ETBko Herri txiki, infernu handi programa izan zuen akuilua Kontua eta zikina komikiak; zehazki, Mikel Pagadik Agustin Linazasorori egindako elkarrizketa, Zegamari eskainitako saioan. «Bi plot twist harrigarrirekin», thrillerraren eta genero beltzaren elementuak bikain konbinatu omen zituen Linazasorok, eta narratiba horrek arreta eman omen zion Ibai Iztuetari (Zegama, Gipuzkoa, 1977). Hark anaiari kontatu zion —Eneko Iztueta (Donostia, 1981)—, eta biek, burua bero, Aritz Vieites marrazkilariari (Tolosa, Gipuzkoa, 1978). Halaxe sortu zen «euskal pop noir bat» omen den hau. Su motelean egindako komikia da; abiapuntua, honako hau: «1929. urtea, baserri giroa, eta, gau ilunaren erdian, ama-alaba batzuen heriotza».
Film bat egitea izan omen zen zuen lehen aukera, baina horren ordez komiki bat ondu duzue. Zinemaren ahizpa txikia al da komikia?
Eneko Iztueta: Kontakizuna ikaragarria da, eta film, podcast edo telesail bat egiteko bezainbeste ematen du. Egia da hasieran film bat egiteaz jardun ginela, baina berehala baretu ziren harrokeriak, beste harrokeriatxo bati, eleberri grafikoa egitekoari, tokia uzteko.
Gure etxean irakurri zaleak izan dira oso; aita, ama eta Ibai bera. Neuk, berriz, ez dut interes berezirik izan liburuetan, baina komikiaren unibertsoan eroso sentitu naiz gaztetatik. Kontatu nahi dudan istorioa nireganatzeko zutabeak aurkitzen ditut komikietan: irudiak, esaldi motzak, koloreak. Eta neuk erabakitzen dut non azkar irakurri, eta non geratu irudiaz gozatzen. Komikiak badu, gainera, oso antzinakoa den zerbait: irudi bidez kontatzeko ahalmena. Elizako erretaulak, Egiptoko hieroglifoak, Trajanoren zutabea... Gaur egun, komikigintza gaztetu egin da berriz.
«Ez dut interes berezirik izan liburuetan, baina komikiaren unibertsoan eroso sentitu naiz gaztetatik. Kontatu nahi dudan istorioa nireganatzeko zutabeak aurkitzen ditut komikietan: irudiak, esaldi motzak, koloreak»
ENEKO IZTUETA Gidoilaria
Memoriak eta transmisioak aparteko garrantzia dute Kontua eta zikina komikian. Ama batek haurdun dagoen bere alabari kontatutakotik ikasiko du irakurleak nork hil zituen bi emakumeak Beizaman. Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi kontatutako istorioak omentzeko asmorik bada zuen komikian?
Ibai Iztueta: Bai, ahoz ahoko kontakizunak sagu txikia belar artetik bezala igarotzen dira Historia nagusiaren ingurutik, ezta? Eleberriaren muinean dagoen gaietako bat transmisioarena eta genealogiena da. Ama-alabek hamar egunetan zehar izandako elkarrizketa horietan, nolabait, belaunaldien joanaren denbora bizi da.
E. Iztueta: Ahoz aho pasatutako kontakizun horri omenaldia egiten saiatu gara, eta, funtsean, omenaldia idatzita, dokumentatuta eta marraztuta uzten.
Lehengo mendera jo, eta 1920ko eta 1960-1970eko hamarkadak lotu dituzue. Zergatik 60-70ekoak?
I. Iztueta: Bi epeak mugarri dira. Berez, XIX. mendearen azken laurdenetik XXI. mendearen hasiera arteko denbora tartea proiektatzen da eleberrian: Julian eta Artolazabal XIX. mende amaieratik datozen gizonak dira; Carmenen umeak, berriz, gaur egun kalean dabilen jendea dira. Euskaldunek Espainiako armadan derrigorrez parte hartu beharra Bigarren Karlistaldiaren ondokoa da, eta harrezkeroztiko Historiak gure pertsonaien bizitza baldintzatu du: Rifeko lehen gerraren garaia ageri da —Jose Manuel Garcia Margallo Kataluniako prozesuaren garaian Espainiako atzerri ministro izandakoaren birraitona ibili zen saltsan—, Primo de Riveraren eta Francoren diktadura espainolistak, eta, inplizituki, azken hamarkadotan joan den gure garai hau.
XX. mendearen hasierako baserri giroa eta orduko baserritar gazteen patua erretratatu duzue. Ezaguna zitzaizuen? Zein iturri izan duzue horretarako?
I. Iztueta: Batez ere, baserriko bizitzatik kaleko bizitzarako aldaketa egin duen belaunaldia ezagutu dugu guk. Gainontzean, odolarekin eta esnearekin nahastuta ailegatzen den hori dago, halako oihartzun bat. Nolanahi den ere, iturburu bat zeharo gozagarria aipatzekotan, hara hor Antonio Zabalaren Auspoa saileko memoria liburuak; adibidez, Bartolo Aierberen Nire mundualdia eta Bizente Barandiaranen Zartu gabe ezin bizi. Eleberria girotzeko baino gehiagorako erabili ditugu.
Orduko umezurtzen patua aipatu duzue, eta zer latza izan zitekeen gurasordeen arbuioa. Ezagutu duzue kasurik?
I. Iztueta: Adin bat ezkero, mundu honetan denetariko kasuen berri izaten da; dena den, nik neuk maitasunak distira egiten duten kasuak ditut gertukoen. Genealogien eta kontakizunen adopzioa kontu delikatua da.
E. Iztueta: Nire bikotekidearen aitona Pagobide zen. Begira zein abizen ederra eta aldi berean salataria. Inklusako umea izan zen, eta nahiz eta gurasordeen partetik arbuiorik jaso ez, gerora, halakoak bizi behar izan zituen.
Aritz Vieites: Gure aita jatorriz galiziarra zen, inklusan hazia eta hezia; soldaduskatik ihes egin nahian zebilela, harrapatu eta eskarmenturako Afrikara bidali zuten. Han, bi urtez neke-lanak egin behar izan zituen basamortuan. Iztueta anaiek gidoia eman zidatenean, harrituta geratu nintzen. Kasualitate batzuk txundigarriak izaten dira. Ezinbestean, aita zenaren aurpegia eman diot Julianen pertsonaiari.
«Gure aita jatorriz galiziarra zen, inklusan hazia eta hezia. Iztueta anaiek gidoia eman zidatenean, harrituta geratu nintzen. Kasualitate batzuk txundigarriak izaten dira»
ARITZ VIEITES Irudigilea
Neskame joaten ziren neskatilek ere abusu ugari pairatu behar izaten zuten. Hain zuzen, komikiaren ardatzetako bat da hori. Nola eramaten ziren kontu horiek?
I. Iztueta: Bai. Muinean abusuak, larderiak eta zapalkuntzak har ditzakeen forma diferenteak daude komikian. Neskameen kontrakoak pribatuan eta aldarrikapen ofizialetatik urruti eramaten zirela esango nuke. Horregatik dakigu auziaz hain gutxi. Eta nola egin publiko norbere izenean argi esan ezin dena? Oso litekeena da guk erabilitako Beizamako krimenaren bertsio hau oso erreala zen arazo bat publikoki salatzeko asmoz itxuratutako istorioa izatea. Oso litekeena da Beizamako krimena lapurreta asmo soilez egindako krimena izatea; baina kasuaren inguruan sorturiko nahasmena aprobetxatuz, anonimoki eta kolektiboki, neskameen abusua plazaratzeko ere baliatu zen.
E. Iztueta: Ez dakit nola eramango ziren. Sufrimendu handiz, pentsatzen dut. Eta isilik. Gure amona sei urterekin joan zen neskame. Ama Parisera joan zen neskame. Nire izeba asko eta asko neskametzatik paseak dira, beste zerbait hoberako trantsiziozko baldintza etsigarri bezala akaso, gaur egun hainbat eta hainbat etorkin neskame dauden bezala. Zaurgarritasun handiz.
Vieites: Ados Enekorekin: oso isilik. Atera kontuak: gure aitaren ama, Galiziako amona, neskame ibili zen armada frankistako kapitain baten etxean. Eta hartu-emanen bat izan zuten; neskatoaren txakur ametsak edo kapitainaren indarkeria tarteko izan ote ziren ez dakigu, eta ez dirudi inoiz jakingo dugunik. Eta haurdun geratu zen. Anai-arreba asko ziren, baina senitartekoei esan gabe erditu zen, eta haurra inklusan utzi gero. Gure aitak 12 urte zituela jakin zuen lehengoz bere amaren berri. Gure amonaren ahizpetako batek ume horren berri izan, eta inklusara bisitan joan zitzaionean jakin zuen.
Jauntxo aberatsak justiziaren gainetik beti?
I. Iztueta: Ez dakit. Esango nuke diruak eta justiziak, biek, harreman kuriosoa izan ohi dutela boterearekin.
E. Iztueta: Jauntxo aberatsak justizia eginez.
Komikia «euskal pop noir bat» dela dio azalak, baina thriller honetan ez da poliziarik edo ikerlari pribaturik ageri; justu-justuan epaile bat. Apropos egin duzue?
I. Iztueta: Bai. Pop horrekin popular adierazi nahi izan dugu, herrikoia. Eta horrekin bi ezaugarri eduki ditugu gogoan: bat, ahozko herri literaturarekiko lotura; eta, bestea, protagonismoa jende normalari eman nahi izana, eta ez botereari; hau da, diruaren, legearen, letra ofizialistaren ordezkariak kanpo utzita.
Lan honetan, behatzailea ez da epailea, baizik eta epaileak susmagarritzat jotzen duen mundua.
Hil hurren dagoen baten aitortza ere badago. Halakorik izan ez balitz, argituko ote zen inoiz krimena? Horrez gain, zer funtzio du aitortzak komikian?
I. Iztueta: Bai. Aitortzak narrazioaren giltzarrietako bat dira, bihurguneak. Nolanahi den, aitortu aditza dela eta, ez nuke esango guk hiltzaileari ezer partikularrik aitortu diogunik; Julianek bai, Rosari aitortza partikularra egiten dio, konpreni dezakeen bakarra bera dela uste duelako; eta Rosa maite duenez, haren aurrean den bezalakoxe agertu nahi duelako, bere egia miserablea eta guzti.
«Izenburuak difamazioari egiten dio erreferentzia, baita memoria kutsatuaren ideia lausoagoari ere. Konstante bat da kutsadura, kontakizunen eta memoriaren geruza guztietan»
IBAI IZTUETA Gidoilaria
Kontua eta zikina izenburuak zurrumurru gaiztoa, egia aurkitzeko oztopoa... gauza asko iradoki ditzake. Nondik heldu nahi izan diozue zuek?
I. Iztueta: Tabako keari egiten dio erreferentzia, noir generoaren ezaugarri horri, alegia. Kontua, azken batean, hitza da, eta hitza, airea; aire zikina, «arnastutako kea». Izenburuak difamazioari egiten dio erreferentzia, noski, baina baita kontakizun eta memoria kutsatuaren ideia lausoagoari ere. Konstante bat da kutsadura, kontakizunen eta memoriaren geruza guztietan. Zer esan kontakizun ofizialez? Maizegi, egia aurkitzeko oztopo izaten dira. Baina memoria ez-ofizialetan zein familia memorietan ere bada kutsadura. Eta, halere, kontu anbiguoa da: batzuetan kontua eta zikinaren bidez jakiten dugu badela hor hizpide bat, eta, agian, bide lanbrotsu horri jarraituz deskubritu beharreko egiaren bat.
E. Iztueta: Hasieran izenburua Neskamearena ere izan zitekeela pentsatu genuen. Baina horren inguruan pentsatzen hasi, eta barrutik atera zitzaigun izenburua. Komikian zehar, irudi eta eszena batzuk intuitiboki atera dira, indarrez, eta izenburuaren kasua ere horixe izan zen. Komikia egiten ari ginen bitartean, zerbait nahasia, astuna, iluna, trabatzen zena ari ginen gauzatzen. Kontrako eztarritik fin baina etengabe sartzen den istorio honek, amaieran, «kontua eta zikina» oihukatzea eskatzen zuen. Iñigok [Satrustegi], gure editoreak, esan zigun oso komiki gipuzkoarra egin dugula, eta halaxe da. Eta izenburu bihurtu den esapidea ere oso gipuzkoarra da. Aurrekoan esan zidan amak gure amona zenak sarritan esaten zuela esaldi bera.