Donostiako 73. Zinemaldia

'Couture'

'Couture' filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Couture' filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
2025eko irailaren 21a
17:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

sail ofiziala

Zuzendaria: Alice Winocour. Aktoreak: Angelina Jolie, Anyier Anei, Ella Rumpf, Louis Garrel. Herrialdea: Frantzia-AEB. Iraupena: 106 minutu.

Ekaitza iritsi arte

Esaten badizute badela film bat, frantsesa, modaren munduaz diharduena, Angelina Jolie protagonista duena, eta honek bertan zinema zuzendari baten rola jokatzen duela, pentsatuko duzu: ez noa ikustera. Ez dira obra bat egiteko zumitz interesgarrienak. Alice Winocourrek, ordea, ez du orratz kolperik jotzen soineko ederrena josteko ez bada. Eta barka iezadazue metaforaren erraza, baina hala da: bere lumatik ateratzen den hitz oro ateratzen da zentzu eta asmo batez, zure arima urratzeko asmoz.

Lau pertsonaia dira filmaren protagonistak, lauak fashion munduko gertakari batek elkartuta. Angelina Jolie da horietako bat, baina badira beste hiru, bera bezain inportanteak. Nork bere rola dauka, eta nork bere motxila dakar. Moda eskaparatea da, baina haren atzean ezkutatzen diren banbalinak jendez beteta daude, eta denek dauzkate errepresentatzen dituztenak baino askoz ere bizitza zailagoak, konplexuagoak, humanoagoak.

Humanitate hori, edo singulartasun hori hezurmamitzea da Winocourren erronka, eta horretarako balitz aditza darama batetik bestera. Zer litzateke makillatzaile bat, idazlea izan nahiko balu? Zer litzateke Kenyako neska bat, derrepente Parisen plantatuko balitz Ukrainako gerratik ihes egindako modelo batekin? Zer litzateke?... Dena da hipotesi bat, eta hipotesi horri hitzak eta irudiak jarri behar zaizkio.

Winecourrek pertsonaien begiradak ditu beti presente: nora eta zergatik egiten duten so, eta so horren atzean zein emozio ezkutatzen den. Musika erabiltzen du barne bidaia hori egiteko, musika hipnotikoa, onirikoa. Ez, modaren mundua ez da interesgarria, baina akaso han dabilen jendea zu eta biok bezalakoa da, eta, haien arazoak ezagututa, guk ere gure ispiluari so egiteko aukera izango dugu, galdera bati erantzuteko: «Zinez ote gara gertatzen zaizkigun gauzen arduradun?». Filmak galdera honi erantzun nahi dio, eta bitan esaten du esplizituki, akaso ez dezazun ahaztu zertarako gauden hemen, zineman... eta bizitzan.

Ezin dut kontatu nolakoa den filmaren azken eszena, ekaitza datorrenekoa (honaino esan dezaket), baina ez naiz ari esajeratzen zineman bizi izan dudan une gogoangarrienetakoa dela esaten badizuet. Nola doan film guztia eraikitzen planoz plano azken sekuentzia horretarako, eta nolako ezustez okertzen diren gauzak, errealitatea are errealagoa egiteko, edo aurkakoa, errealitateari kutsu fantastiko bat emateko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!