Fokuen aurrean, eta eroso. Eroso, eta barrezka. Barrezka, eta elkarren arteko konplizitatea agerian utziz. Horrela hasi dute Mojo Workin jaialdiaren aurkezpena aurten oholtzara igoko diren lau abeslariek. Spyder Turner, Carolyn Crawford, Ruby Andrews eta Chris Clark dira: AEBetatik etorri dira, 70 urtetik gora dituzte, eta 1960ko hamarkadako soularen eta rhythm and bluesaren erreferenteak dira. Hain justu, panorama musikal oparo horren ingurumarian antolatu ohi du jaialdia Gure Gauza kultur elkarteak. Aurten, hamaikagarren aldia egingo dute, Donostiako Gasteszena aretoan: bihar hasiko da, eta igandera bitartean izango da.
Halabeharrez bada ere, koronabirusa izan da prentsaurrekoaren ardatzetako bat. "Urduri" agertu da, esaterako, Arkaitz Kortabitarte jaialdiaren koordinatzailea, eta egitaraua bertan behera ez uztea espero duela adierazi du: "Azken egunotan, pil-pilean dago jaialdia bertan behera uztearen gaia, eta arduratuta gaude. Ondorio ekonomikoak izango lituzke". Erantsi duenez, ondorio horiek "esanguratsuak" izango lirateke elkartearentzat: "Zor handi bati egin beharko genioke aurre; diru asko dago jokoan". Ildo beretik hitz egin du Ramontxo Vega tronboi jotzaile eta The Individuals taldeko kideak, eta aurtengo edizioa "apur bat berezia" izaten ari dela aitortu du: "Artista zenbait erori egin dira azken momentuan, eta beste hainbat lotu behar izan ditugu. Guretzako lan nekeza izan da, baina, azkenean, gustura egin dugu".
Hamaikagarren aldiaren egingarritasunaren inguruan soilik ez, jaialdiaren etorkizunaren inguruan ere hitz egin dute. Kortabitarteren esanetan, litekeena da aurtengoa jaialdiaren azken aldia izatea. Ez du irmo ziurtatu hala izango denik, baina "%99,9" batean erabakia hartuta dagoela esan du. Erabakiaren atzean egon litezkeen arrazoiei dagokienez, "gauza askoren batura" dela azpimarratu du: "Nahasketa bat izan da. Lan handia da horrelako jaialdi bat antolatzea, eta, gu, gainera, boluntarioak gara. Azkenean, gure bizitza pertsonalei ere eragiten die". Koronabirusaren aferarekin, gainera, buruhauste bat gehiago batu zaie zerrendara: "Instituzioek diru-laguntzen bitartez laguntzen digute, eta, aurtengoan, oraindik ez dugu jaso dagokigun dirua. Normalean, berandu iritsi ohi dira, eta, horrek, gainera, tentsio eta ziurgabetasun gehiago eragiten du".
Lau izar baino gehiago
Ondo bidean, Gasteszenako oholtzara igoko dira bihar Carolyn Crawford eta Spyder Turner. Ez dira, baina, bakarrik igoko. The Individuals taldea arduratu ohi da urtez urteko gonbidatuen jarduna musikalki laguntzeaz, eta aurten ere kideak lau izarrekin batera igoko dira agertokira. Elkarrekin, duela 50 urte eginiko kantuak interpretatuko dituzte. "1960ko hamarkadako ondare hori berreskuratuko dugu, betiere, esentzia ahalik eta gehien mantenduz", azaldu du taldeko kideak. Halaber, ikasteko aukera paregabea dela ere gaineratu du: "Guretzako pribilegio bat da haiekin jotzea". Crawford eta Turner baino lehenago, The Magnetophones taldearen txanda izango da: aretoa girotzeaz arduratuko dira, 21:00etan.
Detroiten jaio zen Crawford, eta talentu lehiaketa bat irabazteari esker egin zen ezagun. Hiru disko argitaratu zituen Berry Gordy enpresari eta musikagilearen seilupean. Gerora, eten egin zen lankidetza hori, zigiluak finkatutako baldintza guztiak bete nahi ez izateagatik. Turner, aldiz, apurka-apurka sartu zen musikaren munduan. Kontzertu dinamikoak ematen hasi zen, eta zenbait konpainiek ateak ireki zizkioten. Duela hiru urte izan zen Donostian; jaialdi honetan parte hartu zuen. Ruby Andrews eta Chris Clark, berriz, larunbatean igoko dira agertokira. Soularen munduan egin zituen lehen pausoak Andrewsek, eta rhythm and blues zein pop estiloen zerrendetan agertzera igaro zen ondoren. Crawforden antzera, Motown zigiluaren artistarik ezagunenetako bat da Clark ere. Single anitz plazaratu zituen, eta konposatzaile zein ekoizle ugarirekin kolaboratu zuen.
Larunbateko jarduna ere 21:00etan hasiko da, eta Andrewsen eta Clarken aurretik Guadalupe Plata taldeak joko du. Bestalde, igandean ere egongo da zer ikusi eta zer entzun; izan ere, Donostiako Tabakalera zentroan amaituko da jaialdia. Eguerdian, talde ugari izango dira Kutxa Kultur Plaza gunean: Vermouth Session, Big Bob Railroad eta Gildas Hot Club. Beste kontzertuak ez bezala, horiek dohainik izango dira.