ZABALTEGI-TABAKALERA
Garai bitxiak
Didac familiarekin ari da bizikletaz bidaiatzen. Danubio ibaiaren ertzetik doaz, gaztea zela amak egindako ibilbide berari jarraituz. Ibaian freskatzen dira, eta kanpinetan egiten dute lo; amak eta aitak kanpin denda batean eta hiru anaiek beste batean, bi gazteek txikiena botatzen ez badute behintzat. Kilometroak aurrera egin ahala, Didacek mutil batekin egingo du topo ibaiaren ur sakonean. Mamua balitz bezala azalduko da, gutxien espero duen uneetan. Didac presentzia misteriotsu horrekin tematuko da, eta familiarengandik apurka-apurka aldentzera eramango du horrek.
Didac une arraro batean dago, hazten ari da, bere gorputza eta sexualitatea deskubritzen, eta familiarengandik oso gertu badago ere, independentzia beharra du, bere nortasuna eratzeko aukera. Une horretan azalduko da mutil misteriotsua bere bidean, ibai berezi horrek eskaintzen dion irtenbidea izango balitz bezala. Errealitatetik baino fantasiatik gehiago duela dirudien maitasun istorioa ekarriko dio mutikoak, berea soilik den istorioa, eta beldur eta desirei aurre egitera behartuko du.
Jaume Claret Muxart zinemagilearen lehen film luzea da Estrany riu, Veneziako jaialdiko Orizzonti sailean aurkeztu zuen, eta nerabezaroak dakarren une bitxi hori erretratatu nahi izan du. Poesiaz beteriko irudiak uzten dizkigu filmak, irudimenarekin eta errealitatearekin jokatzen dutenak, eta errealista edo naturalagoak diren uneei ipuin kutsua darien pasarteak kontrajartzen dizkie. Ederra da katalanak pantailaratu dituen familia dinamikak ikustea: oraindik ere haurrak direnen inozentzia, iragana nostalgiaz bizi duen amaren kontakizunak, aitaren pasioz beteriko azalpenei iseka egiten dieten uneak… Eta ederra da bere burua ezagutu nahian dinamika horiekin, unetxo batez bada ere, apurtu nahi duen gaztea ikustea. Haustura horiek bereziki eragingo diote Didacen anaiari, adinean gertuen duena izanik traizio eran bizituko baitu gaztearen hazteko nahi hori. Baina Claret Muxartek oso era samurrean erretratatuko du independentzia nahi hori eta horrek dakarren deserosotasuna, eta mimoz zainduko du bere protagonista, bere nortasuna topatzeko uneak eskainiz.