Donostiako 73. Zinemaldia

'Franz'

'Franz' filmeko fotograma bat.
'Franz' filmeko fotograma bat.
lander garro
2025eko irailaren 22a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

sail ofiziala

Zuzendaria. Agnieszka Holland. Aktoreak: Idan Weiss, Peter Kurth, Jenovefa BokovĂ¡, Ivan Trojan, Sandra Korzeniak. Herrialdea: Txekiako Errepublika - Alemania - Polonia. Iraupena: 127 minutu.

Kafka kafkianoa

Idazleetan kafkianoena Kafka da... idatzi hau paradoxa tentel batekin hasten uzten badidazue. Baina ez dut kasualitatez esaten. Baizik eta Kafkaren izena adjektibo bilakatu den izen bakanetakoa delako literaturan. Pentsa ze traza utzi zuten bere testuek, orain haren abizena baitarabilgu gertakari bat bereziki aldrebesa izendatzeko. Badira beste batzuk: orwelianoa, esate baterako, Orwellen abizenetik eratorria, boterekeria azaltzeko; edota joycianoa, testuak barrurantz oso modu sakonean begiratzen duenean. Kasu honetan, Agnieszka Hollandek proposatzen duenak badu zertxobait Joycetik, filma, literalki, idazlearen garunetik idatzia dagoela baitirudi; baina Kafkatik du batez ere, egitura oso aldrebesa daukalako.

Istorio fragmentatua da, hari narratiborik gabea, irudiz betea, non denbora ere puzzle hautsi bat den. Oso-oso ederrak dira gaurko egunetik iraganera egiten dituen saltoak, hain zuzen ere, Kafkaren figuraren gaurko erabilera turistikoa azaltzeko. Adibidez, Pragan jaten omen den Kafka Burgerra... oso kafkianoa, ezta? Kafka eta aita, horra hor filmaren ardatza dei dezakeguna.

Aita autoritarioa, zoroa, txepela, ezjakina, haserrekoia, matxinoa. Komikoa ere bai, nahi bada. Eta haren semea, aitaren eraginez emozionalki ukitua, iheskorra, zaurgarria, arraroa. Semeak idazle izan nahi du —idazlea da eguneko 24 orduz, hala bizi baita bere buruan—, baina aitaren negozioak jartzen zaizkio parean. Bi munduak uztartu behar ditu. Nork kontatzen dizkigu kontu hauek guztiak: ba denek, aizu. Filmak, bere estruktura eroan, narratzaileak jartzen baititu gutxien espero duzun lekuetan; esate baterako, dentistaren kontsultan, edo arrebaren abeletxean.

Pertsonaiak filmean bizi dira —noski—, baina filmetik atera daitezke, lehen aipatutako salto tenporaletan, adibidez, edota kamerari so eginez hitz egiten digutenean. Lehenago ere egina zeukan pertsonaia ospetsuren baten biografia Hollandek. Copying Beethoven gogoratzen dut. Ondo zegoen. Hau ere ongi dago, kasik oso ongi. Zinema eskolan jarri daiteke, irudimen filmografikoa zer den esplikatzeko. Baina esango nuke Zinemaldiko publikoa hotz samar utzi duela, kontakizuna bera bezain fragmentatuta, despistatuta, galduta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.