Donostiako 74. Zinemaldia

'Garrat du váimmu / Brace Your Heart'

'Garrat du váimmu / Brace Your Heart' filmeko fotograma bat. ZINEMALDIA
'Garrat du váimmu / Brace Your Heart' filmeko fotograma bat. ZINEMALDIA
lander garro
2026ko irailaren 20a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

sail ofiziala

Izotza bezain gogorra

Logikoa eta beharrezkoa da Hollywoodeko zinemaren hunkitze-makinaren aurrean beste polo bat sortu izana, kontrakoa errotik, erradikalki urrunekoa. Europa ekialdeak bete izan du leku hori, kasik Gerra Hotzaren beste alderdi bat balitz bezala. Gudaroste batek (kapitalistak) malko merkeak eragiten ditu, kontrakoak (komunistak) goi asmoak ditu, ez dizu sentitzeko betarik ematen. Tranpa vs Egia. Artifizioa vs Narrazio gordina. Horrela, modu eskematiko eta sinplista horrekin azaldu dezakegu zinemaren azken mendearen istorioa. Bi bide bateraezinak. Spielberg, Tarkovskiren kontra. Beno, ba Amanda Kernellen hau, bloke sobietarraren ordezkari gisa jo dezakegu, guztiz.

Nekazal giro hotz eta elurtu batean kokatuta, aita galdu duen neska umezurtz baten istorioa kontatu digu. Suomierazko hitzez mintzo dira pertsonaiak, eta istorio gogor bat azalduko zaigu: gizonen artean onartua izateko emakumearen borroka. Lan tradizionalak XXI. mendean. Ideia interesgarriak, ezezagunak, estimulanteak. Baina elkarrizketa gutxi dauka filmak eta musikarik ez da ageri 80. minuturaino. Eszenak elkarren artean pilatzen dira, eta tramak nekez egiten du aurrera, elurra lurrean pilatu eta izozten denean bezala, gogor, zulagaitz.

Zuzendariak ikuslea ez hunkitzeko erabakia hartu du, eta erabakia politikoa da. Zilegia. Baina eskertuko genuke gozoren bat bidean, sikiera ez lokartzeko. Bizirik segitzen dugula ez ahazteko. Nekez, baina.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA