Larunbat gau honetan lagun taldea aspaldi egin ez dugun zerbaitetarako elkartu gara. Kontzertu bat ikusteko, alegia. Kontzertura bertaratu aurretik taberna batera joatea erabaki dugu, eta, kasualitatez, kontzertuko protagonistekin topatu gara. Ilusioz kontatu digute musika lehiaketa bat irabazteagatik sari bezala lortu dutela gaurko kontzertua. Benetan saria izan da, azken boladan hirian dauden kontzertuak emateko areto bakarra Paǹƒueliko izenekoa baita, eta horren menpean dauden sala guztiak diskoetxeetan dauden talde ospetsuen kontzertuez leporaino beteta baitaude. Hala eta guztiz ere, zorionez, Paǹƒueliko aretoko 6. salan aukera eman diete.
Duela ez hainbeste, kontzertuak emateko toki gehiago zeuden, baina baimenak lortzea gero eta zailagoa bihurtu da, erakunde publikoek ezarritako irizpide legalak betetzeko egin behar den inbertsioaren ondorioz. Egia da kontzertuak antolatzen zituzten tabernek inguruko bizilagunekin arazoak maiz zeuzkatela, baina normalean barrideen eta tabernaren artean kudeatu eta ados jartzen ziren, auzoko bizikidetza bermatzeko. Gaur egun, edozein musika emanaldi, txikia bada ere, sala hauetan egin beharra dago.
Gaur egun, talde batek, ezezagunenetik hasi eta ezagunenera, kontzertu bat eman nahi badu, halabeharrez Paǹƒuelikon eman beharko du. Areto horretan ez dago kontzertuak antolatzen dituen inor. Horren ordez, aretoko gelak enkantean jartzen dira, eta irabazleek haietan kontzertua eskaintzeko aukera dute. Beren monopolioa bermatzeko, enkantean, ezer finkorik programatua izan gabe, aurretiaz inbertitzen dute diskoetxe handiek, haietatik kanpo dagoen oro aukerarik gabe utziz.
Beren monopolioa bermatzeko, enkantean, ezer finkorik programatua izan gabe, aurretiaz inbertitzen dute diskoetxe handiek, haietatik kanpo dagoen oro aukerarik gabe utzizÂ
Tabernan gaztetxo horien musika taldearekin izandako elkarrizketara bueltatuz, momentu honetara iristeko bete behar izan duten diru gastuaz eta prozesu legalaz hitz egin digute. Taldearen ariketa ekonomikoen baimenak eta sozietate legalen agiriak lortu behar izan dituzte, haien musikarekin sortzen den diru guztia aitortu behar dutelako. Nola lortu ote dute hori guztia egitea, daukaten adinarekin?, galdetu diot neure buruari. Noiz bihurtu da hain korapilatsua kontzertu bat ematea? Bederen, haien gaztetasunak eta noizbait hiriko Super Iruǹƒea Arenan jotzeko itxaropenak oztopo sasi-burokratiko horiek guztiak zeharkatzeko adina indarrez bete ditu. Beren ametsez hitz egin digute; noizbait diskoetxe baten parte izan eta gutxinaka handitzen jarraitzea gustatuko litzaieke. Historia egitea, azken finean.
Aretora bidean nagoela, kontzertuen bueltan erakunde publiko eta pribatuen artean eraiki duten armiarma sare honetatik kanpo antolatzeko zailtasunaren ideiak eraso dit. Ez da harritzekoa musika gero eta homogeneoagoa bihurtzea, arriskatzea zaila bihurtzen baita galerak eta etekinak sorkuntzaren edo ibilbide baten erdigunea hartzen dutenean. Sorkuntza sustatzen duten espazioak defendatzeari utzi, eta musikatik bizitzeko asmoarekin kontzesio gehiegi egin ditugu, profesionaltasun baten ideiaren izenean. Baina, bestalde, nola ukatu pertsona bati musika bere ogibide izatea? Non dago oreka?
Azkenean, aretoko atarira sarrera erosteko prest iritsi, eta hor zintzilik dagoen neonezko iragarkiak piztu dit arreta: Sold out.
