PERLAK
Zuzendaria: Pawel Pawlikowski. Gidoia: Pawel Pawlikowski, Henk Handloegten. Antzezleak: Sandra Huller, Hanns Zischler, August Diehl, Devid Striesow, Anna Madeley. Iraupena: 82 min. Herrialdea: Polonia - Alemania - Italia - Frantzia.
Aberria, etxea eta etxekoak
1949. urtea da Alemanian. Thomas Mann idazle alemaniarrak hamasei urte daramatza erbestean, nazien mehatxuak zirela-eta AEBetara joan zenetik. Bere alaba Erikarekin itzuliko da, Goethe saria jaso eta bi hitzaldi ematera: bata Frankfurten (mendebaldeko Alemanian), eta bestea Weimarren (ekialdeko Alemanian). Alabak gidatzen duen kotxearekin zeharkatuko dute garai batean etxea zuten herrialdea, eta festa, harrera eta afarietan jada etxe sentitzen ez duten gerraosteko Alemaniaren aurpegi ezberdinen lekuko izango dira. Bidaian lagundu behar zituen eta azaldu ez den seme eta anaia Klausen presentzia eszena guztietan senti daiteke, geruza historikoari gatazka intimo eta familiarra gehituz.Â
80 minututan, eta Pawel Pawlikowski zinemagilearen lanetan berria ez zaigun soiltasunez, Fatherland-ek erretratu borobil bat (edo hainbat) egiteko gaitasuna du: gerraren ondorioekin bizi den gizarte hautsi baten erretratua, mundu mailako aitortza lortu duen idazle baten erretratua, etxerik gabe gelditu den gizon batena, guztiz apurtuta dagoen familia batena. Itxuraz astiro mugitzen den kontakizuna lauzpabost ekitaldiren inguruan eraikitzen doa, harri bat bestearen gainean jarriz, eta, ohartzerako, filmaren amaiera zalantzagabea iritsi eta orduak, egunak, urteak iraun dituen istorio baten zama dugu soinean.Â
Zuri-beltzean grabatua, historiaren pisua daramate zinemagile poloniarraren irudiek, baita izan zitekeenaren malenkonia ere. Formatu karratuak itolarria gehitzen dio kontakizunari, eta ederrak izanagatik ere astunak diren enkoadraketek ez dute ihes egiteko aukerarik ematen. Gerrak banandutako mundu bat erakusten digu Pawlikowskik, zuria ala beltza aukeratu beharrean dagoen mundu bat. Eta pantailan bananduta dagoen familia bat: iraganari aurre egiteko bi era dituzten aita eta alaba. Izenburuak iradokitzen duen aitarena den herrialde hori zeharkatu beharko du Erikak; itxuraz Nobel saria jasotako idazle handia bada ere, nekatuta, atsekabetuta eta etsita dagoen gizona den aitarena. Eta filmak eskaintzen dituen diskurtso, kantu eta deklarazio handietatik haratago, isiltasun eta elipsietan eraikitzen du kontakizuna Pawlikowskik, Sandra Huller eta Hanns Zischler aktoreen ezinbesteko lanaren laguntzaz.