Artea sortzen den lekuak (I)

Kolektiboa bezain norberarena

Bilboko Etxe Betean hainbat emakume zinemagilek hartu dute aterpe urteotan beren filmak garatzeko. Lara Izagirrek 2017an erein zuen sormen egonaldien lehen hazia, eta proiektua zenbait adarretan garatu dute ordutik.

Lara Izagirrek abiatu zuen Etxe Betea egitasmoa, eta Naia Arantzamendik egonaldia egin berri du bertan. Irudian, biak Etxe Betean, uztail hasieran. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lara Izagirrek abiatu zuen Etxe Betea egitasmoa, eta Naia Arantzamendik egonaldia egin berri du bertan. Irudian, biak Etxe Betean, uztail hasieran. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Bilbo
2025eko abuztuaren 12a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Bilbo erdigunean ez da patxada handirik sumatzen. Autoak hara eta hona dabiltza Moiua plaza inguruan, turista ugari ere bai maletei tiraka, presaz ateratzen da jende saldoa metroaren ahotik, eta merkealdia iragartzen duten dendetan sartu-irtenean dabiltza beste asko. Euri langarrak apur bat baino ez du freskatzen sargoria. Ordea, isiltasuna nagusitzen da Etxe Betea hartzen duen eraikin dotoreko ate sendoa zeharkatu orduko. Kalearekin kontrastean, lasaia da giroa barruan. Eta Lara Izagirreren hitzek ematen dute aztarnarik gunearen izaeraz: «Hona norbait oso estresatua sartzen denean, igarri egiten zaio; hemen ez gaude horrela».

Emakume zinemagileei beren film luzeak garatzen laguntzeko, egonaldiak egiteko proiektu bat abiatu zuen Izagirrek 2017. urtean. «Hasierako asmoa zen emakume bati gune bat, diru laguntza eta tutoretza batzuk ematea. Nire esperientziatik zetorren ideia: 25 urte nituela hasi nintzen zinema egiten, eta orduan sortu nuen ekoiztetxea, baina nahiko bakarrik nengoen. Beste emakume batzuek bestelako esperientzia izatea nahi nuen», azaldu du zinemagile, gidoilari eta ekoizleak. Bicycle Poem film laburra (2010) izan zuen estreinako lana, eta beste zenbait labur, Un otoño sin Berlín (2015) eta Nora (2020) fikziozko film luzeak, eta Empoderío dokumentala (2014) zuzendu eta ekoitzi ditu geroztik, besteak beste. Aipatu duen bakardade hori batez ere proiektuen hastapenetan sumatu izan zuen, idazketan eta. «Gero, ekoizleak sartzen dira, edo lantaldeak sortzen dira, eta jende gehiagorekin zaude. Beraz, hasierako fase horretan elkarrekin egoteko guneak ziren sortu nahi genituenak».

«25 urte nituela hasi nintzen zinema egiten, eta orduan sortu nuen ekoiztetxea, baina nahiko bakarrik nengoen. Beste emakume batzuek bestelako esperientzia izatea nahi nuen»LARA IZAGIRRE Zinemagilea eta proiektuaren sortzailea

Deialdia emakume zinemagileei berariaz zuzentzeak ere zerikusia du Izagirreren esperientziarekin. «Gizarteko eremu guztietan bezala, zinemagintzan aukera desberdintasun handia ikusten dut; oraindik ere zuzendari moduan ez gara heltzen filmen %30 egitera, eta, ekuazioan euskara sartuz gero, urte batzuetan ez da izan emakumerik fikzioa egiten, adibidez. Nire moduko beste emakume batzuei lagundu nahi nien». Eta haiei laguntzeko modua horixe zela erabaki zuen: «Gune seguruak sortzea emakumeek zinema egiteko».

Artean ez zuten Bilbon gaur egun duten lekua, eta, hala, lehen bi deialdietan parte hartutako zinemagileak Izagirreren ekoiztetxera joaten ziren, Gariza Films-en bulegoetara. «Gu ginen haien mentoreak, diru laguntza ere ekoiztetxearen aurrekontuaren zati bat izaten zen...». Bi urtez jardun zuten modu horretan, eta lehenik Naiara Carmonak eta ondotik Estibaliz Urresolak hartu zuten parte. Etenaldi bat izan zuen gero proiektuak, eta 2022an berriro heldu zioten; ekoiztetxearen egoitza Etxe Betea deitu zioten etxebizitzan kokatu zutenean. «Hasieratik nahi genuen gune bat egonaldi artistikoak egiteko, eta hona etorri ginenean esan genuen: ‘Orain bai, orain benetako egonaldiak egin behar ditugu’». Halaxe egin dute geroztik.

Lau programa aukeran

Hasierako asmoa zenbait adarretan garatu da geroztik, eta programa bat baino gehiago daude martxan gaur egun Etxe Betearen teilatupean; hastapenetan diren film luzeen proiektuak laguntzeko, denak ere. Urtean behin zabaltzen dituzte deialdiak, eta oraintxe irekita daude datorren aldirako izen emateak, abuztuaren 25era arte —etxebetea.com atarian aurki daiteke informazio guztia—.

Gela bat norberarena du izena egonaldi luzeenak. Izagirre: «Bederatzi hilabete irauten du, sortzaileek 5.000 euroko laguntza jasotzen dute, haiek aukeratzen dute aholkularia, eta, behar badute, bizitzeko toki bat ere badute Etxe Betean». Ikasturte baten epea izaten dute egonaldiek, urritik ekainera bitartekoa. Edozein hizkuntzatan aurkez daitezke proiektuak, eta, hasieratik, hogei herrialde baino gehiagotako 120 inguru jaso izan dituzte urtero. Lehen aldietakoak gaztelerazkoak izan zirenez, euskarazko lanak berariaz sustatzeko beste deialdi bat egitea erabaki zuten 2023an. «Konturatu ginen euskarazko proiektu gutxi jasotzen genuela eta, haiei bultzada berezia eman ezean, zailago zutela. Eta guretzat euskarazko sorkuntza bultzatzea oso garrantzitsua denez, euskarazko deialdia egiten hasi ginen». Ordutik, bi zinemagile hautatzen dituzte urtero; euskarazko lan bat garatzen aritzen da bat, eta beste edozein hizkuntzatako beste bat bestea.

Deialdi horrekin, Ainhoa Rodriguez izan zen lehena gunea estreinatzen, 2022an. Hurrengo urtean, Mikele Landa hautatu zuten euskarazko lanen deialdian, eta Maria Herrera bestean. Igaro berri den ikasturtean, berriz, Naia Arantzamendik eta Tamara Lucarinik hartu dute aterpe Etxe Betean.

Elkarrekin sortzen izendatu zuten beste programetako bat, eta laugarren deialdia izango du aurten. Hilero bi zinemagile talde biltzen ditu etxean —euskaraz aritzen dira batean, eta gazteleraz bestean—, eta beren proiektuak, ideiak eta kezkak elkarrekin komentatzen dituzte. Ikasturte amaieran, gainera, astebeteko egonaldia egiten dute Bizkaiko landetxe batean. Hamaika dira urteotan parte hartu duten zinemagileak.

(ID_15123403) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-07-07, Bilbo. Etxe Betea proiektua
Naia Arantzamendi, bakarkako lanerako etxeak dituen lekuetako batean. M. RAMIREZ / FOKU

Parte hartu nahi dutenek programa batean, bestean edo bietan eman izan dute izena. Egonaldia haietatik zeinek egingo duten hautatzeko, sektoreko sei lagunek osatutako epaimahai bat izaten da urtero. Eta hautagai nagusien artean geratu bai, baina azkenean Gela bat norberarena egonalditik kanpo geratu direnak Elkarrekin sortzen-era gonbidatu izan dituztela azaldu du Izagirrek —izatez, hala sortu zuten deialdi hori, jende gehiagori lagundu ahal izateko—. Zehaztapena egin du segidan: «Hau jende askoren etxea da, ez da coworking gunea; eta kontua ez da nork duen proiekturik onena, kontua da nor gonbidatzen duzun zure etxera, norekin gosaldu nahi duzun, nor ikusi nahi duzun sukaldean. Bizitzarekin zerikusi handiagoa du, azkenean, sukaldean gertatzen baitira zinemaren inguruko elkarrizketa polit eta eraldatzaile asko». Pijaman egon liteke bat, eta dutxatik atera berritan toalla buruan bilduta bestea; halako elkarrizketak gertatu izan direla kontatu du, barrez.

«Hau jende askoren etxea da, ez da coworking gunea; eta kontua ez da nork duen proiekturik onena, kontua da nor gonbidatzen duzun zure etxera. Bizitzarekin zerikusi handiagoa du, azkenean, sukaldean gertatzen baitira zinemaren inguruko elkarrizketa polit eta eraldatzaile asko»LARA IZAGIRRE Zinemagilea eta proiektuaren sortzailea

Lehen aldiz, nazioarteko sortzaile bati ere egin diote lekua iragan ikasturtean, eta Alkistis Efthymiu zinemagile greziarra bi astez izan da Bilbon. Deialdi horretan artista bakarra aukeratuko dute aurten ere, eta, Etxe Betean lekua ez ezik, aholkularitza ere izango du bere proiektua garatzeko.

Eta aurten, lehen aldiz, beste deialdi bat ere jarri dute martxan, «gatazka armatua duen, errepresio politikoa duen, adierazpen askatasunik ez duen edo zinematografia ekoizpenerako azpiegitura eta laguntzarik ez dagoen herrialde bateko emakume zinemagile batek egindako film luze bat garatzen laguntzeko». Proiektua edozein hizkuntzatan landu ahal izango du, eta Etxe Betean bederatzi hilabeteko egonaldia egiteko aukera izango du, hileko mentoretzak zein aurrez aurreko topaketak egitekoa ere bai, eta 5.000 euroko laguntza jasoko du.

Horiek guztiak aurrera eramateko, urtero finantzaketa izaten dute buruhauste nagusia Izagirrek eta haren kideek. «Espazioak funtzionatzen zuela erakutsi arte ez gara finantzaketa jasotzen hasi; guk aurreratu behar izan dugu beti». Bilboko Udalaren eta BBK fundazioaren laguntza baieztatua dute aurten, eta beste erakunde batzuena jaso izan dute tarteka. «Hori beti da arazo, ze urtearen erdian gaude, eta finantzaketaren erdia dugu; egiten zoazen heinean zoaz finantzatzen, eta finantzatuko den konfiantzarekin». Hala ere, urtero egin izan dute aurrera orain arte. Eta deialdietan parte hartu duten kideak eta etxera arrazoi bat edo beste tarteko joan izan direnak kontuan hartuta, ehun bat lagun igaro dira dagoeneko bertatik.

Biziz sortzeko

Etxebizitza handi eta aldi berean goxoa da Etxe Betea. Beirate zabalak, sabai altuak eta zurezko zoruak ditu. Kalera ematen dute leiho batzuek, patiora beste batzuek, eta U forma hartzen du espazioak patioaren bueltan. Naia Arantzamendi bertan bizi izan da azken bederatzi hilabeteotan, eta hark eta Izagirrek gidatu dituzte argazkilaria eta kazetaria etxean barrena: sartu eta ezkerrean, bulegoak; eskuinean, mahai zabal bat duen gela; eta, korridorean aurrera eginda, lanerako gela gehiago —hondokoa da handiena—. Lanerako eremuak bizitzeko tokiekin nahasten dira erdiko korridorean: komunen parean dago edizio gela, eta apur bat aurrerago sukaldea. Barrenen dagoen partean daude egonaldietarako logelak eta bakarka lan egiteko guneak. «Hemen [etxearen lehen erdian], beti dago giroa, jendea... sukalderaino eta sukaldean, juerga! [barrez]; eta atzeko aldean, berriz, bakea», laburbildu du Izagirrek. Egonaldietan daudenak batetik bestera ibili ohi direla kontatu du, eta, hala, batzuen eta besten artean harremanak eta elkarrizketak sortzen direla. «Hasieratik sentitu genuen espazioak berak trukerako aukera emango zuela eta funtzionatuko zuela».

(ID_15123406) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-07-07, Bilbo. Etxe Betea proiektua
Sukaldea izaten da sortzaileen topalekuetako bat, baita elkarrizketa askoren aterpe ere. M. RAMIREZ / FOKU

Harreman horien lekuko izan da Arantzamendi. Elkarrekin sortzen programan parte hartu zuen lehenik, eta Gela bat norberarena deialdiarekin orain gutxi arte aritu da lanean Etxe Betean. Lehen aldian parte hartu ondotik, orduko lanbidea uztea eta zinemagintzari heltzea erabaki zuen. Koaxi proiektua lantzen aritu da bi aldietan. «Aurkeztu nuenean, abandonatuta zegoen; bere garaian idazten aritu nintzen proiektu bat zen, baina bakarrik sortzean perspektiba galdu nuen, eta alde batera utzi nuen. Eta Elkarrekin sortzen-en sartu nintzenean, guztien babesarekin eta terapia askorekin [barrez] berriz hartu nuen. Oso urte polita izan zen. Gero lana uztea erabaki nuen, zer etorriko zen jakin gabe, baina nora joan nahi nuen jakinda, igual zailena dena. Eta, azkenean, nire lekua topatu nuen».

«Buruan ideia asko nituen, baina oso nahasiak. Eta oraintxe, gidoiko elkarrizketak garatzeko ditudan arren, pelikula badago; nik ikusi egiten dut pelikula, eta hori oso handia da»NAIA ARANTZAMENDI Zinemagilea

Azken hilabeteotan idazten jardun du buru-belarri, eta Aintzane Usandizaga izan du bidelagun. Egonaldia egiten dutenek mentorea aukeratzen dute, eta idazlea hautatu zuen Arantzamendik, narrazioari lotutakoak zituelako kezka nagusiak. Mentoreak gutxieneko konpromiso batzuk hartzen ditu —etxean asteburu batzuk igarotzea, bilera batzuk bertan egitea...—, baina bikoteak adosten du lan egiteko modua, eta, gutxienekoetatik harago, Usandizagak izan duen inplikazioa erabatekoa izan dela eskertu du Arantzamendik: «Guztiz sartu da prozesuan». Halaber, etxeko harremanetan sortutako iritzi trukeak nabarmendu ditu —«Ez duzu bakarrik sortzen, hori ere prozesuaren parte da»—, eta beste emakume zinemagile batzuk erreferentetzat izateko aukera edukitzea ere bai.

(ID_15123408) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-07-07, Bilbo. Etxe Betea proiektua
Izagirre eta Arantzamendi, Etxe Betean sortzaileak elkartu ohi diren geletako batean. M. RAMIREZ / FOKU

Hastapenetako proiektua asko aldatu da Etxe Betean sartu zenetik. «Buruan ideia asko nituen, baina oso nahasiak. Eta oraintxe, gidoiko elkarrizketak garatzeko ditudan arren, pelikula badago; nik ikusi egiten dut pelikula, eta hori oso handia da». Bera ere aldatu dela uste du sortzaileak. «Uste dut nire buruarengan konfiantza irabazi dudala egonaldiarekin. Norberaren lanketa bat da, baina hori ahalbidetzen dizun inguru bat behar duzu horretarako, eta uste dut hori izan dela niretzat garrantzitsuena; ez dut uste sartu nintzenean eta orain pertsona bera naizenik».

Arantzamendirentzat bezala, Izagirrerentzat ere garrantzitsua da emakume zinemagileen artean bizipenak eta esperientziak trukatzea, elkarrengandik ikastea eta elkarri aurrera egiten laguntzea. Zinemagintza ez baita mundu erraza, aitortzen duenez. Izagirre: «Gogoan dut lehen grabaketan ‘horrela egiten da’ esan zidatela; ba, horrela egingo da... Baina nire izaeraren oso kontrakoak ziren gauzak sentitzen nituen, gogorrak zirenak. Egin ahalko da beste modu batean? Gero konturatzen zara baietz, baina hasieratik inguruak erakusten dizuna hori bada... Ez dago modu bakarra zinema egiteko, eta beste eredu bat ere bada sortu nahi duguna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.