro konortea galdu, eta objektu bat arizale hiztun bihurtu duten arte. Deskontrol kontrolatuan, filosofia antifilosofikoan, afasia berritsuan; finean, mezu zuzen eta serioa modu txotxolo, babo, kaiku eta tontoloan bildurik eskaini digute. Antiteatro esaten diogu horri —eta hala behar zuen Kolapsoa-k—, eta, beraz, muturreko koherentziaz ondutako obra dugu. Eta horregatik guztiagatik ikusle ausartak azalduko zaizkie antzokietan. Amaierako txaloaldia oso beroa izan da.  Â