SAIL OFIZIALA
Kristalezko oihanean oinutsik
Euskal gatazka genero bat da bere horretan, genero singularra gainera, parekorik ez daukana munduan. Ezaugarrietako bat da euskal ekintzaileak AEBetako zinemako terroristen oso antzekoak direla. Zinemaren miraria da: zerikusirik ez daukaten subjektuak parekatu ditzake. Die hard (La jungla de cristal bezala ezagutu genuena) mitikoan John McLaneren kontra borrokatzen ziren terrorista errusiarrak eta etakideak, pertsonaia identikoak dira akting-aren ikuspegitik: hieratikoak, suminduak, sentimendu edo emoziorik gabeak, edukazio gutxikoak, eta askotan zatarrak.
AEBetako zinemak pelaje guztietako terroristak erabili ditu unean uneko heroiak bere abilidade belikoak praktikan jar ditzan, eta denak, banaka, suntsitu ditzan. Zeren eta bai, terroristak gupidagabeak dira, baina heroiak, ia beti polizia batek, garaitu egiten ditu, John McLanek bezala oinutsik, bakarrik, oztopo asko gaindituz, arma txikiagoak baina irudimen handiagoa erabiliz, eta gainera umorea galdu gabe. Hauxe baita heroiaren eta terroristen arteko alde nagusietako bat; heroiak barre egiten duela... humanoa delako! Halako zumitzak ditu Un fantasma en la batalla filmak.
Zaila da filmaren derrapeak aletzea, ugariak baitira. Zinez groteskoa da etakideetako bat (Raul Arevalo) Amaia poliziaren (Susana Abaitua) etxera sartzen deneko eszena, dena baitago kondentsatuta bertan: terroristak ez daki agurtzen, ez dakizki kortesiazko arau basikoak (piztia bat da), nahiago luke zuzenean zaunka egin, eta gainera matxista da. Mahaian eseri orduko, polizia infiltratuari esaten dio gaizki kozinatzen duela. Horiek dira zumitzak, eta horrekin dago eraikia lore zimelez betetako otar hau. Dena da desmadre bat: Iraia Eliasek jokatzen duen papera, esate baterako, ikastolako zuzendaritza eta etakidetasuna uztartzen dituena, emozio sintomarik erakutsi gabe, ez bada haserrea, eta kartzelan daukan senarra suizidatzen zaionean ere, ezgauza dena malkorik isurtzeko: nola, ba?, ez dauka sentimendurik! Dena, den-dena da meme bat, txiste txar bat, historia hain latza eta grabea ez balitz, barregurea eragingo ligukeena.