Kaosaren gainetik ordena nagusitu da Guggenheimen, begirada klasikoa

I. eta II. mundu gerren bitartean arteak izaniko bilakaera ikertzen duen erakusketa bat ireki du, 90 artistaren 150 lanekin

Adolfo Wildten Benito Mussoliniren erretratua eskultura dago, besteak beste, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kaosari gailendu zitzaion ordena. Eta abangoardiei eta modernitateari, klasizismoa. Artearen diziplina gehienetara zabaldu zen mugimendu hura ez zen berez garatu. I. Mundu Gerra igarotakoan loratu zen, eta erregimen totalitarioen magalean, Italian eta Alemanian, bederen. Haatik, Bilboko Guggenheim museoan ireki duten erakusketak bi mundu gerren artean Europako beste herri batzuetan ere garatu zen artea du aztergai. Horrenbestez, XX. mende hasieran Frantzian eta Espainian lan egin zuten artisten lanak ere biltzen ditu. Zehatz-mehatz, 90 egileren 150 obra daude Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918-1936 izenburuko erakusketan. Besteak beste, Pablo Picasso, Georges Braque, Carlo Carra, Giorgio de chirico, Otto Dix, Pablo Gargallo, Fernand Leger eta Ludwig Mies van der Roherenak. Erakusketa maiatzaren 15a arte izango da Bilbon, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoan «interes handia» piztu ondotik.

I. Mundu Gerrak gizartean zabaldutako tragedia, ikara eta minari balio klasikoetan oinarritutako arte adierazpideak landuz erantzun zioten artistek, Kenneth E. Silver komisarioak azaldu duenez. «Gerraren ilunaren aldean, oinarri sendo eta iraunkorretan gorpuzturiko artea lehentsi zuten, eta horretarako gerra aitzin loraturiko abangoardiak eta modernitatea bazter uztea hobetsi zuten, klasizismoari heltzea».

Piccassori segika, Braque

Ondorioz, erakusketan jasotako lanetan nabarmena da Italiako futurismoa, Alemaniako espresionismoa eta Frantziako kubismoa auzitan jartzeko intentzio bat. Baita aurrez abangoardietan buru belarri jardundako artisten aldetiko erantzun irmo bat ere. Picassok 1923an pintatutako Olga deritzon margolana horren adibide garbia da. Marrazkigintzan oin hartuta sortu zuen Picassok erretratu hura, klasizismoaren arauekin bat eginez. «Klasizismoaren aldekoek esaten zuten abangoardistek marrazten ez zekitela, eta horregatik jorratzen zutela abstrakzioa eta irudien zatiketa». Halako iritziek zentzurik ez zutela argitu zuen Picassok, Bilbon ikusgai den lan horrekin.

Braquek ez zuen hainbesteko determinazioa erakutsi, baina kubismotik klasizismorako bidean estu jarraitu zion Picassori, haren lanetan modernitatearen arrastoak nabarmenagoak izan arren.1922an onduriko Canephone I eta Canephone II margolanak dira horren erakusle onak.Legerrek urte hartan eginiko margolan sorta bat ere badago erakusketan. Emakumeak ageri dira —posatzen gehienetan— eta molde klasikoetatik gertuko pinturak izanagatik, kubismoaren baitako den irudien zatiketa nabarmena da konposizioan. Modernitatearen eta klasizismoaren arteko oreka dago lan horietan. Silverren hitzetan, «erakusketa osoan ez dago gerraren aurreko arteari zuzen aurre egiten dion lanik».

Gaika antolatu du erakusketa. Gerraren itzaletik abiatu da, Otto Dixen grabatu sail batekin. Eta ni iraunkorraren arketipoa erakusten duten lanetara igaro da, besteak beste, Julius Bissierren Eskultorea autoerretratuarekin margolanaren bidez. Grezia eta Erromako historia eta mitologiak liluratuta lan egin zuten egile batzuek, baita zineman ere. Hala, atal horretan Jean Cocteauren film bat dago, Madeleine Vionnetek diseinaturiko soinekoekin batera.

Halaber, gorputzaren formulazio klasikoetara itzuli ziren garai horretan, gizatasun berri batera, gorputza osorik eta zauririk gabe erakustera, Italiako faxismoarekin bat egin zuten Massimo Campigliren eta Adolfo Wildten lanek erakusten dutenez. Gizaki berriaren atal horretan Aurelio Artetaren zenbait lan jaso dituzte Bilboko erakusketan.

Klasikotasuna eta egunerokotasuna loturik ageri diren sailean, aldiz, Jose Mari Uzelairen margolanak daude, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.