Donostiako 74. Zinemaldia

'Le corset / Iron Boy'

'Le corset / Iron Boy' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Le corset / Iron Boy' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 19a
17:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

PERLAK

Zuzendaria: Louis Clichy. Gidoia: Franck Salome, Louis Clichy. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Frantzia - Belgika.

 

Bizkarra zuzen, burua malgu

Christophe heldu izan nahi duten haurren garai zail eta eder horretan dago. Familiaren baserrian lagundu nahi du, eta, hankak motzegiak baditu ere, aitak sortutako zapatekin traktorea gidatu dezake. Mutikoak 11 urte ditu, eta aita beraz harro egoteak 10 cm hazten laguntzen diola dirudi. Christophek bizkarreko arazo bat du, ordea, zuzen mantentzea eragozten diona, eta, aitaren traktorea txikituko duen istripu baten ondoren, burdinazko kortsea jarriko diote, kokotsetik gerriraino lotzen duena eta lotarako ere erabili beharko duena. 

Mugimenduak murrizten dizkion kortse horrek ezaguna zuenaz haratago doan bizitza baterako ateak irekiko dizkio mutikoari, eta, aitarentzat jada erabilgarria ez den tresna bat bilakatu bada ere, Christophek lagun berriak egingo ditu, eta zaletasun berri bat topatuko du: organoa jotzea. Aitonari etxean laguntzeko aitak ere ametsak atzean utzi zituela ohartuko da gaztea, eta bere mundu txikiaren parte diren gainontzeko pertsonek ere oztopo eta zailtasunak dituztela ikasiko du Christophek; heldutasunetik pauso bat gertuago. 

Louis Clichy animatzaile frantsesak zuzentzen duen lehen film luzea da Le corset. Eskuz margotu dituen irudi ederrak dira pantailan ikus ditzakegunak; haurtzarora garamatzaten irudiak dira, nostalgia apur batekin begiratuko ditugunak, eta Clichyren istorioari darion goxotasun bera topatuko dugu animazioan. Izan ere, nerabezarora iristear dagoen mutikoaren bizipenei samurtasunez begiratzen die zinemagile frantsesak. Umorea erabiliz, eta bere protagonistari hanka sartzeko aukera utziz, familiaren espektatibez, norbere ametsez eta haurtzaroaren azken uneetako xelebrekeriez hitz egingo du Le corset-ek. Irribarrea ahotik kendu ezinik ikusi dut filma, sorpresarik gabeko kontakizun klasiko batek ematen duen lasaitasunarekin. Zaila bada ere, erritmoa, pertsonaiak, gidoia, muntatzea... dena dago egon beharko lukeen tokian, oreka perfektuan. Horrek filmaz gozatzeko erreminta guztiak ematen dizkigu, ikusle bezala zaindu egingo gaituzten sentipenarekin. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA