Zer gertatuko zen Erresuma Batuko Langile Alderdiaren antolaketan eragina izan zuen eta The New Statesman aldizkaria sortzen lagundu zuen Fabian elkarte sozialistak unibertsitate baten proiektua —Londresko Ekonomia Eskola izango zena, hain zuzen— diruz laguntzeari uko egin, eta, horren ordez, afrikar amerikar misiolari talde baten egitasmoarekin bat eginda, sosak Belgikako Leopoldo erregearengandik lursail zabalak erosteko erabili izan balitu, errege beraren terrorezko agintetik ihes egin nahian dabiltzan kongotarrei laguntzearren? Zer gertatuko zen Kongoko buruzagi indigenak Europatik eta AEBetatik kolono iritsi berrien ikuspegi utopikoak erakarrita sentitu izan balira, eta, haien laguntzarekin, eta lurrun teknologiaz baliatuta, globo gidatuak eta bestelako ontziak sortu izan balituzte, Leopoldo erregearen administrazioaren gehiegikerien kontra beren buruak babesteko? Zer gertatuko zen, hamarkada batzuk geroago, Kongoko biztanleak eta Everfair izendatutako lur eremu askearen sorreran parte hartutako guztiak bere kabuz funtziona dezakeen estatua sortzen saiatu izan balira, estatu horren itxuraren eta arduren gaineko kontuek eztabaida biziak piztuz haien artean?
Hipotesi horiek guztiak ditu ardatz Nisi Shawlen (Kalamazoo, Michigan, AEB, 1955) Everfair nobelak (2016, Betibidezko). Belgikaren menpeko Kongorentzako historia alternatibo bat proposatzen du lanak; kolonizatzaileen indarkeria jasan zuten afrikar indigenei sistemari itzulia emateako aukera eskaintzen dien historia, hain zuzen. Kongoren jatorrizko historia (Kongoko Estatu Askea, 1885-1908, eta haren osteko administrazio koloniala, Belgikako Kongo) XX. mendeko genozidio kasurik larrienetako bat izan zen, eta Belgikako Leopoldo II.aren gehiegikerien aurrean Europako gainerako herrialdeek erakutsitako ardurarik ezak krisi humanitario handienetako bat bihurtu zuen. Herrialdeko kautxu ekoizpena handitzearren, Leopoldo II.aren agenteek indarkeria handiko metodoak erabili zituzten, eta, haien ondorioz, urte gutxitan jatorrizko populazioa ikaragarri gutxitu zen. Edozein zelarik aitzakia kongotarrak zigortzeko, esku bat ala biak moztea ohiko jarduera zen belgikar kolonialismoaren egunetan, eta irudi hori bera da, eskua moztutako kongotar langile esplotatuarena, garai haren erretratu gisa heldu zaiguna.
Kolonialismoaren mendekotasunetik libre dagoen lurraldea da Everfair; Kongoko indigenentzako, AEBetako esklabotzatik ihes egindako zein beste herrialdeetan jazarpenaren biktima izandako beltzentzako babesleku bat. Orain arte izan ez duten askatasunak eskain ditzakeen aukera guztiez gozatu, eta haiekin esperimentatzeko aukera eskaintzen die Everfairrek bere biztanleei. Tokiaren ospea zabalduz joan ahala, beste gutxiengo talde batzuk gaineratuko zaizkie, Europatik zein Asiatik.
Afrofuturismoa deritzon literatur generoaren ezaugarri guztiak agertzen ditu Everfair nobelak. 1990eko hamarkada hasieran agertu zen generoa, eta literaturan ez ezik, musikan, arte plastikoetan zein dantzan eragina izango zuen. Literaturaren arloan, Octavia Butler dugu afrofuturismoko idazle ezagun eta esanguratsuenetako bat. Zientzia-fikzioa, historia, fantasia, Mendebaldekoak ez diren kosmologiak eta afrikartasuna nahasten ditu afrofuturismoak, gaur egun zuriak ez diren pertsona taldeak kezkatzen dituzten gaiak eta eguneroko bizitzan aurkitzen dituzten oztopoak azaltzeko. Era berean, iraganeko gertaerak aztertu, eta haien gaineko kritika plazaratzen dute afrofuturismo generoko lanek, iraganaren eta orainaldiaren arteko lotura agertzearen bitartez.
Nobela afrofuturista mota jakin baten adierazle da Shawlen lana, ordea: Steampunk delakoarena, hain zuzen. XIX. mendeko lurrun-teknologia goraipatzen duen korronte estetikoa da, afrofuturismoak berak bezala, literaturan ez ezik, bestelako arte adierazpenetan ere oihartzuna duena.
Barne gatazkak
Ikuspegi utopiko batek ematen dio Everfairri izena eta izana. Hala ere, Leopoldo II.aren administrazio kolonialaren kontra bataila garrantzitsua irabazi, eta tokikoek lurraldeari nolabaiteko egitura politikoa ematea, estatu bihurtzea erabakitzen duten unetik aurrera, utopiak zeinen erraz bihur daitezkeen distopia azaleratzen du nobelak. Estatua antolatzeko ereduen gaineko eztabaidak gatazka eragingo du biztanleen artean. Halako proiektu baterako afrikar indigenen ahalmen intelektuala zalantzan jarrita, haiekiko jarrera paternalista azalduko dute AEBetatik heldutako misiolariek zein Fabian elkartekoek. Bestelako tirabirak ere sortuko dira. Berdin du zenbat denbora igaro duten elkarrekin eta zenbat sakrifikatu behar izan duten askatasunaren izenean; arraza, sexualitate, erlijio eta klase kontuen gainekoek biztanleak bananduko dituzte, iraganeko aurreiritzietatik harago joan ezinda.
Barne gatazkak konpondu ezean, Everfairreko biztanleek zaila izango dute gero eta ugariagoak diren kanpoko erasoei aurre egitea. Izan ere, Everfair mehatxu handia da Europako herrialdeentzat, ez bakarrik Afrikan dituzten interes kolonialei begira; Afrikatik kanpoko kolonietan izan dezakeen eraginaren beldur dira, Europaren indar militarraren ahalmena gaindi dezaketen erreboltak gertatuko balira. AEBentzat ere ez da eredu desiragarria etxeko gutxiengo taldeei dagokionez, beltzak gehienbat, baina baita indiar amerikarrak ere.
Nobelak ez du konponbiderik eskaintzen. Ez da, zentzu horretan, preskriptiboa. Aitzitik, botere harremanen gainean gogoeta egitera bultzatzen gaitu, nola inor ez dagoen haietatik salbu.
Literatura
Kongo, ustezko etorkizun batean
Belgikaren menpeko Kongorentzako historia alternatibo bat proposatzen du Nisi Shawlen 'Everfair' nobelak. 'Afrofuturismoa' deritzon literatur generoaren ezaugarri guztiak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu