begona del teso
Eppur si muove

Koneju gaiztoarekin kafea hartzen

2026ko otsailaren 13a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez naiz ni oso untxi edo lapinzalea. Jateko bai. Gozoa da. Osasuntsua ere bai. Jaki bezala, ondo. Maskota moduan, sekula ez. Maskota hitzari berari gorrotoa diot. Are handiagoa maskota hori iletsua eta leuna bada. Untxietatik kristoren grazia egiten didan kontu bakarra zera: Jainkoak esandako «hazi zaitezte eta ugaldu» mandatua zeinen ondo, azkar, sutsu eta bero betetzen duten.

Ez, ez naiz lanpitxozalea. Ezta Aliziaren konpainian Lurralde Miresgarrian nagoenean ere. Presaka eta korrika dabilen Oryctolagus cuniculu zuri horri ez diot sinpatia izpirik; izatekotan, burutik egina den Martxoko Erbia nahiago. Eta desde luego, beti izango nauzue Cheshireko Katuaren adoratzailea…

Alta, Gemini izanda horoskopoan, aldakorra naiz amodio eta desamodiotan. Izan ninteke, beraz, Bugs Bunnyren kide. Eta Kathleen Turnerren marrazkiarekin maiteminetan zegoen Roger Rabbiten kasik konplize.

Hori guztia aitortu ondoren, hona hemen nire zinpeko azken deklarazioa: belauniko nauzue alabantzetan koneju baten aurrean. Nahi dut, ordea, jaka aldatze hori zuek ondo ulertzea, badut eta zio, aitzakia eta motibo ugari goian esandako oro bertan behera uzteko, eta kontrakoari heltzeko. 

Lehenik eta behin, miresten ikasi dudan untxia ez da begi arrosak dituen maskotatxoa, adoratzen hasi naizena ez da lapina; izan ere, ez da lapina ez untxia, konejua baizik. Gainera, ez da besoetan hartzeko jostailu biziduna, alderantziz oso alderantziz baizik: gaiztoa duzue. Maltzurra. Txarra. Eta nik, eta nik, horrelakoak ditut gogokoen.

Dagoeneko badakizue, ezta? Badakizue zein konejuz ari naizen: Bad, Bad, Bad Bunnyz!!! Gustuko dut egiten duen musika. Begiko munduarekiko hartzen duen jarrera politiko-soziala. Gogoko dut zeinen abilezia gardenaz nahasten dituen bere-bereak diren bi hizkuntza; gaztelania zein ingelesa. Kafearekiko adiktu erabatekoa izanik, ereserkitzat daukat Los Pleneros de la Cresta taldekoekin abesten duen Café con ron kantua, zeina Donostiako Anoeta futbol zelaian ozen abesten den, Espainiako Kopako finalean Sevillan izango garela aldarrikatuz. Kafeinomano hutsa izanik, Puertoko Ricoko San Juan zaharrean BBk duen kafetegira erromes eta egarriz joango nintzateke.

Dagoeneko badakizue, ezta? Badakizue zein konejuz ari naizen: Bad, Bad, Bad Bunnyz!!! Gustuko dut egiten duen musika. Begiko munduarekiko hartzen duen jarrera politiko-soziala. Gogoko dut zeinen abilezia gardenaz nahasten dituen bere-bereak diren bi hizkuntza; gaztelania zein ingelesa

Maitatzen ikasi dut Koneju Gaiztoa. Haren benetako izen eta abizen guztiak ditut maite: Benito Antonio Martínez Ocasio. Erreparatu al diozue bigarren apellidoari? Ez zaizue ezaguna egiten? Bai! Estatu Batuetako Alderdi Sozialista Demokratikoaren partaidea den Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide ausart eta probokatzailearekin partekatzen du amaren aldetik datorkion grazia. Ez dira familia berekoak, baina bai pentsamendu eta jokamoldeen aldetik anai-arrebak. Beti pentsatu izan dut nik, daramazun izenak eratu, garatu, osatu egiten zaituela…

Maite dut nik Martinez Ocasio jauna, 17 Grammy sari latino eta 6 nazioarteko dituen koneju maltzurra. Super Bowlen lortu zuena miresgarria izan zen. Trump eta haren leinukoak zapuztu, eta marroiak deitutako gizaki guztien harrotasuna indartu, berpiztu, batere matxoak ez ziren arropak jantziak zituela piztu ere…

Konejuaren desio eta aginduetara nago, ilusioz gainezka. Aspaldian nintzen zinematografikoki Puerto Ricoko jendearekin liluraturik. Noztik? Erraza da jakiten: West Side Story ikusi eta entzun nuen momentutik. Nik uste, hor izan nuen puertorricarren lehen notiziya. 

Gogoan duzue? New Yorkeko bi tribu aldez aurre. Biak kalekumez osatuak. Jatorri desberdinetako kalekume gaztez osatuak. Jet-ak zuriak ziren, protestanteak, Europatik ziren etorriak haien arbasoak. Shark-ak ordea, marroiak ziren, Puerto Ricokoak. Gaztelania zuten ama hizkuntza eta ezberdina erritmoa. Gogoan America abesti sarkastikoa? «I like to be in America, O.K. by me in America, Everything free in America...»

Maria eta Tony Julietaren eta Romeoren moduan maitemindu ziren hartan izan genuen askok Puerto Ricoko berri lehenengoz. Harrezkero, mila eta bat gauza ikasi dugu San Juan Zaharrez. Dakigun eta ez dakigun horrek guztiak areagotzen du Bad Bunnyri diogun debozioa. Debozio zeluloidezkoa ere. Ez ahaztu, eskizo samar garen batzuok izugarri gustuko dugun Darren Arofnoskyren Caugth Stealing izenburuko noir arriskutsu-ganberro horretan hartzen du parte Benito Antonio Martínez Ocasiok, Colorado izengoitiaz ezaguturiko dealer-matoiarena eginez.

Maite dugu BB. Maite dugu Puerto Rico. Maite dugu bertako kafea. Maite dugu Rita Moreno America abestuz. Caught Stealing plataformetan duzue. America YouTuben. Koneju Gaiztoa, nonahi.

(ID_15776075) EEUU MÉXICO MÚSICA
Bad Bunny, Super Bowleko atsedenaldian emandako ikuskizunean. CHRIS TORRES / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA