Donostiako 73. Zinemaldia

'Ballad of a Small Player'

(ID_17588071181155) 'Ballad of a Small Player' filmeko irudi bat
Edward Bergerren 'Ballad of a Small Player' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
2025eko irailaren 25a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sail ofiziala

Zuzendaria: Edward Berger. Aktoreak: Colin Farrell, Fala Chen, Tilda Swinton, Deanie Ip, Alex Jennings. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 104 minutu.

Gure aingeru guardakoa

Betikoa du zinemak aingeru guardakoen kontua: gizakiok ondoan ditugun izaki salbatzaileak, errealitate materialean sartzeko ahalmenik ez badute ere haien presentziarekin laguntzen gaituztenak. Wim Wenders handiaren Der Himmel Ă¼ber Berlin (Zerua Berlinen gainean, 1987) datorkit akordura, edota Ghost (Jerry Zucker, 1990) non Deemi Mooreren maitale hila (Patrick Swaize) agertzen baitzen haren «bizitza salbatzeko».

Salbazioa kontzeptu interesgarria eta unibertsala da, eta gertutik hunkitzen gaitu, bai baitakigu finean zaurgarriak garela, eta bizitza oso zaila dela. Alan Parkerren Angel Heart (1987) filma ere badatorkit gogora, gaur jorratzen ari garen filmarekin zerikusi handia izan dezakeena. Parkerren filmean protagonistak (Mickey Rourke) deabruarekin akordio bat egiten du, eta filmaren amaieran deabrua kontu eske etortzen zaio. Bi filmek antza daukate, bietan protagonistaren hondamendia kontatzen zaigulako, nola bizitzaren kolpeek errukirik gabe inarrosten dituzten, harik eta azkenean izaki paranormal baten agerpena gertatzen den arte, istorioaren zentzua aldatuz.

Ballad of a Small Player honetan, Edward Bergerrek kasinoen munduan kokatzen du akzioa, eta ludopatiak harrapatutako izaki ganberro eta estrafalario baten bizipenak kontatzen dizkigu, apustuetan dena galdu duen batenak, bere bizitzako ataka oso konplikatu batean itota dagoenarenak. Pertsonaiaren istrionismoa jokatzeko, Colin Farrell daukagu. Generoak eskatzen duen mailan dago filmean; esajeratua, esajeratuegi batzuetan, baina ondo. Bere ondoan, bi emakume: Tilda Swinton, beti bezain fin, eta Fala Chen txinatarra. Azken honek jokatzen du salbatzailearen papera, sentsualtasunetik eta fantasiatik, bietatik.

Niri asko gustatu zait. Film trepidantea da, ongi eraikia, eta bikainki girotua. Film irrelebante xamarra da, hala ere, denbora-pasaz harago gutxi eskaintzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.