SAIL OFIZIALA
Zuzendaria: Alauda Ruiz de Azua. Aktoreak: Blanca Soroa, Patricia Lopez Arnaiz, Miguel Garces, Nagore Aranburu. Herrialdea:
Euskal Herria. Iraupena: 115 minutu.
Jesusen deia
Zer egingo zenuke zure alaba nerabeak moja sartu nahi duela esango balizu? Ez dezagun ahaztu, eliza katolikoa, ezer bainoago, sekta bat dela, sekta guztien kondizionanteekin, eta batez ere honekin: sartzen bazara, autonomia pertsonala eta askatasuna galduko dituzu. Adibidez handik nahi duzunean irteteko askatasuna, adibidez Jesus ez den beste inorekin maitemintzekoa, edota unibertsitatera joan eta lagunekin ostegun gauez parrandan irtetekoa.
Alaba nerabeak moja sartu nahiko lukeela esan du, eta Alauda Ruiz de Azuak egitate horretatik bi norabideetan joko du dena ulertzeko ahaleginean, bai atzera eta bai aurrera. Pauso bat atzera, jakiteko zein den alabak daukan zauria. Ama hil zitzaion, eta harekin bere soseguaren hanka bat amildu zen. Doluak balio izaten du sosegua berrezartzeko, galeraren zauria sendatzeko, baina ez beti. Literaturaren eta zinemaren historia halako istorioez josita dago, nola gizakia saiatzen den eta ez duen lortzen galera sendatzea. Ordezkaezina dena ordezkaezina delako, borondatearekin kontrako bidean arraun egin arren. Pauso bat atzera (laburra) egin ondoren, aurrera egiten du Ruiz de Azuak, halako erabaki baten ondorioen ertzak aztertzeko, modu hotz batez, epaiaren tentazioan erori gabe, kasik inpartzialki.
Kamera jarri, eta hitz egin dezatela pertsonaiek, bai aldekoek, eta bai kontrakoek. Hitz egin dezala Patricia Lopez Arnaizek, izeba Maiteren paperean, ateismoaren ikuspegitik; hitz egin dezala Miguel Garcesek, Iñaki aitaren paperean eta, batez ere, mintza dadila Blanca Soroa, alaba, Jesusen deia jaso duena, bihotza maitasunez hanpa-hanpa sentitzen duena, ia horditzeraino pozik dagoena horregatik, eta alde bateko zein besteko ahotsak entzuten dituena, dilema batean.
Elizaren aldea gorpuzteaz Nagore Aranburu arduratzen da, eta eliz-jendearen pasibo-agresibotasuna magistralki antzezten du nire ustez, haien elekeria zoroa, fanatikoa eta iruzurtia, haien izotzezko keinuak, xalotasun fortzatua, manera inkietanteak... Beldurrezko zinemako klixeetan erori gabe, kasik beldur ematera ailegatzen da, baina ojo, pasatu gabe. Hauxe baita filmaren ezaugarria: begirunea. Eta hauxe da, akaso, ideologikoki baten bati deserosotasuna sortu diona, elizaren instituzioarekiko errespetu handiegi horrek alegia. Cinco lobitos-ekin ikusi genuen nolako abilidadea daukan Ruiz de Azuak familiaren mekanismoak desmuntatzeko, eta gaitasun horren konfirmazioa laster heldu zen, Querer telesail gogoangarriarekin. Kalifikatiboak amaitzen zaizkit bere sentiberatasuna deskribatzeko. Ez harritu Urrezko Maskorra irabazten badu.