Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) 2004an eman zuen argitara lehen lana, Hamabost zauri (Elkar) ipuin liburua. Ordutik, narrazioa eta eleberria tartekatu ditu bere ibilbidean —poesia liburu bat ere plazaratu zuen 2015ean, Orain hilak ditugu (Elkar)—, baina Amaren eskuak (Elkar, 2006) nobelak ekarri zion sona handiena. Orain, eleberri batekin itzuli da plazara: Aitaren etxea (Elkar).
Hiru ahots ageri dira lan berrian: gizonezko batena eta bi emakumerena. Ismael idazlea da, «sorkuntza krisi batean murgilduta dago», eta aitaren zaintzaz arduratu beharko du. Jasonek, berriz, idatzi egiten zuen garai batean, baina utzia dio orain, eta Ismael senarraren idazlanen lehen irakurlea eta zuzentzailea da. Libek, berriz, biekin du harremana: Ismaelen arreba eta Jasoneren gaztetako lagun mina da, eta duela hogei urte Berlinen bizi da, hara joan baitzen «hemengo garai bateko egoera politikoak agobiatuta-edo».
«Interesatu zait hiru ahotsak jasotzea, pixka bat azpimarratzeko errealitate bera ikusteko zenbat modu diferente dauden, eta bakoitzak nondik begiratzen duen horrek zelan baldintzatzen duen mundua ikusteko eta munduan bizitzeko dugun modua», azaldu du idazleak. Jaiok nabarmendu du oso garrantzitsua dela kontziente izatea zer lekutatik begiratzen dien bakoitzak munduari eta besteei, leku hori ez baita neutrala. Eta horretan hainbat faktorek eragina badute ere, adierazi du generoak pisu handia duela. «Hori azpimarratu nahi nuen, nola gure egiteko moduetan, besteek gugan dituzten espektatibetan, guk geure buruaz ditugun espektatibetan... Horietan generoak eragin handia duela. Batzuetan iruditzen zaigu leku neutro batetik ari garela idazten, hitz egiten, erabakitzen, eta hori ez da horrela. Zein da gure lekua? Hausnarketa hori egitea uste dut oso inportantea dela, eta, liburu honetan, protagonistak, Ismaelek, prozesu hori biziko du». Jaioren hitzetan, nobelak, azken batean, kontatzen du gizon batek duen kontzientzia hartze prozesua generoak bere bizitzan duen eraginari buruz. Eta haren bidez, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduen inguruan egiten du gogoeta. Dena den, zehaztu du hiru pertsonaien bidez plazaratzen dela generoak denon bizitzetan duen eraginari buruzko gogoeta.
Jaioren libururik «anbiziotsuena, ausartena eta borobilena» da nobela berria, Xabier Mendiguren editorearen ustez. «Gai potoloak aukeratu ditu Karmelek, zailak, ausartak, minberak; eta onik atera da». Gaineratu du polemikoak izan daitezkeen gaien inguruan «sermoirik bota gabe» fikzioa ongi egiten asmatu duela.