'MINOTAUR'
Zuzendaria: Andrei Zviagintsev. Gidoia: Simon Liaxenko, Andrei Zviagintsev. Argazkia: Mikhail Krichman. Iraupena: 141 minutu. Herrialdea: Frantzia - Alemania - Letonia.
Laku bat, edo laku bat dirudiena; urak lasai beharko luke, baina hemen azkar mugitzen da. Haizeak zuhaitz baten hostoak mugitzen ditu, baita ur ertzeko landareak ere. Zerbait ondo ez doala pentsa genezake, eta Andrey Zviagintsev zinegile errusiarrak ezinegona areagotzen duen musika jarriko die irudiei. Minotaur filmaren lehen irudiak dira, eta aretoko besaulkian oraindik ere ondo esertzeko aukerarik izan gabe, tentsioan jarri gaitu errusiarrak: adi, zerbait gaizki dabil. Lasaitu ez gaitezen, gainera, behin eta berriro errepikatuko digu ezkutatzea bilatzen ez duten oso ageriko erremintak: txakurrak zaunka; zerbait gaizki dabil. Leihoaren kolore gorrixkak aurpegian islatzen duen argia; zerbait gaizki dabil. Etengabe entzuten den autoko alarma; zerbait gaizki dabil.
Eta zerbait gaizki dabil, noski. Etxe berean bizi dira Gleb enpresari errusiarra eta emaztea, baina elkarri jada ez diote hitz egiten, eta baliteke hori izatea gaizki dabilena. Edo baliteke Ukrainako gerrak gizonaren enpresan duen eragina izatea, edo nola 14 langileren izen-abizenak eman behar dituen gerrarako errekrutatu ditzaten. Semeari iseka egiten dion mutikoa beldurtzeko gure protagonistak ematen dizkion aholkuak ere ez daude ondo, eta senar-emazteen lagunak gaizki daude oso: gerraren molestiak saihesteko Thailandiara denboralditxo batez joango den gizona, edo aurpegia hobetu duen zirujauaren kontaktua partekatzen duen emakumea.
Gauza asko daude gaizki, eta zuzendaria apurka-apurka eraikiko du erakutsi nahi digun hori: filmaren funtsa, zergatia, azken mezua. Gauza asko daude gaizki, bai, eta? Biolentzia, ustelkeria, gizarte patriarkala eta gerraren konplize diren horiek pantailaratzen ditu zinegile errusiarrak, eta egiten duen kritika argia da, baina horren da hotza, horren urrunekoa, horren zaila enpatiarako, bidean galdu nauela. Amaierako kredituak iritsi direnean zalantza sortu zait; izan ere, borobiltzen den mezu, istorio, kritika batek beti sortzen du nolabaiteko asetze bat, «A! Hauxe kontatu nahi zigun» momentu bat, baina bi ordu pasatxo irauten du kontakizunak, eta nik helduleku bat behar nuen. Tentsio hutsa ez da nahikoa izan.