'(Kontra)zirkuituak' jardunaldiak antolatu ditu Badalabek, euskal musikagintzaz eztabaidatzeko

Urriaren 15etik datorren urteko ekainera bitarte, musikagintzari buruz hausnartzeko saioak egingo dituzte hainbat kulturgunetan. Makrofestibalak, lan baldintzak, gune herrigileak, zirkuituak, adimen artifiziala eta beste izango dituzte hizpide.

Musikagintzari buruz hausnartzeko '(Kontra)zirkuituak' jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Musikagintzari buruz hausnartzeko '(Kontra)zirkuituak' jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Errenteria
2026ko irailaren 11
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Komunitate batek egiten du musika, ala musikak egiten du komunitatea?». Ez dabiltza erantzun zurrun baten bila, musika zirkuituen inguruko eztabaida sustatzeko asmotan baizik. Horretarako abiatu ditu Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak (Kontra)zirkuituak. Euskal musikagintzaren tentsioak, distentsioz izeneko jardunaldiak; hain zuzen, eredu hegemonikoaren kontrakarrean, Euskal Herriko hainbat kulturgunetan musikagintzari buruz egingo den hausnarketa eta esperimentazio prozesua martxan jartzeko. Urriaren 15ean egingo dute lehen saioa, Gasteizko Jimmy Jazzen, baina gaur jardunaldien aurkezpenari heldu dio Nando Cruz musika kazetari eta kritikari katalanak, Errenterian (Gipuzkoa), Badalaben egoitzan. Bertan izan dira datorren urteko ekainera bitarte jardunaldietan parte hartuko duten kulturguneetako ordezkariak ere; izan ere, zirkuituaren saio bakoitza Euskal Herriko gune batean egingo dute.

Harremana dute hizkuntzaren eta musikaren auziek? Baietz dio Badalabeko zuzendari Goiatz Oiartzabalek: «Ez dugu ulertzen hizkuntza bat kultura osasuntsu bat gabe, ezta kultura osasuntsu bat euskararik gabe ere». Hala, bere «aletxoa» jarri nahi izan du Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, azken urteotan musikagintzaren paradigma «asko» aldatu dela iritzi baitiote, bai tamainari, bai izaerari, baita entzuleei dagokienez ere. Beraz, kontua ikertzen hasita, kultur sistemari bere osotasunean begiratuko zion proposamen baten falta sumatu zuten, eta ez hori bakarrik: euskararekin eta herrigintzarekin lotura zeukaten guneen zailtasunen gaineko berriak jasotzen hasi ziren etengabe. Oiartzabalek azaldu bezala, bi ardatz horietatik abiatu dituzte musikagintzari buruzko jardunaldiak: «Badalaben proiektu bat izatetik harago, proiektu kolektibo bat izatea nahi genuen, egunerokoan lanean ari diren gune horien artekoa». Horrenbestez, jardunaldietako protagonistak Euskal Herriko kulturguneak izango dira. 

«Ez dugu ulertzen hizkuntza bat kultura osasuntsu bat gabe, ezta kultura osasuntsu bat euskararik gabe ere»

GOIATZ OIARTZABAL Badalabeko zuzendaria

Eta, esaterako, Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibako kideek pozez begiratu diote datozen hilabeteetan gertatzera doanari: «Bazen garaia». Kultur ikusgarritasuna, sormena eta transmisioa lantzen dituzte, eta, azaldu dutenez, urteak daramatzate orain Badalabek antolatu dituen jardunaldietan landuko diren gaiei bueltaka. Otsailaren 18an izango dute saioa, Sanagustin kulturgunean, eta, bertan, mahai inguru bat egingo dute lan baldintzak eta antolaketa eredua hizpide: «Posible al da kulturgintzatik duintasunez bizitzea? Kultur sistemak zaintzen al ditu bere sortzaileak?». Garazi Lazkano Kulturaz kooperatibako kideak jardunaldien garrantzia azpimarratu du: «Garrantzizkoa izango da ez soilik jardunaldietan landuko diren gaiez jarduteko, baizik eta baita ere hainbat gunetako kideak elkartzeko, kezkak eta errealitateak partekatzeko, indarrak batzeko eta aurrera begira nola jarraitu erabakitzeko». 

Urriaren 29an jarri dute hitzordua, Bilbon; zehazki, Bira kulturgunean. Baina, Lutxo Egiak azaldu duenez, ez dute mahai inguru bat egingo, zerbait «performatiboagoa» baizik. Zirkuitua eta gune herrigileak izango dituzte mintzagai, eta saioari Leire Vargasek emango dio hasiera; testu distopiko bat irakurriko du, non gune herrigileak desagertuta dauden. Gero, Jule Goikoetxea eta Fermin Muguruza ariko dira guneen gaineko «kartografia bat» egiten, eta solasaldi horretako ondorioei Jon Maiak jarriko die ahotsa. Bukatzeko, kontzertua emango du Ines Osinagak. Hilabete berezia da haientzat: Bira kulturguneak 10 urte egingo baititu urrian. 

«Baliagarria izango da hainbat gunetako kideak elkartzeko, kezkak eta errealitateak partekatzeko, indarrak batzeko eta aurrera begira nola jarraitu erabakitzeko»

GARAZI LAZKANO Kulturaz kooperatibako kidea

Hiru ezaugarri nagusi hartu dituzte kontuan jardunaldietan parte hartuko duten guneak hautatzeko orduan: euskara ardatz duten kulturguneak dira; herritik eta herriarentzat sortuak daude, eta, pluraltasuna sustatzeaz gain, guneak ere desberdinak dira. «Proiektu honen helburua ez da kultur ikuspegi bakar bat elikatzea; eztabaidak eta kontraesanak jarri nahi ditugu mahai gainean», azaldu du Oiartzabalek. «Mundu homogeneizatzaile honetan euskal kulturak eta euskal komunitateak dituen aukerak esploratu nahi ditugu». Zazpi saio konfirmatu dituzte, baina gehiago egiteko aukera zabaldu dute. Edonola ere, dohainik izango dira guztiak, eta grabatu egingo dituzte gainera. 

Erresistentzia kulturala

(Kontra)zirkuituak, pluralean. Bat baino gehiago baitaude. Nando Cruzek ideia horri eutsi dio, hasteko eta behin, norberak zera hausnartu dezan: «Kontsumitzen dugun horrek baliabideak eman ala baliabideak kendu egiten ditu?». Pribatizazioa areagotzen ari dela iritzi dio, eta horri aurre egiteko «autodefentsa kulturala» defendatu du, uste baitu askotan musika ere «kapitalismoaren adierazpen gorenetako bat» izan daitekeela: «Musikaren arloan boterea metatzen ari da kulturaren pribatizazioa gora egiten ari den neurrian». Azpimarratu duenez, pribatizazio horrek ekitaldi autogestionatuei zuzen-zuzenean eragiten badie ere, kulturgune bat galtzean «guztiona» da galera; hau da, gizarte osoak jasaten ditu ondorioak. 

La haine filmean behin eta berriz errepikatzen den esaldi bat ekarri du gogora Cruzek: «Orain arte dena ondo doa. Baina kontua ez da nola erortzen zaren, nola lurreratzen zaren baizik». Kulturguneetan diskurtso politikoak lantzeko beharra nabarmendu du; izan ere, haren ustetan, «kapitalismoaren garaipen» nagusietako bat zera da, bestelako alternatibarik ez dagoela sinetsaraztea. Alegia, dagoena onartzea. Baina kazetariak lurreratu arteko bidea auzitan jartzeko leku egokitzat jo du Badalabek antolaturiko zirkuitua: «Aisialdia beste mundu posible bat irudikatzeko laborategi bat da. Eta horretan ari zarete hemen». Finean, Cruzek argi baitu «erantzuna ez dela etorriko ez Spotfyren, ezta BBK Liveren eskutik». 

EGITARAUA

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA