‘Adarbakarra’
Konpainia: Infinitu Drama. Sortzaileak eta interpreteak: Maite Aizpurua, Garazi Navas. Kanpo begirada: Oier Guillan. Lekua: Getxoko Muxikebarri kulturguneko Areeta aretoa. Eguna: abenduak 3.Â
Euskararen eguna ospatzeko Getxoko Muxikebarrin ikusi dugu Adarbakarra izeneko proposamena, Maite Aizpurua antzezle rolean eta Garazi Navas musikariarenean zeudela.
Hala ere, ezin dugu esan rol erabat definituak edo elkarrengandik urrunduak izan direnik. Protagonismo aktorala Aizpuruari egokitu zaion arren, emanaldian zehar bien artean abestu dituzte kanta batzuk aktorearen soprano ahotsa baliatuta eta Navasen akonpainamendu bokalarekin. Bestetik, Navasen rola ez da akordeoi handia jotzera mugatu, haren gaineko eskuzko perkusio txikiak eta metronomo moduko batekin ere girotu dituelako bestearen burutazio libreak, era garaikidean girotu ere eta gehienbat soinu disonanteen eremuan kokatuta.
Une jakin batean, ikusten ari ginena «kasketa filosofikoa» zela esan digu Aizpuruak, eta nik uste dut izendapen horrekin ondo asmatu duela sorkuntzaren definizioan. Baina nik performance poetikotzat etiketatuko nuke bien lana, gaurko jendearen filosofiatik edateaz gain, Aizpuruaren arlo pertsonaletik sortua delako eta nolabaiteko poesia sortu duelako erraietatik jariotako gogoeten eta musikarekin izandako dialogoen kontura.
Bestetik, aipatzekoa da gorputzari emandako garrantzia, pasarte batzuetan ezerosotasuna sortu duena baina sakonean bat zetorrena proposamenaren nolabaiteko probokazioarekin. Bide horretatik, euskalduntasunaren gai existentziala agertu da, eta harekin batera beste asko, anabasa batean, batzuetan Aizpuruaren esanetan eta beste batzuetan Navasekin izandako solasaldi mamitsuetan.Â
Kitsch gustuko arropa koloretsuak jantzi ditu Aizpuruak —Navasek janzkera neutro eta serioagoa erakutsi du— eta jostailuzko adarbakar batek presiditu du eszena, gure ilusio faltsuen erakusgarri, inor epel utzi nahi ez duen lan esperimental honetan. Â