Komisario berrien bila

Donostia 2016ren Komisario Berriak proiektuan hamar partaide aukeratuko dituzte, itzulpengintzaren inguruan bi erakusketa garatzeko

Komisario berriak egitasmoan parte hartzeko deialdia zabalik dago martxoaren 31ra arte. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Arte komisarioen praktika bultzatzea du xede Donostia 2016ren Komisario Berriak proiektuak. Euskal Herrian jardunbide horretako profesional berriak sortzea, hain zuzen. Horretarako, deialdi ireki baten bidez, hamar pertsona aukeratuko dituzte, eta denen artean bi ekoizpen garatuko dituzte urte amaierarako, Aimar Arriolaren gidaritzapean. Europako Batasuneko herrialderen batean bizi eta komisario lanetan aritzeko interesa duen edonor aurkez daiteke deialdira —euskara eta gaztelania jakitea baloratuko da—, martxoaren 31ra bitartean. Donostia 2016z gain, Gasteizko Artium museoak eta Montehermoso kulturuneak, Bilboko Azkuna zentroak eta Donostiako Tabakalerak parte hartu dute egitasmoan.

Bi proposamen horiek garatzeko, aukeratutako hamar pertsonek laborategi formatuko topaketak egingo dituzte. Zehazki, hiru izango dira, bakoitza lau egunekoa: lehenengoa Tabakaleran, maiatzaren 23ko astean; bigarrena Azkuna zentroan, uztaileko lehen astean; eta hirugarrena Artiumen, uztail hasieran. Arriolaz gain, bi komisario gonbidatuk zuzenduko dituzte laborategiak: Tamara Diaz Bringas kubatarra da bata, eta Sabel Gavaldon bartzelonarra bestea.

Itzulpengintzaren gaia da proposamen horiek garatzeko ardatza. Arriolak azaldu duenez, komisario lana arte erakusketen ekoizpenarekin lotzeaz gain, artisten eta arte erakundeen arteko bitartekaritzarekin ere erlazionatu ohi da. Haren arabera, bitartekaritza hori azaltzeko orduan itzulpenaren irudia edo metafora erabili ohi da. «Metafora hori hartu genuen abiapuntu gisa. Metafora baliagarria iruditzen zaigu oraindik, baina baditu bere arazoak, itzulpengintza, askotan, testura eta lengoaiara murrizten baitu metafora horrek. Guk beste itzulpen mota batzuk ere aztertu nahi ditugu laborategietan. Komisariotza ahots bakarreko itzulpen indibidualetik aldendu eta zerbait kolektibo moduan landu nahi dugu».

Hamar partaide eta gai bat izanda, ez dago zehazterik emaitzak nolakoak izango diren. Arriolak esan du ez zaiola metodologia jakin bat zehaztea gustatzen. Horren ordez, partaideekin hitz eginez eta haien desioak aintzat hartuz erabakiko dute zein izango den taldearen lan egiteko modua. Bideak erakutsiko du, beraz, zein izango den helmuga. Ekoizpen prozesu bakoitzerako 20.000 euro izango dituzte partaideek. Abenduan, Azkuna zentroan egingo da lehen erakusketa, eta bigarrena, Artiumen, 2017ko lehenengo hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.