Donostiako 73. Zinemaldia

'Las corrientes'

'Las Corrientes' filmeko fotograma bat.
'Las Corrientes' filmeko fotograma bat.
lander garro
2025eko irailaren 23a
15:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Alizia lurralde miresgarrian

Catalina (edo Lina) izeneko neska estilista baten huts egindako suizidioa da Las corrientes honen abiapuntua, eta ez da, ez, nolanahiko hasiera. Izan ere, hortik aurrera, film osoa bere arrazoiak ezagutzeko irrika bilakatzen da. Hori dauka suizidioak, gu guztion biziraupen sena kolpatzen duela zuzenean, eta atezuan jartzen gaituela. Jakin egin nahi dugu, seguruen hartaz aldentzeko. Ez nadin ni inoiz ataka horretan egon. Horixe da abiapuntua, eta arrazoiak aletzen hasten denean ohartzen gara ez zaizkigula arrazoiak hola eta hola emango. Gutxika, poliki, sotilki ematen zaizkigu. Ematen bazaizkigu. Hain baita minimoa dena Alizia lurralde miresgarrian-en (Lewis Carroll, 1865) obren traza daukan film honetan.

Carrollen liburuan Aliziak untxiaren zulotik salto egiten du beste mundu batera joateko. Hemen protagonistak errekara salto egiten du, eta aurrerantzean beste mundu batean biziko da, ez berak ez inork ulertzen ez duen munduan. Geroz eta okerragoa da bere egoera emozionala, eta tramak delikatuki kontatzen digu dena dagoela hari oso fin batetik zintzilik, edozein unetan denak eztanda egingo duela. Trama oniriko samarra izanagatik, presente dago familiaren gaia, batik bat familiako emakumeena: amaginarreba, ama... Zauriak handik datoz film honetan, eta nahi gabe iritsiko dira bilobaraino.

Dena da pausatua, fina, elegantea, sotila film honetan. Ez nuen lehenagotik Milagros Mumenthaler ezagutzen. IMDBri galdetuta dakit haren hirugarren filma dela eta pentsatzen dut bere beste bi filmek ere badaukatela aire oniriko hau. Ez zait iruditzen film biribila denik, nahiz baduen ikuslea xarmaz itsutzeko gaitasun txiki bat. Iruditzen zait bere begirada dela inportantea eta inspiradorea, eta film bakoitza bainoago, bere filmografia izango dela garrantzitsua. Oso zaila da zineman estilo propio bat izatea, bidean gauza asko sakrifikatu behar direlako, adibidez informazioa soberan ematea, edota gertakari handiagoei garrantzia ematea. Gauza txikiak jorratzeko, pintzel fina behar da, eta edonork ez dauka talentua horretarako. Zinema honek badu hutsala edo aspergarria izateko arriskua, baina ez zait iruditzen ez bata eta ez bestea denik.

Publiko handiaren onespenik gabe egingo du aurrera film honek Zinemaldian, baina kontuz ez ote duen sariren bat irabazten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.