kultura

Katalanek Euskal Herria "zuzenean" ezagutzeko aukera

Juan Carlos Etxegoien 'Xamar'-en 'Orhipean: Gure herria ezagutzen' liburua katalanez argitaratu dute. Egilea Bartzelonan da gaur, Sant Jordi egunean.

enekoitz esnaola
2012ko apirilaren 23a
17:54
Entzun

Juan Carlos Etxegoien Xamar euskal soziolinguistak (Garralda, 1956) 1992an atera zuen Orhipean: Gure herria ezagutzen liburua (Pamiela), eta, geroztik, gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera itzuli zuten. Orain, katalanera ere bai —Orhipean. El país de la llengua basca—, eta gaur Bartzelonan da Xamar bera, Sant Jordi egunean liburua saltzen. "Sekulako giroa da hemen, Rambletan. Postuak goian eta behean dira, liburuak nonahi", esan dio BERRIA.INFOri.

128 orrialde dauzka Orhipean. El país de la llengua basca liburuak, eta berriro Pamielak argitaratu du, oraingoan Bartzelonako Euskal Etxearen laguntzarekin —Eusko Jaurlaritzak ez zuen itzulpenerako dirurik eman—. Ainara Munt Ojangurenek itzuli du, eta sarrera Quimi Portet katalan musikariak egin du. Ruper Ordorika euskal musikariaren bidez iritsi zitzaion sarrera egiteko aukera.

"Quimik frantsesez irakurria zuen liburua, eta esaten zuen katalanez ere argitaratu beharra zegoela, oinarrizko Euskal Herria ezagutzen hasteko bide bat izateko katalanek", azaldu du Xamarrek. "Hunkitu egin nau haren sarrerak; bihotzarekin eta buruarekin idatzi du".

Euskal soziolinguistak ere azpimarratu du katalanek —"gure kide diren herriko lagunek"— orain euren hizkuntzan euskara eta euskal kulturaren historia "zuzenean" ezagutzeko parada izango dutela. Orhipean. El país de la llengua basca-k harrera ona izango duela iritzi dio. "Katalanek Euskal Herriarekiko miresmen bat daukate", esan du, Bartzelona erdi-erdian dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.