Donostiako 74. Zinemaldia

'Glaxo'

'Glaxo' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Glaxo' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
2026ko irailaren 20a
21:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Glaxo'

Zuzendaria: Benjamin Naishtat. Gidoia: Benjamin Naishtat. Antzezleak: Lali Esposito, Marcelo Subiotto, Esteban Bigliardi, Esteban Lamothe, Manu Fanego, Alan Sabbagh. Iraupena: 106 min. Herrialdea: Brasil - Argentina.

Zinema arketipikoa

Genero ugari ukitzen ditu Benjamin Naisthat argentinarraren Glaxo honek: trhillerra, kronika politikoa, zinema poliziakoa eta zinema pasionala. Azken honen azpi-genero bat aipatu beharko genuke: gizon gaztetxoen eta emakume helduagoen arteko harreman intimo eta morbosoak, Dustin Hoffmanek The graduate (Mike Nichols, 1967) hartan jokatu zuena bezalakoa. Gogora etorri zait baita ere Le mari de la coiffuse (Patrice Leconte, 1990), non emakume heldu batekiko desira agertzen zuen gazte batek, eta gainera ile-apaindegi batean, Glaxon-en ere agertzen dena.

Filmak hiru hiru ardatz nagusi ditu: Argentinako betiereko gatazka armatuaren krudeltasuna, adiskidetasuna (eta traizioa), eta desira. Hiruak lotzen eta deslotzen diren lekuan gertatzen da trama, Hernan Ronsino idazlearen nobelan oinarritutakoa. Lau lagun dira filmaren protagonistak, eta haien bizitza hankaz gora ipintzera datorren bikotea: polizia eta emazte ederra. Pittin bat anakronikoa eta irritantea da emazte eder bekatariaren arketipoa, zinemak mila bider jaso duena, esaterako Gilda mitikoan (Charles Vidor, 1946), baina bueno, seguruen zinemak ez dio sekula istorio hau kontatzeari utziko.

Interesgarriak dira filmak proposatzen dituen beste pertsonaiak, nahiz gehienetan ez duen partikularki sakontzen. Bereziki deigarria da komisario ankerraren rola, hau ere arketipikoa baina efektiboa, Marcelo Subiotto aktoreak jokatzen duena. Eszena ikusgarriak eskaintzen zaizkigu hari esker, hain entretenigarria ez den film bat arintzera eta sendotzera datozenak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA