Urte mordoxka bat pasatu da jada zoroen asanbladak biharko eguzkia eta eguraldi ona iragarri zituenetik, eta oraindik ez gara egokitu baldintza horietara. Klima larrialdiaz aritzen gara, edo krisi ekologikoaz; bai behintzat komunikabideetan eta eztabaidetan. Kantuetan ere bai?
Hasi Lemoizko zentral nuklearraren kontrako abesti bildumatik eta Leitzarango autobidearen edo AHTaren aurkako borrokak hauspotzeko kantuetara, antidesarrollismoaren garrak izan du elikatuko zuenik gurean. Aroztegiko auziaren harira ere Tatxers eta Olaia Intziartek jarri dute haien alea berriki, adibidez. Tradizio hori aberastu ezean jai dugu, dena den: Lurraren defentsa (hizki larriz) eta lurraren defentsa ez baitira sinonimo hutsak.
Antzeko koordenatuetan baina diskurtso aberatsagoarekin aritu ziren Dut, agian dagokigunerako talderik erreferentzialena. Analisi osoago bat egin zuten haiek: klase ikuspegia txertatu zuten («Aberatsen zaborra / pobreen pribilegioa / lehengaiak lapurtu / zabortegiak elikatzeko»), lelo biribilenak eman zizkiguten («Lurra iraintzen duenak / bere burua iraintzen du»), bakanak izan ziren hezurdura fosila salatu eta bestelako auziekin lotzen («Petrolioa ere etorkina da / baina hauxe ez da pateran iritsi»).
Trantsizio ekosozialak eskatzen duen kultura aldaketaren zantzuak ere topa litezke beste zenbait artistarengan. Ruperrek esan zigun «zerutik gertu» ez dela «ondo egoten», Letek idatzi zuen ihes betearen zain egon baino, «etxe ertzeko loredien maitalea» izatearen ezinbestekotasunaz; Joseba Irazokik kantatzen zituen Mikel Tabernaren hitzok: «Le bonheur est simple / gasna mazel bat / botila bat ardo / eta konpainia ona / mahaiaren bueltan». Badago hor desiren desazkunderako, dena-nahi garaikidearen kontrako bulkada baten isla.
Ez da aski, ordea. Tabernarenak dira ondorengoak ere, Irazokik bere eginak: «Aldaketa klimatikoa / hala da pronostikoa / sekulako ostikoa». Horixe da gaurko eta biharko eguraldiaren iragarpena. Ekaitzari aurre egiteko, Nakar taldekoen indarra ezinbestekoa izango da: «Errazagoa da naturaren amaiera irudikatzea / futbolaren amaiera irudikatzea baino / baina guk mundu berri bat daukagu bihotzean». Mundu berri horrek izango ahal du kantatuko dionik.