Zinema. Estreinaldiak

Komedia, estralurtarrekin

Nacho Vigalondok 'Extraterrestre' estreinatuko du, H.G. Wellsen 'War of the Worlds' obra klasikoan oinarrituaHerritarrek estralurtarren inbasio baten aurka nola jokatuko zuten erakusten du

Michelle Jenner eta Julian Villagran, Nacho Vigalondoren Extraterrestre filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Film laburretan ospe nahiko handia lortu zuen Nacho Vigalondok. 7:35 de la mañana izan zen sonatuena, horrekin Oscar sarietarako hautagai izatea lortu baitzuen. Horrez gain, gidoilari lanetan ere trebezia handia erakutsia zuen, batez ere telebista saioetan. Besteak besteak, Vaya semanita eta Muchachada Nui telesail ezagunetarako atal ugari idatzi zituen.

Film laburrekin sari garrantzitsuak lortu ostean, ikusmin handia zegoen haren lehen film luzeak zer ekarriko zuen ikusteko. Los cronocrímenes izan zen, H.G. Wells idazleari eta haren denbora makinari egindako omenaldi interesgarria. Denboran bidaiatzeko ideia guztiz bihurritu zuen film horretan, bukle moduko istorio korapilatsu bat egiteraino.

Karra Elejalde eta Barbara Goenaga izan ziren fantasiazko film horren protagonista nagusiak. 2007koa da Los cronocrímenes, eta aurkezpen ofiziala urte horretako Sitgesko fantasiazko zinemaren zinema jaialdian izan zen. Filmak nahiko kritika onak izan zituen; hala ere, aretoetan nahiko oharkabean pasatu zen.

Lehen film luzea eginda ere, ez zion utzi film laburrak egiteari. Beste zuzendari askok ez bezala, Vigalondok formatu hori benetan estimatzen du, ez du inoizfilm luzerako eman beharreko urrats soil gisa ikusi. Horrela, 2007 eta 2011 bitartean Cambiar el mundo, Marisa eta Cháchara film laburrak egin zituen.

Lehen eta bigarren pelikula luzeen artean, polemika iturri ere izan zen Vigalondoren beste jardueretako bat. Espainiako egunkari bateko blogean idazten zuen eta periodiko horrek bere kanpaina berria zuzentzeko aukeratu zuen. Juxtu orduan haren kontrako oldarraldia hasi zen. Twitteren idatzitako mezu ustez barregarri bat juduen kontrakoa eta iraingarria zela zabaldu zen sarean. Zalaparta nahiko handia eragin zuen aferak, eta, horren ondorioz, zuzendaria kanpaina horretatik baztertu zuten.

Biharamun bitxia

Bere bigarren film luzerako, berriro ere H.G. Wellsi begira jarri da Vigalondo. Haren War of the Worlds klasikoa oinarri hartuta, estralurtarren inbasio batean herritar xeheek nola jokatuko zuten galderari erantzun nahi izan dio. Komedia giroan garatu nahi izan du istorioa, absurdora jotzen duen trama baten bitartez. Azken finean, ikusleari luzatu nahi izan dion galdera honakoa da: nola jokatuko zenuke egun batean zeure buruaren gainean objektu hegalari bat ikusiko bazenu?

Ataka horretan egonen dira Extraterrestre-ko bi protagonista nagusiak, Julio eta Julia. Mozkorraldi baten ondoren, elkarrekin esnatuko dira biharamunean. Ez dute elkar ezagutzen, eta ez dira akordatzen nola iritsi diren elkarrekin oheratzera. Julio berehala maiteminduko da Juliarekin, baina Juliak ez du gauza bera sentituko. Haien egoera are gehiago korapilatuko da hiriaren gainean objektu hegalari erraldoi bat dagoela ohartuko direlako. Hori dela eta, ezin dira etxetik atera, elkarrekin egotera kondenatuta daude.

Vigalondoren Extraterreste Toronto eta Donostiako zinema jaialdietan estreinatu zuten areto komertzialetara ailegatu aurretik, eta horietan iritzi eta kritika nahiko kontrajarriak eragin zituen.

Dagoeneko bere hurrengo proiektua prestatzen hasia da Vigalondo. Gauzak ez badira okertzen, AEBetan filmatuko du hurrena, Supercrooks izanen du izenburu eta Mark Millaren komiki berriaren moldaketa izanen da.

'EXTRATERRESTE'

Zuzendaria: Nacho Vigalondo.

Aktoreak: Michelle Jenner, Julian Villagran, Carlos Areces, Raul Cimas, Miguel Noguera.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2011.

Iraupena: 90 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.