Donostiako 74. Zinemaldia

'Coward'

'Coward' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Coward' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 21a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

perlak

Zuzendaria: Lukas Dhont. Gidoia: Lukas Dhont, Angelo Tijssens. Antzezleak: Emmanuel Macchia, Valentin Campagne. Iraupena: 127 min. Herrialdea: Belgika-Frantzia-Herbehereak.

Bultza egiten ez dutenak

Gizon bat soldaduak bazkaltzen ari diren egurrezko mahai gainean jartzen dute. Zaurituta dagoela dirudi, baina estaltzen duen oihala kentzean gezurrezko tripa borobil bat duela ikus daiteke. Gizona arnasestuka hasiko da, erditzen hasiko balitz bezala. Bere aurrean, hanka artean, medikuaren papera antzezten ari den beste soldadu bat dago, bultza egin behar duela esaten diona. Inguruan dauden soldaduak harridura aurpegiak izatetik barrez lehertzera igaro dira, eta denak daude antzerki inprobisatuari adi. Erditzen ari den soldaduak laguntza eskatuko die begira dauden hogeinaka gizonei: berak bakarrik ezin duela, eta bultza elkarrekin esateko eskatuko die. Gizonak hasieran erdi barrez erdi txantxetan ariko dira, baina berehala hartuko diote erritmoa, eta haurdun dagoen soldaduari bultza egiteko garrasi egingo diote, koordinatuta. Gezurrezko haurra jaiotzean algaraka hasiko dira, futbol partida bat irabaztearen ospakizuna diruditen garrasiekin.

Inoiz ikusi dudan erditzerik maskulinoena da Lukas Dhontek erakusten diguna. Eta ez da hala gizonak besterik ez daudelako. Eszenak badu biolentzia bat, indartsu izan beharraren presioa islatzen duena. Hemen denok gara gizonak, gogorrak, maskulinoak, testosteronaz beteak eta beldurrik ez dugunak. Hemen ez dago negar egiteko tarterik, hemen bultza egiten dugu. Zinegile belgikarrak eszena horrekin aurkezten digu filmaren muina: ahultasunik erakutsi ezin duten gizonen mundu biolento bat, eta bertan deseroso dagoena.  

Lehen Mundu Gerran gaude. Pierre soldadu gaztea frontera iritsi berri da. Ez dagokio borrokatzea, baina bai hildakoen gorpuak lurperatzea, guda erdian zaurituta dauden soldaduak lekualdatzea, eta trintxeretako arantzadun alanbrea ondo jartzea. Pierre mutil isila da, baina ez du hitz egin behar lekuz kanpo dagoela ohartu gaitezen. Gainontzeko soldaduen broma matxista eta bortizkeria bizimodu duten gizonen artean ez dago eroso. Bizirauteko berea ez den gizontasun eredu bat antzezten hasiko da, taldearen parte bilakatzeko, baina gerrak dakarren biolentzia zama izaten hasiko da, eta ahultasunik erakusteko aukerarik ez izatea gehiegizkoa izango da harentzat. 

Lukas Dhontek ahultasunerako tokirik ez dagoen mundu batean ihesbide bat bilatzen duen gizonaren erretratua egin du, eta indarkeriaren zama primeran islatu du, bere protagonista guda baten ondorioekin lan egin behar duten gizon talde batean kokatuz: haiek ez dute inor hil behar, eta, hala ere, biolentziak egiten duten guztia zipriztintzen du. Bultza ez egitea erabakitzen duen gizona izango da ausartena han. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA