KRITIKA. MUSIKA. Maitasuna dario

2005eko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: abenduak 18. Jende kopurua: 450 lagun. Iraupena: ordubete eta 25 minutu.

Musiketan zikloko kontzertuak formatu txikikoak dira (bakarka, binaka). Baina Ara Malikian biolin jotzailea beste lau lagunekin etorri zen: Jose Luis Monton flamenko gitarristarekin eta beste kide batzuekin ahotsean, kontrabaxuan eta perkusioetan. Tanguillo batekin hasi zen Malikian, bakar-bakarrik, ekialdeko aireak ekarriz. Eta berehala gehitu ziren beste hiru musikariak, flamenko lasaia eta ederra emanez, jazzetik hurbil. Jose Luis Monton gitarrista fina eta dotorea dugu, baina ez da artifiziozalea eta bere esaldiak Malikianen melodien zerbitzura jartzen ditu. Malikian armeniarra (Libanon jaioa eta Madrilen kokatua) biolin klasikoko puntako musikaria da (Pablo Sarasate nazioarteko saria lortu zuen), baina Montonen ondoan askatasunaren aireak hartzen ditu.

Beste hiru lagunak bigarren planoan geratu ziren gehienetan, eta kantariak (Galizian bizi izan da) fadoa (Estranha forma de vida), flamenko pixka bat eta kantu herrikoiak (La tarara) tartekatzen ditu han-hemenka. Baina, azkenean, biolina eta gitarra nahikoak dira kontzertuaren ardatza tinko mantentzeko: berdin zaie zorongoa, colombiana, solea, pregoia (El manisero) edo copla (Penita pena) jotzea. Malikiani maisutasuna nota bakoitzean dario, estilo propio batean gainera, Montonek ere bere soloak onera eramaten dituela. Ekitaldia laburra, bizia eta ederra izan zen; bisetan Manantial paregabea oparitu zigun taldeak eta besterik ez genuen behar; igande eder bat burutzeko aire ezin hobea. Joseba Martin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.