Zabalik dago Durangoko Azokan banatzen den Sormen Bekara lanak aurkezteko epea. Zortzigarrenez antolatu dute deialdia Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak, urteroko helburu bera hartuta: euskarazko sorkuntza sustatzea, eta sortzaile berriei bidea erraztu eta haien lanak ezagutzera ematea. Aurreko zazpi aldietan, bekak bultzada eman die literaturaren, musikaren, ikus-entzunezkoen, eremu digitalaren, arte eszenikoen, transmisioaren eta esku hartze artistikoen arloetako sorkuntza proiektuei. Zortzigarren aldian, berriz, komiki proiektu bat lagunduko du.
18 urtetik gorako sortzaile berrientzat da beka —gehienez, bakarkako bi lan izan ditzake argitaratuta—, eta banaka zein taldeka aurkez daitezke proiektuak. Egitasmo bakarra sarituko du bekak, eta bai sorkuntza bai plazaratzea lagunduko ditu, 15.000 euro emanda. Proposamenak posta elektronikoz bidali ahalko dira, gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Mezuan, eskaera orria, curriculuma eta portfolioa ez ezik, hauek ere aurkeztu beharko ditu sortzaileak: proiektuaren memoria (motibazioa, luzera, kronograma...); komiki lanaren sinopsia eta argumentuaren garapena; pertsonaia nagusien diseinua, eta lanaren erakusgarri izango den ilustrazioen lagina (marraztutako eta amaitutako sei orrialde).
Irailaren 21ean itxiko dute lanak aurkezteko epea, 18:00etan, eta Durangoko Azokako egunetan jakinaraziko dute irabazlearen izena. Ondotik, irabazleak urtebeteko epea izango du lana gauzatzeko, eta 2026ko Durangoko Azokan aurkeztuko du.