Artea

Koloreztatutako barne bulkadak

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

Oaia Peruarena, Ekain Arte Lanak galeriako 'Behiz eta berriz hasi' erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
Oaia Peruarena, Ekain Arte Lanak galeriako 'Behiz eta berriz hasi' erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 10a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bulkadak. Koloretako bulkadak. Barnetik eta barneranzkoak, baina nola edo hala barne horretatik erauziak. Halakoak dira Oaia Peruarena (Irun, Gipuzkoa, 1972) artistaren margolanak. Eta bulkada horien arabera sortzen du: «Maite dut beti galtzea eta aurkitzea. Barreneko bultzadei askatasuna ematea, eta gero askatasun hori ordenatzea». Kaosaren eta orekaren arteko etengabeko elkarrizketa bat da, sekula amaitzen ez dena. Edo amaitu arren, berriz ere hasten dena. Beti. Hutsetik, baina ez hasieratik: «Esperientzia gehitu egiten da poliki-poliki, eta oraingo abiapuntua eta orain dela bost urtekoa ez dira abiapuntu bera». Ideia horren bueltan sortu du Peruarenak, hain zuzen ere, Behin eta berriz hasi margolan bilduma. Erakusketa Donostiako Ekain Arte Lanak galerian ikusgai egongo da irailaren 5era arte.

Mihise gaineko olioak, paperean akrilikoz eta pastel margoz sortutako piezak, eta collageak daude ikusgai galerian. Eta, guztiaren gainetik, koloreak nabarmentzen dira. Hain zuzen, koloreak «interesatzen» zaizkio gehien Peruarenari. Koloreekin ikertzea, jolastea eta haien artean sortzen diren «loturak» aztertzea. Azaldu du, dena den, «momentuak galdegiten» dionaren arabera erabakitzen duela zer kolore erabili: «Hemen zati hori landuagoa dago [olio lan handi bat seinalatu du], eta, horregatik, kolore batzuk apalagoak dira. Sortu nuenean, kolore ñabarduretan sakontzea interesatzen zitzaidan».

Pieza handiak ez ezik, ertainak eta txikiagoak ere badaude aretoan; denera, kasik 30. Margolariak egunean «sentitzen» duenaren eta «gustuko» duenaren arabera aukeratzen ditu formatuak eta tamainak: «Formatu handiagoek indar handiagoa eskatzen didate fisikoki. Egun batzuetan ez dut halako indarrik sumatzen, eta nolabaiteko intimitatea behar dut, formatu txikiagoak agian, goxoagoak».

Horregatik daude neurri guztietako lanak galeriako hormetatik zintzilik. Sartu eta berehala, lan handi bat dago paretan eskegita, zeinak bisitariari eskaileretan behera jaisteko gonbita egiten dion. Aretoan dauden gainerako obren artean ezberdinena da agian, eta ikuslea gehiagorako egarriz uzten du. Txikiagoa da ezkerreko hormako lan bat, pastelez egindakoa; finagoak ditu trazuak, harmonikoagoak, ordenatuagoak nolabait. Kaosaren eta ordenaren arteko hartu-emana berriz ere. 

Artistak kontatu du sortzeko garaian erabakiak «intuitiboak» izaten direla askotan: «Trazu bat gertatzen da, eta badakizu aski dela horrekin». Eta, hala, margolanak berak «eskatzen» dionari jarraituz erabakitzen du Peruarenak obra bati zenbateko bolumena eman, trazua zer aldetara egin eta zer kolore erabili: «Lanean ari naizen bitartean eskura ditudan materialak erabiltzen ditut, eta, momentuan etortzen zaidanari erantzuna emateko, baliteke pintzelaz zarta bat ematea, behatzak sartzea edo margo masa bat botatzea mihise gainera».

Oaia Peruarenaren 'Behiz eta berriz hasi' bildumako bi obra, Ekain galerian. GORKA RUBIO / FOKU
Oaia Peruarenaren Behiz eta berriz hasi bildumako bi obra, Ekain Arte Lanak galerian. GORKA RUBIO / FOKU

Baina nondik abiatuta, nola hasi sortzen? «Uste dut sorkuntzan gabiltzan gehienok zerbait izaten dugula barrenean beti», hausnartu du Peruarenak. Gehitu du batzuetan ideia bat sortzen zaiola barruan, buruan «mantxa» forma hartzen duena; «abiapuntu» bat, haren hitzetan. Beste zenbaitetan, ordea, margolaria bera da obra bere baitan bilatzen duena: «Paperak hartzen ditut, jarri, eta hor, egonean, kolore bat ikusten hasten naiz; horrek ematen dit abiapuntua».

Paper zati txiki-txikiak

Peruarenaren lana etengabeko bilaketa bat da; norbere buruarena, baina baita landutako askotariko tekniken ingurukoa ere. Horrexegatik, dio «ezeztatu» egiten ditu «ontzat» jotzen ez dituen lan asko. Dena den, baztertutako lanek ere elementu eta zati «interesgarriak» izaten dituzte, eta gorde egiten ditu halakoak: «Baditut paper zati txiki-txikiak gordeak eta oraindik erabili gabe, ez baitakit zertarako izango diren».

Gordetako zati horietatik sortzen ditu collageak. Lan horietan ere nolabaiteko oreka bilatzen du: «Konposizioa kaos bat izaten ahal da, baina konposizio bortitzago batean ere bada piezen arteko koherentzia bat». Artistak argitu du collagearen teknika pinturarenetik ezberdintzen duena «tentsioa» dela, margolanak «galdu» edo hondatu egin baitaitezke keinu baten ondorioz, eta collageak, berriz, moldagarriagoak edo «arinagoak» dira: «Collageetan, gerta daiteke zerbait ez erabiltzea, baina ez duzu pieza galtzen. Margolanetan, berriz, espazio hutsak hutsik utzi ahal izateko erabakiek nahiko xuxenak izan behar dute».

«Konposizioa kaos bat izaten ahal da, baina konposizio bortitzago batean ere bada piezen arteko koherentzia bat»

OAIA PERUARENAMargolaria

Eta margolariak «maite» ditu tarte hutsak. Harentzat, hutsunea isiltasuna da, arnasgunea. Hala ere, ziurtatu du hutsik uztea baino errazagoa dela «betetzea, betetzea eta betetzea», eta horrexegatik egin ohi dituela bi modutako lanak: «hutsune anitzekoak» eta «materia askokoak».

Beraz, «arrazionalki» eta hitzez azaldu ezinezko bulkadak, koloreak eta hasierak dira nagusi Peruarenaren azken bilduman. Zer gertatzen da bukaerekin, baina? Ba al da amaierarik? Artistaren aburuz, obren eta bildumen bukaerak «sentitu» egiten dira. Bildumak ez omen dira betiko amaitzen, ordea, eta halaxe azpimarratu du: «Bukaera izaten da, baina momentuko bukaera. Zerbait gelditzen da bilduman, baina beti egongo da berriz hasteko zerbait, aurreko horri lotua egonen dena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA