Hatortxurock musika jaialdia Atarrabiara (Nafarroa) helduko da 13. urteurrenean. Gaur eta bihar, hamar talde bilduko dira kontzertuak emateko, eta Kerobia eta Bide Ertzean izango dira jotzen lehenak, jaialdiko lehen egunean. Bihar, berriz, Soziedad Alkoholika, Narco, Reincidentes, Leihotikan, Ken Zazpi, Betagarri, Ze Esatek! eta Bad Sound System taldeak ariko dira. Horiekin batera, Dj Jo eta Txo eta Dj Elepuntok ere musika eskainiko dute. Bi karpa prestatu ditu antolakuntzak kontzertuetarako, agertoki banarekin. Gaur 21:30ean zabalduko dituzte ateak; bihar, berriz, 19:00etan.
Pop eta rock doinuek abiatuko dute jaialdia. Kerobia 2001ean sortu zen, Iruñean, eta hiru disko kaleratu ditu; azkena, Materia organikoa, 2010ean. Horrekin batera trilogia osatzen dute Kerobia (2004) eta Rose Escargot-ek (2006).
Bide Ertzean-ek ibilbide luzea darama musika munduan. Deabruak Teilatuetan taldearen alternatiba gisa sortu zen, 1998an, eta zortzi disko kaleratu ditu geroztik. Gaurko emanaldian hainbat musikari izango dituzte lagun: Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Naroa Gaintza (Amaiur), Aritz Mendieta (Deabruak Teilatuetan), Toño Muro (Balerdi Balerdi) eta Xabaltx.
Bihar askotariko musika estiloek egingo dute bat Atarrabian. Taldeetako batzuk disko berriekin helduko dira, gainera. Soziedad Alkoholikak (Gasteiz) Cadenas de Odio (BOA) diskoa aurkeztuko du, taldearen 13. lana. Reincidentes rock taldea Tiempos de Ira diskoarekin helduko da Sevillatik (Espainia). Hamasei kantu bildu dituzte «taldearen lanik positiboenean».
Leihotikan taldeak «bizirik dagoela» aldarrikatuko du Atarrabian. Oroimenak erretzen (Gor) diskoa kaleratu berri du bere 18. urtebetetzea ospatzeko, eta hori aprobetxatuz, «martxan jarraitu» nahi duela iragarri du taldeak. Ze Esatek! taldearen lan berria da Rock & Ron (Elkar). Diskoarekin batera, DVD bat plazaratu zuten pasa den azaroan.
Sarrerak eskuragarri
Betagarrik ez du disko berririk aurkeztuko, eta Hatortxurockek ondo ezagutzen ditu bere abestiak: aurtengoa jaialdia bisitatzen duen bosgarren aldia izango da. Rock eta skaren nahasketak hamar disko eman ditu; azkena, Bizitzari txistuka (Elkar), 2009an. Ken Zazpi ere aurretik izan da jaialdian, eta bi urte egon gabe eman ondoren, bihar itzuliko da. Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak sortu zuten taldea 1996an, eta Ortzemugak begietan (Elkar, 2011) dute azken lana.
Reincidentesekin batera, Narco ere Sevillatik iritsiko da. 2008an bisitatu zuen Hatortxurock, eta urtebete geroago kaleratu zuen Alita de mosca bere azken diskoa. Horren aurretik bost disko plazaratu zituen, bilduma bat tarteko. Jaialdiaren hondarrean ariko da Bad Sound System. Irungo (Gipuzkoa) taldeak hip-hop, dancehall eta ragga musikaz agurtuko du aurtengo festa.
Dagoeneko amaitu da sarrerak aldez aurretik erosteko epea, eta kontzertuetara joan nahi duenak Atarrabian bertan erosi ahal izango ditu sarrerak. Ostiraleko sarrerak 15 euroko prezioa du, larunbatekoak 24 eurokoa; bi egunetarako bonua, berriz, 25 euroan eskura daiteke.«Herritarrak sentsibilizatzeko» nahia agertu du antolakuntzak. «Urte hasieran Espainiako eta Frantziako Estatuetan 700 euskal preso politiko baino gehiago sakabanatuta» egongo direla gogorarazi dute, eta haiei eta haien senitartekoei elkartasuna adierazi nahi diete.
Kerobia eta Bide Ertzean taldeek irekiko dute gaur Hatortxurock jaialdia
Hamar talde ariko dira gaur eta bihar Atarrabian euskal presoen alde; bi oholtza prestatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu