LIBURU AURRERAPENA

Kearen fiordoa

Bost mende atzera egin du Iñaki Petxarroman idazle eta BERRIAko kazetariak 'Kearen fiordoa' fikzioko bere lehenengo liburuan. 1615eko udaberria da, eta hiru itsasontzi abiatu dira Donostiatik Islandiara, baleak arrantzatzeko asmoarekin.

2015eko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gaiztotu egin da itsasoa bat-batean, eta txalupak lehorrera eraman dituzte. Martinek eta Aszensiok gidatuta, bi ontzitan irten dira goizean marinelak Skarfatangiko faktoriatik Steingrimsfjordurreko badiatik at. Egunak dira faktoriako eraikinak eta txalupak konpondu dituztela eta, baleen zain egon badira ere, ez dute haien arrastorik aurkitu. Horregatik, Grimsey uhartetik iparralderagoko ur zabaletan barneratzea erabaki dute kapitainek, izotzez betetako itsasoan zer moduz nabiga daitekeen neurtzeko, batetik; eta, balearik agertzen ote den ikusteko, bestetik.

Bi batelak horretan ari direla, lehorretik gertuko izotz ugariren artean pasabidea aurkitu nahian, ekaitza lehertu da, eta izotzak harrapatu ditu Eyjar herrixkatik gertu. Ez aurrera ez atzera geratu dira arrantzaleak, ihesbiderik gabe. Itsas labarretako harkaitz ugarien artean itxi die izotzak pasabidea, eta lanak izan dituzte txalupak lehorreratu eta sokekin lotzeko. Zeren, ingurua ongi ezagutzen badute ere —Balako mendiaren azpian daude, eta talaia hori aprobetxatuta behin baino gehiagotan aritu dira inguru horretan baleak harrapatzen— lainoak ikusmena oztopatu die, eta noraezean aritu dira denbora batez, enbatak txalupak harkaitzen aurka jotzeko zorian.

Euria barra-barra ari duela lehorreratu dira marinelak, eta gertu beharko lukeen Eyjar herrixkaren bila abiatu dira. Hamabi gizon doaz, ilaran, bat bestearen atzetik. Haizearen zurrunbiloaren artean oihu bat entzun dute. Ilaran azkena dihoan Domingo Iturbe arpoilariak buruan kolpe bat jaso du eta lurrera erori da, konorterik gabe. Segituan erreparatu diote erasoari taldeko gainerakoek, eta aizkoraz zein ezpataz babestu dute euren burua, erasotzaileak gainean dituztela ohartuta. Hogei bat dira arerioak, buruak txanoekin estalita.

Martinek kolpe gogor bat jo dio aizkoarekin erasoan etorri zaionari, eta lurrean utzi du, zaurituta eta odoletan. Ondoren arkabuzarekin tiroka hasi da, airera, esker-eskuin. Tiroren batek erasotzaileetako bat jo du, eta liskarraren anabasaren erdian, buruzagiak zerbait oihukatu du islandieraz. Atzera egiten hasi dira erasotzaileak orduan, mendian gora. Mantso doaz, airean baitaramate balaz zauritutakoa. Atzetik jarraitu diete Aszensiok eta Domingok tarte labur batez, baina buelta emateko eskatu die Martinek, gehiago urrutiratu baino lehen, biak bakarrik joatea arriskutsua izan daitekeelako.

—Nor diren eta zergatik eraso diguten jakitea premiazkoagoa da gure bizitzak arriskuan jartzea baino —esan die kapitainak marinelei hurbildu direnean. Baiezko keinua egin dute biek, ados daudela iradokita.

Laburra izan bada ere, borrokak ahituta utzi ditu, ahituta eta zaurituta, baina euriak, atertu beharrean, indartu egin du erasoa. Mutiletako batek, Juan Aldalur mutrikuarrak, zauri sakon bat dauka besoetako batean, eta medikuaren laguntza beharko du sendatzeko. Zauria estali diote alkandora baten zatiarekin, odol jarioa ixteko. Kolpe eta ubelduak dituzte askok, haietako batzuek buruan, baina onik daude, zauri larririk gabe. Oinez jarraitu dute Eyjarrerantz, eta bidean topatu duten etxalde batean eskatu dute laguntza, atea jota.

Nola lagundu ez daukala ohartarazi die etxe atarira irten den agureak. Etxea txikia da, zohikatzez egina, islandiar erara, eta dozena erdi bat ardi eta oilo erkin batzuk besterik ez dauzka barruan, ekaitzetik babestuta.

—Zer ju presenta for mi? —galdetu dio Martinek agureari, gosea dutela eta gaua bertan pasatu nahi dutela gaineratuta.

Buruarekin ezezko keinua egin dio gizonak, ezin dituela lagundu, beldurrak airean:

—Presenta for mi ollarra, for mi, presenta for ju dirua.

Islandiarrekin arrantzale euskaldunak mintzo diren era berezian ari bada ere, agureak ez dio tutik ulertu, eta islandieraz ari zaio erantzuten Martini, hitz urdurietan.

Martinek Aszensio eta Domingori galdetu die zer egin, bertan geratu edo beste norabait joan. Enbataren bortitza ikusita, zuhurrena bertan geratzea dela deliberatu dute, agurearen baimenik gabe bada ere.

Etxeko jabearen gogoaren aurka, bi oilo hartu, lepoa moztu eta lumatzeari ekin diote. Agureak biraoka jardun du luzaro, eta Martinek emandako diruak ez du amiñi bat ere apaldu haren amorrua. Kanpoan haizearen ufada gogorrek etxetxoaren aurka jotzen dute; bota egingo dutela ematen du. Sutan erre eta berehala banatu dituzte bi oiloak gizon guztien artean, zauritua dagoenari puska handiago bat emanda. Ez dute askorako, baina txalupetan gailetak hartu dituzte, zer gerta ere, eta horrek lagundu die sabelak hala nola betetzen.

Jan ondoren lurrean etzan dira marinelak, bat bestearen ondoan, estu-estu. Agurea ere teilatupeko gelatxora erretiratu da, haserrea pitin bat baretuta. Loak hartu ditu guztiak, gaueko zaintza antolatu eta berehala.

Baretu du denboraleak. Garbitu du zerua, eta iparraldeko herrietako gau argitsua bisitan etorri da fiordoen lurraldera. Izarrak ere oparitu dizkio ortziari, eta barea ekaitzaren beldur ziren bizidunei. Lo sakonean daude marinelak, gozo, denentzako tokirik apenas izan arren. Bakarrik zauritutako marinelaren oinaze eta hasperenak entzuten dira tarteka, eta haizeak leiho puskatuen aurka ematen dituen kolpe gero eta bakanagoak.

—Martin, goizeko bostak dira, esnatu —azken zaintza egin duen mutilak belarrira hitz egin dio kapitainari.

Lo arinetik esnatu da Martin eta berehala jarri dira martxan gizonak. Bezperan euritan egindako bide lokaztutik atzera eginda, berehala topatu dituzte txalupak, arintzen ari duen gandu artean. Pasabidea mozten zien izozmendia itsas barrenera mugitu dela ikusi dute, pozarren, eta, arraunak heldu, eta azkar hartu dute bi txalupek hegoalderako bidea, itsaso barearen gainetik pixkanaka abaila hartuta. Grimsey uharteak eta fiordoek banatutako korridoretik barneratuta, badia dute parez pare. Eta Skarfatangi, han urrunean.

—Balea, balea! —oihukatu du Aszensio arpoilariak atzeko txalupatik. Atzera begiratu du Martinek, eta pozik ikusi du animaliatzarraren arnasak sortutako ur-zurrusta airean, euskal baleak egin ohi duen antzera, V formarekin.

«Ekaitzaren ostean, barea. Egun ona izango duk gaur», pentsatu du Martinek bere baitan, Steingrimsfjordurrera iritsi direnetik lehen balea ikusita. Zorteak laster euren alde egingo duelako usteak gozatu du ekialdetik mantso heldu den eguzkiaren etorrera.

—Ekingo al diogu baleari? —galdetu dio Domingo arpoilariak kapitainari.

—Ez —erantzun dio Martinek—, egun osoa dugu horretarako. Skarfatangira joan behar dugu, adiskideek gure laguntzaren beharra izan dezakete eta.

Erabakia hartuta, gogotsuago ekin diete arraunei, atzetik leun jotzen dien brisak hauspotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA