Mahai batean eserita egoten da normalean ere, parean duen pazienteari so. Oraingoan, baina, ez zuen inor aditu beharrik: bera ari zen azalpenak ematen. Arantzazu Lizartza Saizar idazleak (Leitza, Nafarroa, 1994) bere lehen poesia liburua argitaratu du, eta «erditze bat bezalakoa» izan da. Pamiela argitaletxearekin plazaratu du liburua.
0 negatiboa jarri dio izena liburuari, baina ez da liburu bat soilik: eguneroko bat da. Izenburuak arrasto batzuk ematen ditu, eta, idazlearen ogibidea zein den jakinda, aurreikusi daiteke zer aurkituko den orrien artean. Medikua da Lizartza, eta, azaldu duenez, «zalantza handia» izan zuen Filosofia eta Medikuntza ikasketen artean bakarra erabaki behar izan zuenean. «Beti gustatu izan zait asko filosofia, baina irakasle batek esan zidan Medikuntza eginda ere beti edukiko nuela tartea filosofiarako, eta alderantziz, ordea, ez».
Metafora bat da izenburua bera: 0 negatiboa odol mota duenak edonori eman diezaioke odola, baina kontrako bidea, jasotzekoa, ez du hain eskuzabala izaten. «Behar duena bakarrik jaso dezake; bere motakoa, bere neurrira eta bere modura», azaldu du idazleak. Zaintzari egin nahi izan dio keinu, «asko ematen duenari kosta egiten zaiolako bueltan jasotzea, eta, gainera, bere modura jaso nahi izaten duelako». Gerta liteke egoera batek kontrako aldean jartzea norbera, eta horrelakoetarako komeni izaten da prest egotea, egilearen aburuz.Â
Zaintzaz, heriotzaz, gaixotasunez, suizidioaz, genero indarkeriaz eta doluaz aritu da Lizartza, baina eszenatoki bitxi bat izan du aterpe: igerilekua. «Asko aspertzen naiz igerilekuan, eta, denbora azkarrago pasatu dadin, pentsatzen aritzen naiz; burua lantzen. Hortxe sortzen ditut poemak». Luze eta luze artean idazten du Lizartzak, eta, hortaz, buruan apuntatu behar izaten du lehendabizi, harik eta autora iristen den arte. Autoan eseri orduko, telefonoan idazten ditu laginak, eta aitzineragorako uzten du hurrengo lana: ordenagailuan osoki idaztea. Ehun orri ditu liburuak; auskalo zenbat kilometro igerian.
«Ahalegindu naiz kontatzen aitaren gaixotasunak nola bultzatu ninduen mediku izatera, eta behin mediku izanda ere nola zeharkatu nauten aitak eta haren gaixotasunak»
ARANTZAZU LIZARTZA SAIZARIdazlea
Lau ataletan banatu du 0 negatiboa, eta mediku bizitzak eman dizkionak bildu ditu; distantziatik ikusitakoak eta hezur-haragitan bizi izandakoak. Bizitza ez da laborategian kabitzen izena du lehenak, eta aurreneko poemaren bukaerak ematen dio izenburua: «Bizitza ez da kontsulta deritzon laborategi honetan kabitzen». Pazienteekin izaten dituen hartu-emanak ditu ardatz, eta, haren irudiko, lau atalen artean zati horixe da eduki sozial gehien daukana. «Alderdi kritiko asko agertzen dira, eta ahotsa ere nahiko ausarta eta gogorra da; oso era humanoan eta gordinean dago idatzita».Â
Ematearen sindromea izena du bigarren zatiak, eta zaintzaileei eta «ematen dabiltzanei» eskainitako poemak dira finean. «Etengabe ematen ari denak eduki ditzakeen gatazkak, gorabeherak eta sentimenduak bildu ditut, batzuetan oso itzalean geratzen baitira», erran du Lizartzak. Era neurrigabean zaintzen duenek jasotzeko «arazo asko» izaten dituzte idazlearen ustez, eta horrek «sintoma jakin batzuk» dakartza. Horregatik jarri dio, hain justu, sindromea abizena izenburuari.Â
Bizipen pertsonaletatik abiatuta
Hirugarren eta laugarren zatietan «ahots goxoagoa» darabil, kontu pertsonalagoak eta xamurragoak kontatzen dituelako, ziurrenik. Dolua gasolinaz perfumatzen da izena du hirugarrenak, eta aitaz mintzo da, 18 urterekin galdu baitzuen. «Ahalegindu naiz kontatzen aitaren gaixotasunak nola bultzatu ninduen mediku izatera, eta behin mediku izanda ere nola zeharkatu nauten aitak eta haren gaixotasunak». Diagnostikoak egiten jarduten da medikua, baina hartzea ere tokatu izan zaio Lizartzari, eta sinistuta dago horretxek laguntzen duela familien egoerak ulertzen. «Kontua ez da nik diagnostiko bat ematea eta kito: gaixotasun batek etxean anabasa sor dezake, eta garrantzitsua da momentua goxatzea eta presente egotea aurrerantzean ere», azaldu du. Eman du adibiderik ere, eta hala dio poemetako batean: «Iruñeko Ospitaleko Larrialdietan/ ni izan nintzen berarekin hitz egiten/ azkena:/ etxera eramateko erregutu zidan».
Eta azkena: Bisturiak hautsontzian. «Nire etxeaz eta nire gorputzaz mintzo naiz, bisturiak ez direlako beti barruko elementuak kanporatzeko erabiltzen, baizik eta besteengan zauriak egiteko», zehaztu du Lizartzak. Modu batera ulertu gabe ezin bertzera ulertu. Bisturiak gaizki ibiltzen direnean —edo nola ibili jakiten ez denean—, hautsontzietara botatzen dituzte; balio du metafora gisa ere.Â
«Begirada partikularretik» ikusi eta artatu ditu Lizartzak pazienteak, baina «era orokorrean» idatzi nahi izan ditu pasarteak; ulergarriak eta argiak izan daitezen, batik bat. Ironia eta umorea erabili ditu, hori baita harentzat bizirik irauteko tresna. «Egoera gogor bat umore pixka batekin marrazten denean, ez dirudi hura hain gogorra denik». Eta horrela kontatu ditu, banan-banan, mediku bizipenak.Â
Onartu du, dena dela, pasarte batzuk ez dituela ongi oroitzen, eta fikziotik egin behar izan duela tira halakoetan. Liburua osatzeko materiala memoriak eman dio, baina egin behar izan du autofikzio ariketarik ere. Oroitzapenak eta kloro dosiak nahasi izanaren emaitza da, beraz, 0 negatiboa.Â