Bigarrena du oraingoa. Amaren eskuak eleberriarekin jaso zuen Beterriko Liburua aipamena 2006an, eta Aitaren etxea liburuagatik jasoko du orain 111 Akademiaren saria Karmele Jaiok. Akademia osatzen duten kideen iritziz, hori izan da 2019ko libururik onena. Urtarrilean hasi zuten erabakia hartzeko bozketa prozesua, eta haren fase guztietan suertatu da garaile Jaioren liburua.
Bere nobela «anbiziotsu» eta «ausartena» ondu du Jaiok, Akademiako kideek zabaldutako oharraren arabera, «lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz». Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzan duen eragin «itzelaz» ari da Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. «Akademiakide batek idatzi bezala, 'literatura heldutasunera iritsita' aurkituko du irakurleak lan honetan».
Bost hautagai
Jaioren liburuarekin batera, beste lau liburu ere heldu ziren hautaketaren bigarren fasera: Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan eta Itxaro Bordaren Susmaezinak. Apirilaren 2an jakinarazi zuten horietatik Atxagaren eta Jaioren liburuek jaso zutela boto gehien, eta orain eman dute bi finalisten artean akademiako kide gehienen babesa jaso duen liburuaren albistea.
Gaur egun, guztira 201 akademiakide ditu 111 Akademiak, eta 114k hartu dute parte urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru bozketa txandetan.
Edonola ere, jakinarazi dutenez, akademiak aurten ez du egingo jendaurrean saria banatzeko ekitaldirik, koronabirusaren ondorioz ezarri den "ezohiko" egoera dela kausa. Bestelako bideak aztertzen dabiltza, halere.
Datorren urtean, mende laurdena
Akademiako kideek gogorarazi dutenez, mende laurdena beteko du sariak datorren urtean. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena, eta 2012. urtean hartu zuen aipamen horrek 111 Akademiaren Saria izendapena. Euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa emateko asmoz sortu zen saria.
Hau da orain arte saritutakoen zerrenda:
1996 Joxean Agirreren Elgeta.
1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak.
1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri.
1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion.
2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean.
2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua.
2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua.
2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.
2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua.
2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten.
2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak.
2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea.
2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana.
2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori.
2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak.
2011 Harkaitz Canoren Twist.
2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene.
2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat.
2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak.
2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron.
2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua.
2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin.
2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa.
2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea.