MUSIKA. A cappella

Karikaturaren arriskuak

2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Urte berrirako sarrera ona izango nuelakoan, hilaren 8an Micah P. Hinson musikariak Viktoria Eugenia antzokian eman zuen kontzertura joateko sarrera bat erosi nuen. Sarrera garestia bazen ere, Hinsonen hiper fan-a naizenez, bi aldiz pentsatu gabe bertaratu nintzen.

Hinson gazteak (29 urte), 2004an kaleratu zuen bere lehen disko zoragarria; hau da, 22 urte besterik ez zituela, musika alternatiboan sekulako oihartzuna eragin zuen Micah P. Hinson and the Gospel of Progress diskoa atera zuen. Country-folk zaharretik (Johnny Cash, Bob Dylan…) edaten zuen disko hark zerbait berria zekarren; eragin zahar haietatik , Hinsonen galbahe musikalaren bitartez, izaera eta soinu propioak zituen country-folk modu bat sortu zen. Geroztik, bi urteko tarteekin, ildo bereko diskoak kaleratu ditu. Beharbada gitarraren distortsioa gogortzen joan da, bai, baina erroan, melodikoki ez da gehiegi aldatu. Eta, nire ustez, gainera, ez da errepikakorregi bihurtu.

Mutil honen musikak jarraitzaile asko Euskal Herrian, maiz jo du gurean, baina halabeharrez fama horren arrazoiak musikatik harago doazela uste dut. Izan ere, Hinsonen biografiak zirrara hotz bat sortzen du, pixka bat voyeur garenok berehala ezagutu nahi izaten duguna. Texasen jaioa, familia ultrakontserbadore eta erlijioso batean, oso gaztetik arazoak izan zituen: gurasoekin harreman txarra zuenez etxetik alde egin zuen eta motel galdu eta ilunetan bizi zen, bere gitarra lagun zuelarik. Lehen disko hartako abestiak giro horretan idatziak izan ziren. Bestalde, valium eta antzeko farmakoekiko adikzioaren ondorioz, errezeta faltsuekin harrapatu zuten eta 19 urterekin kartzela ezagutu zuen.

Ikusten duzuen bezala, Hinson gazteak badu zer kontatu (eta kantatu); zentzu honetan, liburu autobiografiko bat kaleratu du, No voy a salir de aquí (2010). Baina gauza bat kontatu nahi dizuet: lehengo egunean Hinson ikusteak eta entzuteak atzera egin zidan. 60 urte balitu bezala, bizi-ohitura kaltegarriek emandako itxura zuen. Ez zuen ahotsik kantatu behar zenean hala egiteko: garrasia zen nagusi, eta gitarrako distortsio-monologoetan galtzen zen, taldekideez ahaztuz. Horri gehitu behar zaio zeharo argalduta dagoela, eta mozkortuak bezala mugitzen zela. Ez zuen duela urte batzuetako plantarekin zerikusirik.

2011ko urtarrilaren 8an ez genuen Micah P. Hinson ikusi, bere karikatura exageratua baizik. Eta horrek badu arrisku bat, garrantzitsua: norbere estilotik urruntzen den utzikeria musikal galanta eta seriotasun falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.