Elena Martinez Rubio.
Iritzia

Kolokan

2025eko urriaren 15a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan zen mendearen azken hamarkadan hasita, bolada batean ia-ia ez zen egon ez kazetaririk ez pentsalaririk Hannah Arendt (1906-1975) —jatorriz judua, filosofoa eta antisemitismoaren ikerlaria— aipatzen ez zuenik. Harira etorri edo ez, egunkarietako hamaika artikulu eta testutan agertzen zen Arendt. Haren idazkiak, salbuespenak salbuespen, ordura arte nahiko ezezagunak ziren. Une hartan, berriz, ugaritu egin ziren Arendten liburuen argitalpen berriak, berrargitalpenak, itzulpenak, bildumak. Laster, ordea, Arendt behin eta berriz aipatzen zuten gehienak ahaztu ziren berak esandakoaz. Merezitako aitortza jasotzea garrantzitsua izan arren, badirudi ideiak ere modaren arabera kontsumitzen direla. Kontsumitzeak erre arte erabili eta bota esan nahi du. Beraz, bide batez: argitaletxeek, edo beste eragile eta erakunde batzuek, Euskal Herrikoak barne, kultura kontsumitzeaz hitz egiten dutenean, argi uzten dute zer-nolako kultura duten buruan.

Bada, Palestinaren gatazkaren larritasuna goia jotzen ari den honetan, inor gutxi gogoratzen da Arendtek Palestinari buruz egin zuen hausnarketaz, nahiz eta XX. mendeko berrogeiko hamarkadan gai horretaz idatzi zituen testuak oso argigarriak izan. Bat bakarrik aipatzearren, 1943ko Can the Jewish-Arab Question Be Solved? (Konpondu daiteke juduen eta arabiarren arazoa?). Bertan aukera desberdinak aztertu zituen Arendtek, ondorio bat ateratzeko: ez zuela Palestinarako inongo etorkizunik ikusten, juduak eta arabiarrak elkarrekin bakean bizitzea adostu ezik. Eta ausardia izan zuen, juduentzat hain latzak ziren urte haietan, arabiarrak bigarren mailakoak izango ziren estatu bati uko egiteko.

Hori dela-eta, Arendt beti izan da baztertua Israelen. Hebreerara egindako haren lanen itzulpenak urriak dira, eta beste hizkuntzetakoak baino askoz beranduagokoak. Ez zaio barkatu sionismora hurbildu eta ondoren erabat urruntzea. Idith Zertal historialari eta saiakeragile israeldarra Arendtekiko gorrotoaz mintzatu zen 2006ko elkarrizketa batean:

«Daukagun gaitasuna geure burua betiereko biktimatzat hartzeko —barrura zein kanpora begira—, batere kritikoa ez den narraziogintza irrazionalari eta mitologikoari eutsi izanari zor zaio. Arendtek eraitsi egiten du hori. Beraz, Arendt da, pentsalarien artean, Israelen premia handienaz irakurri behar dena —eta horrexegatik izan da, eta bada, hain gorrotatua».

Jakina, oraintxe bertan, lehentasuna du Israel egiten ari den sarraskia geldiarazteak. Ez dago, apika, liburu piloa irakurtzeari lotzeko betarik. Izan ere, Arendtekin jarraitzeko, muturreko bidegabekeria borrokatzen hasteko ez da ezinbestekoa unean-unean gertatzen ari denari buruzko ulermen oso baten jabe izatea. Alegia, nahikoa da egoeraren behin-behineko ulertze bat izatea. Esate baterako, Arendten garaian zaila zen totalitarismoa ulertzea hainbat ezaugarri berri zituelako, hau da, garaikideek inoiz ikusi gabeak. Era berean, munduan egun jazotzen ari diren batzuk ez dira guretzat, garaikideontzat, ulertzen errazak. Besteak beste, nola liteke juduek sortutako estatua, urtez urte, hamarkadaz hamarkada, ankerkeria maila honetaraino iritsi izana? Nola bilakatu ote dira borrero garai bateko biktimen ondorengoak? Negar egiten dugu hango berriak jasotzean. Oro har, zein zibilizazio mota da gaurkoa? Filosofia, politika edo antropologia arloko ikerketa sakonenak geroago etorriko dira; horixe espero dugu, behintzat.

Muturreko bidegabekeria borrokatzen hasteko ez da ezinbestekoa unean-unean gertatzen ari denari buruzko ulermen oso baten jabe izatea

Hala ere, orain, zer? Garai larrian bizi gara, eta hamaika arrazoirengatik, kolokan. Gehiengoa ohitu da goitik behera datorrena besterik gabe onartzen, eta zergak ordaintzen arma sofistikatuenak fabrikatu daitezen. Askok ez du sinesten ezer egin daitekeenik basakeriaren kontra, gehiengo horrek, berez, inon gerrarik nahi ez badu ere. Eta abar.

Bestalde, herritarrek beren burua arazoetatik kanpo utzi nahiaz hau idatzi zuen Arendtek 1942an, gerra betean: «Heldu da garai izugarria,... non belauniko bizitzea aukeratzen duena belauniko hiltzen baita; garai bat non ez dagoen ezer errazagorik esklabo bat erailtzea baino. Bizirik gaudenok ikasi behar dugu ez dagoela belauniko bizitzerik, eta bizitzaren atzetik korrika egiteak ez gaituela hilezkorrak egingo; bai eta hil egingo garela, ezerengatik hiltzeko prest ez bagaude ere, eta ezer egin ez dugun arren».

Hitz horiek laburbilduz eta testuinguru gehiagotara eramanez, egoera arriskutsuetan aurre egitea besterik ez dago, nahi edo nahi ez. Alferrik da beste alde batera begiratzea.

Hannah Arendt idazle eta pentsalaria.
Hannah Arendt idazle eta pentsalaria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.