Karen Carpenterri buruzko film batek irekiko du Dock of the Bay

Maiatzaren lehenetik 6ra bitarte, 25 lan erakutsiko ditu Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiak. Zortzi film luze eta hamar labur izango dira lehian festibalaren XVI. aldian

Sahatsa Jauregik Verde Prato estreinatuko du jaialdian. DOCK OF THE BAY JAIALDIA.
Ainhoa Sarasola.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Musika entzungai ez ezik, ikusgai ere jarriko du, hamaseigarren urtez, Dock of the Bay Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiak. Kalitatearen eta zinema independentearen alde egiten, «egitarau argitaragabea eskaintzen, eta sortzaileen eta ikusleen arteko elkarrizketa sustatzen» segituko dutela ziurtatu zuen Eva Riverak, jaialdiaren zuzendariak, XVI. aldiaren aurkezpenean. Xede horiekin, 25 dokumental emango dituzte maiatzaren lehenetik hilaren 6ra bitarte. Sail Ofizialean, zortzi film luze eta hamar labur izango dira lehian, tartean, festibalari hasiera emango diona: Randy Martin zuzendari estatubatuarraren Karen Carpenter. Horiez gain, nazioarteko musika dokumental nabarmenen hautaketa bat aurkeztuko du Perfect Day atalak aurten ere, eta bestelako jarduerak ere izango dira paraleloan. Trueba zinema aretoetan, Tabakaleran, Koldo Mitxelena Kulturunean eta Antzoki Zaharrean izango dira, besteak beste, emanaldiak eta ekitaldiak.

Trueba zinema aretoak hartuko ditu lehian izango diren lanen emanaldiak. Karen Carpenter bateria jotzaile eta abeslariaren ingurukoa izango da estreinako emanaldia. Hura hil zela 40 urte bete diren honetan, haren bizitzaren eta utzi zuen musika ondarearen «ikuspegi berri eta harrigarria» ematen du Martinen lanak. Lan luzeei segida emanez, hurrengo egunean, maiatzaren 2an, Joaquin Gonzalez Vaillant uruguaitarraren Alter izango da ikusgai, zeinak Luis Miguel kantaria imitatuz karrera egiten duen gazte bat duen protagonista. Lee Fields: Faithful Man filmarekin segituko dute emanaldiek hurrengo egunean; funk eta soularen mitotzat joa, Fieldsen ibilbidea aztertu dute Jessamyn Ansary eta Joyce Mishaan estatubatuarrek. Eta egun berean, Before We Move aurkeztuko du Aleksandr M Vinogradov errusiarrak, San Petersburgoko tango queer dantzariak ardatz dituena.

Lehian parte hartuko duten lan luzeekin jarraituz, bina proiektatuko dituzte hurrengo bi egunetan. Maiatzaren 4an, Marita Stocker alemaniarraren Rock Chicks-I Am Not Female to You izango da ikusgai lehenik; 50eko urteetatik agertokietara igo diren emakumeen historia memoria kolektibotik ezabatu dela eta, «historiaren beste aldea» kontatzeko lana osatu du zinemagileak. Haren ondotik, La importancia de llamarse Ernesto y la gilipollez de llamarse Eric erakutsiko du Cesar Martinez Herrad espainiarrak, Eric Jimenez bateria jotzailea ardatz duena. Hurrengo egunean, berriz, Mario Alejandro Arias, Gabriela Alonso Martinez eta Nicolas Martin Ruiz espainiarren Tener Tiempo eta Danny Garcia estatubatuarraren Ghost of the Chelsea Hotel and Rock and Roll stories filmak emango dituzte.

Sei labur saio berean

Trueba zinemetan erakutsiko dituzte lehiatuko diren hamar film laburrak ere; horietatik sei, saio bateratu batean, maiatzaren 2an. Hala, 19:15ean hasita, bata bestearen atzetik ikusi ahalko dira Ilina Bathiaren The Color Orange; Johannes Aitzetmullerren Foodsteps. Journey of a Song; Lauren Luxenbergen Knuckles; Arriguriren Esna Kanta —Eñaut Elorrietaren abestia ardatz duena—; Mariano Vesparen Mío será otro cuerpo; eta Peru Galbeteren Bide bazterrean Hi eta ni Kantari. Eta egun berean baina iluntzean, PVC eta Aluminiozko zatitxoak, Jon Martija kazetariaren estreinako lana.

Maiatzaren 3an, beste labur bat estreinatuko dute: Amanda Louise Macchiaren Baccara. A certain Song: Yes Sir, I can Boogie filmarena. Eta maiatzaren 5ean emango dituzte lehia itxiko duten azken bi laburrak: The Dream Is Just In My Mind (Miguel Ariza) eta Odd Songs (Pol Peñas).

Lehiaz kanpo, Perfect Day atalean, Donostian oraindik eman ez diren sei film luze erakutsiko dituzte, tartean, Verde Prato, musikaria ardatz hartuta Sahatsa Jauregik zuzendua —maiatzaren 6an estreinatuko dute, Antzoki Zaharrean—. Un Día Lobo López; Elephant 6 Recording Co. Screening; Music for Black Pigeons; A Film About Studio Electrophonique; eta The Zombies. Hung Up on a Dream lanek osatuko dute atala.

Filmen emanaldiez gain, mahai inguruak, kontzertuak eta hitzaldiak ere izango dira jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.