Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat. Hain zuzen, «populismoa, demagogia eta klientelismoa» egotzi zien EH Bilduko eta Sumarreko legebiltzarkideei. Hitz bakoitzak zutabe bat mereziko lukeen arren, klientelismoak behar du gaur arreta.
Erroma klasikoan sortu zen klientelismoa, eta, aro garaikideko politiketara egokituta ere, oinarri sinple samarra du: agintea duenak talde edo pertsona bati faboreak —ikus lanak, laguntzak, kontratuak— eskaintzen dizkio bere fideltasunaren truke. Eta hor funtsezkoa da agintea hitza. Izan ere, zein fabore eskain dezake botererik ez duenak? Nola liteke Eusko Jaurlaritza 1980tik ia modu jarraituan eta oraintxe bertan erkidegoko hiru aldundiak gobernatzen dituen alderdiak besteei klientelismoa aurpegiratzea? Zeinek du Euskal Herrian halako fabore sarea mantentzeko boterea? Akusazioa Trump edo Isabel Diaz Ayusoren mailakoa iruditzen zait.
Aurreko astean irratira gonbidatu ninduten Jaurlaritzak asmatu berri duen Artearen Euskal Sistemari buruz hitz egitera. Ibone Bengoetxeari ulertu nionaren arabera, orain arte egin duten gauza bera egiteari jarri dioten izena da hori. Bengoetxeak «konpromisoa» deitu zion: erakundeek beren artean kolaboratzeko konpromisoa —hori kultur politika balitz bezala, eta ez jakintzat hartu eta eska daitekeen minimoa—; artisten garrantzia hitzez eta ez ekinez laudatzeko konpromisoa —euren baldintza ekonomiko prekarioei inolako arretarik jarri gabe eta hierarkiak argi utziz: oso esanguratsua museoen zuzendariak prentsaurrekoan lehen lerroan eserita egotea eta artistak atzean, Bengoetxeak esaten duen bitartean sistema guztia sortzaileei zor zaiela—; eta ARCOn galeriei sostengua emateko konpromisoa, artelanak merkatuan saltzeaz bizi diren euskal artistak dozena erdira ere iristen ez direnean.
Horretaz guztiaz hitz egiteko, nitaz gain, artista bat nahi zuten irratikoek. Hainbatekin harremanetan jarri ziren. Denek esan zuten, off the record, ustezko sistema izen dotorea besterik ez dela, kulturgileak Euskal Herriko adituen artean prekarioenak direla, eta erakundeek ez dutela kultur politika eraginkorrik egoera horri aurre egiteko. Ondoren, denek eman zuten aditzera ez zirela ausartzen irratian publikoki hitz egitera. Azkenean Alain Urrutiak hartu zuen parte: urteak daramatza Berlinen, eta, hortaz, ez du errepresaliez —erakusketak, diru laguntzak edo erosketa aukerak galtzeaz— beldur izan behar.
Beraz, egia da klientelismoa badela. Sarea eraiki duen patroia zein den da galdera.