Donostiako 73. Zinemaldia

'Ciudad sin sueño'

'Ciudad sin sueño' filmeko irudi bat. ZINEMALDIA
'Ciudad sin sueño' filmeko irudi bat. ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko irailaren 25a
10:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

perlak

Zuzendaria: Guillermo Galoe. Aktoreak: Antonio Fernandez Gabarre, Bilal Sedraoui, Jesus Fernandez Silva, Manuela Fernandez Fernandez, Debora Vargas, Francisca Jimenez Fernandez, Sana Aghmir. Herrialdea: Espainia - Frantzia. Iraupena: 97 minutu.

Haurtzaroari eutsi nahian

Toni bere familiarekin bizi da Cañada Realen. Hamabost urte ditu eta egunak aitonarekin igarotzen ditu, txatarra biltzen. Txakur bat ere badu, Atomica deituriko galgo bat, eta aitonarekin lanean ari ez denean, bere lagun Bilalekin igarotzen du denbora; telefono mugikorrarekin inguruan dutena grabatuz. 

Bilal badoa Cañadatik. Bere familiarekin Marseillara joango da bizitzera. Eta berea bezala, familia asko ari dira haien etxeak uzten. Argindarrik eta urik gabe bizi dira, eta geroz eta etxe gehiago ari dira eraisten. Toniren gurasoak hirian eskaintzen dieten babes ofizialeko etxea onartzea pentsatzen ari dira; aitonak, ordea, bere etxea diren lur horietan gelditu nahi du. 

Guillermo Galoe zinemagile madrildarrak sei urte daramatza Cañada Realeko bizitza ezagutu eta erretratatzen. Aunque es de noche film laburrarekin ezagutu zuen Toni, 13 urteko mutikoa orduan, eta harekin egin du film luzerako bidaia. Askatasunaz eta erresistentziaz hitz egiten duen film bat eratu dute, fikzioa izanik errealitatetik gehiegi urruntzen ez den kontakizuna. Pribilegio posizio batetik (Galoe ez da ijitoa, eta ez da Cañada Realen bizi) kontatzen diren istorioek beti pizten dizkidate alarma guztiak: nondik kontatzen ari dira istorioa? Zer dago atzean? Zein ikuspuntu hartzen dute? Erretratatzen ari diren pertsonek ba al dute erabakiak hartzeko gaitasunik? Baina Galoek errespetuz pantailaratzen du Madrilen aldirietan dagoen herrixka, sentsazionalismorik eta paternalismorik gabe, baina bertako bizimodua erromantizatzean erortzea saihestuz. Toni eta Bilalek mugikorrarekin grabatzen dituzten irudiak kontakizunean gehituz haiena den istorioa ikusten ari garela azpimarratzen digu, koloretako filtroekin bada ere. 

Ezaguna duten bizimoduari eustearen edo hiriko gizartearen arauetara moldatzearen arteko dilema haurtzaroaren mugan dagoen mutikoarengan ikusteak egiten du indartsu Ciudad sin sueño. Toni da gatazka soinean daramana, eta antzezpen ikusgarri batekin, haurra izateari eutsi nahi dion gaztearen zama bikain erretratatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.