Karlista zonbi okela-goseak jeltzale banpiro odol-goseen aurka erakusten dituen “Z saileko satira politikoa” da Beñat Iturrioz (Hernani, Gipuzkoa, 1981) eta Xabier Padin (Berriatua, Bizkaia, 1981) arkeologo zinemazaleen Joxean's hil eben filma, egile berberen Ataun of The Dead (2011) filmarekin hasitako trilogiako bigarren zatia. Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko Sail Ofizialaren barruan ikusi ahal izango da gaur, lehiaz kanpo, 19:45ean, Viktoria Eugenia antzokian.
Ehunka lagunen doako parte hartzeari esker, 700 euroko aurrekontuarekin egindako filma da Joxean's hil eben. Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteko Sail Ofizialean ematen den euskarazko lehen filma izatea lortu du hala ere. Jaialdian erakutsia izan baino lehen, egileei hala eskatuta, hainbat gunetan ikusi ahal izan da, baina Donostiako jaialdiak leiho zabalagoa ireki dio.
Basqueploitation hitza sortu dute —blaxploitation hitzetik eratorria— Iturriozek eta Padinek Ataun of The Dead eta Joxean's hil eben nolako filmak diren azaltzeko. “AEBetan beltzek 60 eta 70eko hamarkadetan egindako filmei deitzen zieten blaxploitation”, azaldu du Padinek. “Beltzek beltzentzako egindako filmak ziren, eta pertsonaia guztiak beltzak ziren, denak estetika berekoak… Guk antzeko zerbait egin nahi dugu euskal kulturarekin, gure herriaren historiako elementuak eta pertsonaiak erabiliz, uste dugulako oso pertsonaia bitxiak daudela Euskal Herriaren historian, honelako filmak egiteko oso egokiak”.
Iturriozek eta Padinek ez dakite trilogiako hirugarren filmari noiz ekin ahal izango dioten, baina aurreratu dute Zumalakarregi berpiztuak zuzendutako karlista zonbiak Antso Handiaren mamuarekin eta ezker abertzaleko hainbat sektoretako kideen aurka borrokatuko direla.
Zinema ikasketarik gabe ekin zioten trilogiari Iturriozek eta Padinek, eta kamera bakarrarekin grabatu dute orain artekoa. Hasieran, filma egin ondoren lagun artean erakusteko asmoa zuten, baina pixkanaka-pixkanaka beren lanek interesa sortu dute beren lagunartetik kanpo ere.