HORIZONTES LATINOS
Zuzendaria. Nicolas Pereda. Gidoia. Nicolas Pereda, Juan Francisco Maldonado. Argazkia. Miguel Tovar. Iraupena: 79 minutu. Herrialdea: Mexiko.
Ezkutatzen direnak
Lazaro lanera bidean doa motorrean, egunero egiten duen bide beretik. Gaur, ordea, ez da ohiko eguna, errepide bazterrean norbait ikusiko baitu etzanda. Begiratzera geldituko da, eta gizon bat hilda ikusiko du. Zer egin ez dakiela, eta lanera joateko beranduegi izanik, etxera itzuliko da. Bere izeba Rosari kontatuko dio ikusitakoa, eta, ondoren, ama Tereri, eta hirurek ezer ez esatea adostuko dute.
Lazarok meatzean egiten du lan, baina arnasa hartzea kosta egiten zaio, eta medikuari atseden egunak errezetatzeko eskatzen dio; erretzen jarraitzen du, bai, baina oso gutxi. Arnasagatik ez bada, hanka batean eskaiola jar diezaiokeela proposatzen dio medikuari, hori inork zalantzan jarriko ez duelako. Eta, horrela, film guztian errepikatuko den dinamika aurkezten digu Nicolas Pereda zinemagile mexikarrak: Lazaro gezurretan, errealitateari aurre egiteko adorerik gabe, inguruan dituen pertsonen atzean ezkutatuz.
Peredak bikain erretratatu du protagonistaren izaera iheskorra. Planotik kanpo gertatzen direnek gidatuko dituzte hainbat eta hainbat eszena, eta pantailan azaltzera ausartzen direnek fokuaren edo, hobe esanda, foku faltaren babesa izango dute, baita gorputz atalak mozten dituzten enkoadre bitxiena ere. Gehiegi luzatzen diren eszenek, aldiz, deseroso bilakatuko dute unerik ohikoena, barrerako tarte ugari utziz. Filmak ederki funtzionatzen du alor horretan, koldar baten erretratu gisa. Zinemagile mexikarrak, ordea, tonu guztiz ezberdina duten lehen eta azken eszenak gehitu ditu, ulertu ez dudan geruza berri bat emanez kontakizunari. Ez dakit beharrezkoa zen, istorioari zerbait gehitzen ote dion, eta beharbada filmean zehar ikusi ez ditudan pistak utzi ditu Peredak, baina, lehen planoak abisua ematen badigu ere, presaka egindako irtenbide bat iruditu zait.