Katalogotik kanpo dauden diskoak berreskuratuko ditu Ibaimusic denda digitalak

Artistek beren lana zuzenean Interneten komertzializatzeko aukera izango dute plataforma berrian, beste bitartekorik gabeEuskal Herriko hamazazpi diskoetxeren diskoak eta hainbat kantu jarri dituzte salgai

Agustin Oiarzabal Ibaimusic.com-eko koordinatzailea eta Luis Ruiz komunikazio arduraduna. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko «musikari gehienen lanak» bilduko ditu Ibaimusic musika denda digitalak, Agustin Oiarzabal eta Luis Ruiz Ibaimusic.com-eko ordezkariek azaldu dutenez. Legalki deskargatzeko milaka artxibo jarri dituzte eskura webgunean. Euskal musikaz gain, nazioarteko hainbat artistaren diskoak eta katalogotik kanpo dauden lanak biltzen ditu atariak. Guztira zortzi mila disko baino gehiago jarri dituzte salgai, mp3 eta FLAC formatuetan —horietatik 1.300 euskal talde eta bakarlarienak dira—, eta katalogoa zabaltzen jarraituko dutela azaldu dute.

Ibaimusic industrian sortutako behar berri batetik sortu da, Ruizen aburuz. Musika produktuen kontsumoa zeharo aldatu da azken urteotan, eta gero eta zailagoa da musika dendak topatzea, eta are zailagoa egiten zaio Ibaimusic.com-eko komunikazio arduradunari dendetan gustuko duen musika topatzea, horietan «diskoetxe gutxi batzuek promozionatutako lanak» baino ezin daitezkeelako topatu. Horien aldean, Ibaimusic «topa ezin ditzakezun lanak aurkitzeko toki aproposa» dela adierazi du Ruizek.

Ibaimusic.com-ek katalogotik kanpo dauden hainbat disko errekuperatuko ditu. «Banaketa digitalak hilda zeuden katalogoak errekuperatzeko aukera ematen dizu». Aukera hori dute, hain zuzen ere, denda digitalak diru asko aurrezten duelako ohiko banatzaileen aldean; izan ere, diskoak kopiatzea, biltegiratzea eta banatzea oso garestia da eta Internetek asko merkatzen ditu kostuak.

Bestalde, Ruizek azaldutakoaren arabera, diskoetxe baten babesik ez duten artistek ere lekua izango dute denda digitalean. «Beren musika zuzenean komertzializatu nahi duten autore independenteei tresna bat eskaintzen diegu; bitarteko gutxi dituzunean horrelako erreminta bat izatea oso garrantzitsua da jende guztiarengana heltzeko». Horretarako, webgunean atal berezia prestatu dute, artistak beraiekin harremanetan jar daitezen.

Euskal Herriko musikari dagokionez, euskarazko eta gaztelaniazko musika biltzen du, estilo askotarikoa: rocka, musika klasikoa, popa eta folka, beste askoren artean. Dendak hamazazpi euskal diskoetxetako lanak komertzializatzen ditu euskarri digitalean. Tartean dira Elkar, Gaztelupeko Hotsak, Gor, IZ eta Baga-Biga. Euskal Herriko talde eta bakarlarien lanen salmenta prezioa abesti bakoitzeko 0,99 eurokoa da mp3 formatuan, eta 1,10 eurokoa FLACen; disko osoak 8,99 euro balio du mp3n, eta 10,99 euro FLACen.

Nazioarteko egileak

Euskal Herriko musikaz gain, beste herrialde batzuetako musika lanak ere badituzte salgai. Ruizek azaldu duenez, «batez ere, eremu minoritarioetan», hala nola musika klasikoan, jazzean, metalean eta bluesean, oso artista ezagunak dituzte beren katalogoan. Besteak beste, Ray Charles, John Lee Hooker, Bebo Valdes, Nina Simone, Javier Krahe eta The Dubliners.

Dendaren webgunetik at ere presentzia du Ibaimusicek, erabiltzaileak informaturik edukitzeko eta haiekin harremanetan egoteko sare sozialetan ere hartzen baitu parte. «Ibaimusic sare sozialetan guztiz integraturik dago, edozein iradokizun, kexa edota konpromiso jasotzeko zein erabiltzaileekin edozein harreman izateko», argitu du Ruizek. Horrez gain, arreta hori artistentzat ere badagoela esan du: sare sozialetan Ibaimusicek dituen guneetan, artistek beren lanak promozionatzeko tokia izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.