Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Korrikaren alde eta kontra

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Korrika badator!!!! Ye ye ye ye ye yeah!! Korrika herri bat, mugimenduan…». Aurrekoan lankide batek horixe ez zidan ba esan, Korrikako kilometro asko erosiak zituela dagoeneko, korrika batean bizitzea bihurtu delako bere berezko egoera: korrika zaintza gelatik patiora, korrika patiotik komunera, korrika komunetik kafe (?) makinara, korrika klase batetik bestera. Ezaguna, ezta? Aurreko zutabe batean neuk ere adierazi nuen zer txarra den korrika bizitzea, presaka sortzea. Eta ados. Horrekin guztiarekin ados eta baita bi, hiru, lau aldiz ados ere. Baina onartzen al du presak adjektibazio positiborik? Posible da presaren alde hitz egitea? (Nire ikasleei bezala gertatuko zaizu, irakurle; galdera bera planteatzeko moduagatik badakizu erantzuna baiezkoa dela).

Zutabe hau idazteko lehen pista Azurmendik eman zidan: «Pagoa geldi dago/ bidearen ertzean,/ ezin du konprenitu/ nire presa bidean». Eta bai, bada imajinario kolektiboan presarekiko halako destaina —baina aldi berean justifikatu— bat, zeina hemen alderantzikaturik ageri den. Presaz doa gaztea bizitza zukutzera, mundua hankaz gora jartzera, eta bitartean geldi daudenak —pago zaharrak— alboetatik begira ditu, ezin ulertu norabidea eta asmoa eta indarra, halako aitakeria batez (dena esan behar bada). Antzeratsu mintzatu ziren aurtengo Korrikaren aurkezpenean: euskarak presa du, edo antzeko zerbait. Gloria Fuertesek ere poema batean dio: «Iraganak nahi nau osorik bereganatu/ eta nik etorkizuna nahi dut neureganatu./ Lepoa bihurritzen didate atzerantz begira dezadan/ eta nik aurrera egin nahi dut./ Ezin naiteke gelditu/ barkaidazue, presaka nabil./ Kemenez blai dagoen ibaia naiz, gelditzen banaiz/ neure ur bilduan itotako naiz». Adibide hauetan bada halako urgentzia bat, normalean gazte izatearekin fuerteki lotua, zeinak etorkizunarekin konprometitzen gaituen, nostalgiaren esku astunetatik ateratzeko balio duena eta indar aktibatzaile gisa funtzionatzen duena.

Presa bada gure garaiaren ezaugarri saihetsezina? Are, gure garaiko marka pertsonal eta soziala bada, ezin gainetik ken dezakeguna? Zergatik izkin egin presari, orduan? Zergatik egin presa existituko ez balitz bezala? Eta hortxe ditugu idazleak, honetaz ohartu eta presa baliabide estilistiko bilakatu dutenak haien lanetan

Eta bide beretik ez, edo agian bai: zenbat eta zenbat idazle gurasori entzun diodan presarekiko harreman ez toxiko edo behintzat —batzuetan— baketu bat. Ez dute konformismotik egiten; askok harriduratik egiten dute. Auñamendietako idazleen topaketetan Itxaro Bordak aipatu zigun harritu egiten zela atzera begirakoan, alabaren hazkuntza garai betean, militantzia, lana eta beste tarteko, nola idatzi ahal izan zituen hainbeste liburu. Beste idazle batzuek beharrezkotasunetik esaten dute: Uxue Juarez poetak ere sarritan dio: ama denetik sortzeko tempo-ak askoz neurtuago eta efikazago eta produktiboagoak dira; presaka ez balitz, ezingo lukeela idatzi. Eta zer esanik ez epemugek eraginda eta epemugak errespetatzeko egiten diren esprint literarioez. Erlojupean lan egiteak piztu egiten du —batzuetan— musaren deia.

Sortzaile orok —bueno, nork ez?— zurrunbilotik urruti bizi nahi izaten du. Patxadaz. Eroso. Lasai. Kontenplatibo. Eta ados. Horrela sortzea ederra da. Horrela bizitzea ere bai. Baina hori baldin bada sorkuntzarako baldintza, sortzailerik edukiko genuke gure artean? Eta presa bada gure garaiaren ezaugarri saihetsezina? Are, gure garaiko marka pertsonal eta soziala bada, ezin gainetik ken dezakeguna? Zergatik izkin egin presari, orduan? Zergatik egin presa existituko ez balitz bezala? Eta hortxe ditugu idazleak, honetaz ohartu eta presa baliabide estilistiko bilakatu dutenak haien lanetan.

Geroz eta ohikoagoa da poesian pausa bermatzen duten puntuazio ikurrik gabe idaztea. Ez da kasualitatea halako idazketa estiloak ugaritu izana edo, bederen, nolabaiteko interesa piztu izana azkenaldian; pausarik gabeko testuek abiadura handia hartzen dute, eta batzuetan itolarri sentsazioa emateko ere idatziak izaten dira. Iosune de Goñiren Ahizpa Beltza poema liburuan bada poema bat puntuazio markarik gabekoa, arrapaladan irakurtzekoak, baina ez presaka idatzi dituelako, baizik eta bizimodu presazko eta gaixo hau erretratatu nahi izan duelako. Beste adibide zenbait topatu daitezke gertuko literaturan: Danele Sarriugarteren beste zerbait liburuan ere sentsazio presazko hori igartzen da idazteko manera horretan: mundua presaka dabil eta nik horren testigantza eman nahi dut, badirudi esaten duela idazleak. Bizitza ez da liburu batean kabitzen, baina hala ere idatzi nahi dut. Hortxe presa, esperientzia estetiko bihurturik.

Korrikarekin hasi, eta Korrikarekin amaituko dut. Korrikak 2.175 km egin behar ditu hamar egunean. Hiriburuetan ohi baino polikiago doa, eta hori hala izan dadin, presaka egin behar ditu Caparrosoko, Arnegiko eta Leintz-Gatzagako gaueko kilometro horiek; mendi bideetan gora, eliteko kirolariek soilik jarrai dezaketen erritmoan. Ez ote garen geu ere antzeratsu bizi; arritmiko xamar, batzuetan azkarregi gero lasai idatzi ahal izateko (labadorak atodaleche jartzen eta arropa are atodalecheago zintzilikatzen hamar minutu gehiagoz idazteko): ADI TAKIKARDIAK!!, eta besteetan, ordea, lasaiegi eta gero larriturik, beranduegi delako (hilabeteko epea izanik ere azken momentuan zutabea idazten, edo azken hamarkadetan egin ez dena orain egin nahian). ADI BRADIKARDIAK. Kardiologorik bai gelan?

Fermin Muguruza 'Big Beñat' abestiko bideoklipean, Big Beñat sukaldariarekin. BERRIA
Fermin Muguruza Big Beñat abestiko bideoklipean, Big Beñat sukaldariarekin. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA